euskaraespañol

Amerikar amets bat

Eusko Jaurlaritzak 1937-1979 epean gauzatutako jarduera eta Estatu Batuetako Gobernuarengan eragiteko egin zuen saiakera aztertzen ditu liburuak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/10

Irudia

Bere doktorego tesiaren haritik, David Mota Zurdok ‘Un sueño americano. El Gobierno Vasco en el exilio y Estados Unidos (1937-1979)' izeneko liburua argitaratu berri du. Bertan, Eusko Jaurlaritzak 1937 eta 1979 bitartean Estatu Batuetan gauzatu zuen kanpo jarduera aztertzen du. Lanak, IVAPek argitaratua Historia bere sailaren baitan, Jesús María Leizaola saria jaso zuen 2015ean.

Eusko Jaurlaritzak 1937 eta 1979 bitartean gauzatu zuen jardueraren ezaugarri nagusia Estatu Batuetako Gobernuarekin lehentasunezko harremana lortzea xede zuen estrategia atlantista izan zen. Helburua euskal autogobernua berreskuratzea zen, lege demokratikoa Espainian berrezarri eta gero. David Mota historialariaren lan honek aipatu estrategia diseinatzeko prozesua -bere kronologia fase ezberdinak eta bilakaera barne- berreskuratu eta aztertzen du, Eusko Jaurlaritzaren kanpo politikaren eragile eta erreminta ezberdinei erreparatuz. Hori guztia, Estatu Batuen eta Francoren Espainiaren aldebiko harremanen baitan eta II. Mundu Gerraren eta Gerra Hotzaren ondoriozko nazioarteko testuinguru aldakorraren baitan. Aipatu estrategia atlantista aztertzerakoan, harreman bitxi bezain asimetriko hori irudikatu zuten erakundeez gain, aipatu harremana posible egin zuten pertsonak aztertu ditu ere.

Horretarako, bi analisi maila ezarri ditu Motak: maila ofiziala batetik, Estatu Idazkaritzarekin eta Amerikar Estatu Batuetako beste erakundeekin izandako erakunde politikei dagokiena; eta pertsonen arteko harreman estraofizialen -lobbying izaerakoak- maila bestetik, herrialde hartako politika eta gizarte eremuetan ospetsu ziren pertsonekin gauzatutakoa.

Lanean ikus daitekeenez Gerra Zibilaren epe zail horren atzetik, non euskal delegatuek Francoren aurkako kausaren aldekoak aurkitzeko zundaketak egin zituzten, II. Mundu Gerrako itxaropena etorri zen: Franco gerran sartzea, aliatuek erasoa jotzea eta bere erregimenarekin bukatzea baitzen euskaldunon esperantza. Gogo-aldarte baikor hori etsipen bihurtu zen astiro-astiro: hasteko, NBEn jarritako itxaropenak galdu zituztelako eta, bigarrenik, Estatu Batuek Francoren jarraipenaren alde egin zutela ikusita. Baina Galíndezen desagerpenak (1956), Aguirre lehendakariaren heriotzak (1960) eta bere ondoreko Leizaolak (1960-1979) ezarri zuen politika berriak areagotutako desilusio hori atzean utzi eta garai berrietara egokitu ziren. Testuinguru berri horretan, euskal agintariek bestelako estrategia bat abiarazi zuten Estatu Batuetan: Estatu Idazkaritzaz eta Gobernuaz ahaztu eta Francoren aurkako kausaren aldeko biltzarkide, sindikalista eta kazetari estatubatuarretan jarri zuten arreta.

Hortik aurrera, xedea ezberdina izan zen: Estatu Batuetako Gobernuari presio egitea honek, bere aldetik, Espainian sistema demokratikoa berrezartzea ahalbidetuko zituzten neurri liberalizatzaileak ezar zitzan, baldintza gisa, Espainiako Gobernuarekin sinaturiko akordioetan. Halere, 1970eko hamarkadako erdialdera arte ez zen aldaketa positiborik igarri. Aldaketa hori, gainera, 1975eko azaroko Francoren heriotzaren ondorio izan zen hein handi batean.

Informazio osagarria

David Mota Zurdo (Barakaldo, 1985) UPV/EHUko nazioarteko doktore da, Historia Garaikidean; bere tesiak euskal abertzaletasuna eta nazioarteko harremanak aztertu zituen. Ikerlari gonbidatua Georgetown Unibertsitateko BMW Center for German and European Studies zentroan (2012ko ekaina-urria), Sancho el Sabio Fundazioaren XVI. Unibertsitate Mailako Ikerketa Lehiaketa irabazi zuen. Halaber, Jesús María Leizaola saria (2015) eta Errenteriako Udalak eskaintzen duen euskal kultura ikertzeko Koldo Mitxelena beka (2016) irabazi ditu. Artikulu (The Magazine of the Peoples, Ecléctica, etab.), komunikazio eta kongresu txosten ezberdinen egile, bere ikerketa ildo nagusiak dira Historia Politiko berria eta Nazioarteko Harremanak eta Abertzaletasunak. ‘Euskal Nazionalismoa Ikuspegi Konparatuaren Arabera Ikerketa Taldeko' kide da.

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU.