euskaraespañol

Hiltzeko arriskua handiagoa da egoera sozial eta ekonomiko okerreneko EAEko tokietan

UPV/EHUko doktore-tesi batean ondorioztatu dute alde handiak daudela hiltzeko arriskuan, bizitokiaren arabera

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/18

Irudia

Imanol Montoyak UPV/EHUn eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin lankidetzan egindako ikerketak lehenbiziko aldiz kuantifikatu du EAEn desberdintasun sozioekonomikoek zer eragin duten heriotza-tasa orokorrean eta heriotza-kausa nagusietan. Ikerketak ondorioztatu du, gizonezkoen kasuan, batez beste egunero bi heriotza egotz dakizkiekeela bizitokiarekin lotutako osasun-arloko desberdintasun sozialei.

‘Evolución de las desigualdades socioeconómicas en la mortalidad en áreas pequeñas de la Comunidad Autónoma del País Vasco' da Imanol Montoyak UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ekonomia Aplikatua III (Ekonometria eta Estatistika) sailean egin duen tesiaren izenburua (EAEko eremu txikietako heriotza-tasan desberdintasun sozioekonomikoek duten bilakaera). Montoyaren iritziz, "oso garrantzitsua da osasun-adierazleen banaketa geografikoa aztertzea, osasunaren arloan dauden desberdintasunak murrizteko politika publiko egokiak garatu ahal izateko".

Horretarako, heriotza-tasaren eta gabezia sozioekonomikoen arteko lotura aztertu du, bizitokiaren arabera, bi denbora-tartetan (1996-2001 eta 2002-2007), bai gizonezkoentzat bai emakumezkoentzat, EAEko 1.645 errolda-ataletan. Heriotza-tasa orokorra eta heriotza-kausa nagusiak aztertu dira. Eremu geografiko bakoitzaren maila sozioekonomikoa karakteritzatzeko, bost adierazle sozioekonomiko hauek kontuan hartzen dituen indize bat erabili da: esku-langileen ehunekoa, langabezia-tasa, aldi bateko langile soldatapekoak, heziketa urria eta gazteen heziketa urria. Heriotza-tasaren eta gabezia sozioekonomikoaren arteko lotura zenbatesteko, metodo estatistiko konplexuak erabili dira, hala nola metodologia bayestarra erabiliz ondoz ondoko eremu geografikoen korrelazioa kontuan hartzen duten eredu espazialak.

Lan honen ondorio nagusia da "badirela desberdintasun sozioekonomiko oso nabarmenak heriotza-tasa orokorrean eta heriotza-kausa nagusietako batzuetan, EAEko errolda-atal batzuetatik besteetara, 1996-2001 eta 2002-2007 bitarteetan —azaldu du Montoyak—, eta, gainera, emaitza horiek nabariagoak direla gizonezkoentzat emakumezkoentzat baino. Egoera sozioekonomiko okerreneko tokietan hiltzeko arriskua handiagoa da, argi eta garbi, egoera sozioekonomiko hobea duten tokietan baino. Ikertzaileak azaldu duenez, badira zenbait hipotesi azaltzen dutenak zer dela-eta ez diren hain agerikoak emakumezkoen emaitzak. Hipotesi horietako batek arreta jartzen dio errolda-atalak karakterizatzeko adierazlea lortzeko moduari: ikertzaileak onartzen du litekeena dela indizea zenbatesteko erabili diren adierazle sozioekonomikoak (esku-langileen ehunekoa, aldi bateko langile soldatapekoak, langabezia-tasa...) emakumezkoen kasuaren benetako adierazgarri ez izatea.

Lan honen beste ekarpenetako bat da "lehenbiziko aldiz kuantifikatu dela EAEn zer eragin duten desberdintasun horiek heriotza-tasa orokorrean eta heriotza-kausa nagusietan", adierazi du. Ikertzaileak ematen dituen datuen arabera, gizonezkoen kasuan agerian geratu da desberdintasunei egotz dakizkiekeen heriotza-kopuru osoa garrantzitsua dela: 5.278 heriotza 1996-2001 bitartean eta 4.475 heriotza 2002-2007 bitartean; "zenbateko horiek gizonezkoen heriotza guztien % 10 dira ia-ia", azaldu du Montoyak. Horrek esan nahi du, ikertzailearen arabera, EAEko gizonezkoen kasuan, batez beste egunero bi heriotza egotz dakizkiekeela bizitokiarekin lotutako osasun-arloko desberdintasun sozialei.

Gizonezkoetan, "heriotza-kausa nagusiak aztertu ditugunean, ikusi dugu badela hiltzeko arrisku handiagoa egoera sozial eta ekonomiko okerreneko EAEko tokietan, ia aztertutako kausa guztietan", adierazi du egileak. Ikerketan emandako datuen arabera, zirrosiak eta arnasbideetako eta digestio-hodiko minbiziak eragindako heriotzen % 25 bizitokiaren araberako desberdintasun sozioekonomikoei egotz dakieke; bestalde, heriotzen % 10-20 bitartean egotz dakieke bizitokiaren araberako desberdintasun sozioekonomikoei, beste kausa hauetan: suizidioa, kanpo-kausak, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, birika-minbizia, urdail-minbizia eta tumore gaiztoak.

Krisi ekonomikoaren aurretik egindako azterketa

Azterketa bi denbora-tartetan egin da, eta ikusi da emaitzak ez direla denborarekin aldatzen: "bai denbora-tarte batean bai bestean, emaitzak baliokideak dira ia", ondorioztatu du Montoyak. Hala ere, nabarmentzen du 2008az geroztik EAEk krisi ekonomiko handia bizi duela, eta lan horrek 2007ra arteko heriotza-tasa baino ez duela aztertzen; beraz, "etorkizunean, lan honetako emaitzak baliagarri izan daitezke krisiak EAEko desberdintasun sozioekonomikoaren araberako heriotza-tasan izan dezakeen eragina aztertzeko", azaldu du ikertzaileak.

Montoyaren iritziz, "lan honek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak garatutako beste lan batzuek agerian utzi dute EAEn badirela alde handiak hiltzeko arriskuan, banakoa non bizi den. Beraz, nahitaezkoa da bide beretik monitorizatzen eta ikertzen jarraitzea". Azkenik, erantsi du nahitaezkoa dela "EAEko desberdintasun sozial horiek murriztuko dituzten politikak indartzea".

Informazio osagarria

Imanol Montoya Arroniz (Gasteiz, 1977) Ekonomian lizentziaduna da (Estatistika eta Ekonometria), UPV/EHUn, eta Estatistikan masterra (London School of Economics). Petr Mariel Chladkovaren zuzendaritzapean egin du doktore-tesia, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Ikaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuarekin lankidetzan.

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU. (Portada: Laiotz / Dollar Photo)