euskaraespañol

«Nabaritzen duzu ekarpena egin duzula ikuspuntu sozialetik»

Marta Pastor, Ismael Loinaz, Itziar Angulo, Jon Maiz eta Virginia López de Maturana doktoregoko sari bereziaren irabazleekin hizketa

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/20

Irudia
Doktoregoko sari bereziak jasoko dituzten saridunetako bost

UPV/EHUko 410 doktore berriak izendatzeko eta doktoregoko 40 sari bereziak banatzeko ekitaldia hastear dela, saridunetako bost elkartu ditugu, doktoreek ezagutzaren gizarteak garatzeko duten garrantziari buruz hausnartu nahian.

Marta Pastorrek, Ismael Loinazek, Itziar Angulok, Jon Maizek eta Virginia López de Maturanak azaldu digute zer dela-eta hasi ziren doktoregoa ikasten eta zer uste duten beren ikasketek gizartean duten aitorpenaz. Hona hemen bost saridunei eginiko galderak: 

Marta Pastor

Praxis Pharmaceutica enpresako ikertzailea. Osasun Zientzien arloko sari berezia, "Gastro-resistant microparticles as an oral cholera vaccine approach" tesiagatik.

Zergatik ikasi doktoregoa?
Alor batean espezializatzeko bidea ematen dizulako. Osasun zientzien kasuan, laborategira sartzeko aukera ematen dizu, eta hori oso lan polita da. Ikastaldi bat hasten duzu, eta, zorte pixka batekin, ez da amaituko tesia irakurtzen duzunean; aitzitik, lanbide karrera osoan ariko zara ikasten.

«Ikastaldi bat hasten duzu, eta, zorte pixka batekin, ez da amaituko tesia irakurtzen duzunean; aitzitik, lanbide karrera osoan ariko zara ikasten»

Alemanian eta Europa erdialdeko hainbat herrialdetan besteak beste, doktore tituluak balio handia du gizartean. Zure ustez, hemengo gizartean ere badu garrantzi hori?
Ez. Nik uste hemen ez dela sozialki baloratzen. Nire iritziz, jendeak gehiago ikusten du erabaki pertsonal bat balitz bezala, ez dakielako zenbateko ahalegina eskatzen duen.

Nola eragin dizu doktorego tesia egiteak?
Niri arazoak ebazteko gaitasuna eman dit. Nire kasuan, gainera, pertsona askok lan egiten dugu espazio ez hain handi batean, eta horrek modu antolatuan eta garbi jardutera bultzatzen zaitu. Horrez gain, lan giro atseginari eusten eta lankide ona izaten ere ikasi dut. Nik behin lankide batek esan zidan esaldi honexekin laburtuko nuke: "Doktoregoak nork bere arazoak konpontzen irakasten dizu".

Virginia López de Maturana

UPV/EHUko Letren Fakultateko irakaslea eta ikertzailea. Arteen eta Giza Zientzien arloko sari berezia, "Vitoria: poder local y política simbólica durante el franquismo (1936-1975)" tesiagatik.

Zergatik ikasi doktoregoa?
Gai bat izugarri gustatzen zaizunean, gehiago sakondu nahi duzu horretan. Nik Historia ikasketak egin nituen, eta gehiago ikasten jarraitu nahi izan nuen. Tesia eginez, karrerako eskola magistraletan azaltzen diren ezagutza teorikoak zeureganatzen dituzu; horrez gain, baina, historialarion kasuan, ikertzeko asko ibili behar duzu artxiboetan, eta, beraz, lehen eskutik aztertu behar dituzu iturri historikoak.

Aitorpena dela eta…
Badut Alemaniako kasuaren berri eta, bai, doktorego tituluak balio handia du hango gizartean. Hemen, ordea, ez da berdin gertatzen: jendeak, oro har, ez daki oso ondo zer den "doktoregoa delako hori". Doktorea zarela esan, eta askok Medikuntzarekin lotzen zaituzte.

Nola eragin dizu doktorego tesiak?
Doktorego tesiak ahalegin handia eskatzen dizu, bizitzako hainbat urte eman behar baitituzu horretan. Halere, ikerkuntzaren bidez ikasteko prozesu hori oso gogobetegarria da. Gainera, Giza Zientzien kasuan, hainbeste urtetako lan horixe liburu bihurtu eta gizartera heltzen dela, eztabaida sortzen duela ikustea (are gehiago nire kasuan, duela gutxiko garai batean ikasi nuelako, frankismoan alegia…)…

«Gaur egun, gure gizartean ezin da aurrera egin "ezagutzarako grina" bizia izan gabe»

Azken batean, nabaritzen duzu ekarpena egin duzula ikuspuntu sozial batetik. Lanari dagokionez, tesia amaitu ondoren unibertsitateko ikerkuntzan eta irakaskuntzan jarraitu ahal izan dut.

Jon Maiz

Bordeleko Laboratoire de Chimie des Polymeres Organiques laborategiko ikertzailea. Zientzia Esperimentalen arloko sari berezia, "Fabrication of polymer nanostructures by ¿template synthesis ¿and polymer properties under confinement" tesiagatik.

Zergatik ikasi doktoregoa?
Jakin-mina eta gai bat sakondu eta ikasteko gogoa faktore garrantzitsuak dira ikertzen hasi eta doktorego tesi bat egiteko. Gaur egun, gure gizartean ezin da aurrera egin "ezagutzarako grina" bizia izan gabe. Eta, nahiz eta bide hori oztopoz beteta egoten den sarri, azken emaitza guztiz atsegingarria da, bai norberarentzat, bai ingurukoentzat.

Aitorpena dela eta…
Nik uste hemen ez dela beste leku batzuetan bezainbeste baloratzen, gure gizarteak ez dakielako zer den doktoregoa egitea. Gainera, doktoregoa amaitzean, ez dizute irtenbiderik edo laguntzarik ematen ikerketarekin jarraitu eta prestakuntzan egin duzun inbertsioa errentagarri bihurtzeko. Hortaz, ikerketako karrerarekin segitu nahi baduzu, kanpora joan eta bizimodua atera beste erremediorik ez duzu.

Nola eragin dizu doktorego tesiak?
Doktorego tesiak, hasteko, gustuko duzun horretan lan egiteko modua ematen dizu, eta hori ez da erraza gaur egun. Egunero-egunero ikasten duzu zerbait berria, eta beti topatzen duzu zerbait (datu berriak, esperimentu berriak) lanera motibatuta joanarazten zaituena, ez dakizulako zer gertatuko ote den sistema berri horrekin. Bestalde, nazioarteko ikertaldeekin lan egiteko aukera ematen dizu, eta beste esparru batzuetako lankideekin ezagutza partekatzekoa. Nik neuk egonaldi laburrak egin ditut doktoregoan, hala Estatu Batuetan nola Alemanian, eta ikusi eta ikasi ahal izan dut nola lan egiten den mugaz bestaldean. Azkenik, estatuko zein nazioarteko biltzarretan parte hartzeko aukera ere baduzu, eta, horri esker, zure arloko "onenekin" jardun eta haien ikerketatik ikasi ahal duzu.

Ismael Loinaz

Bartzelonako Unibertsitateko Psikologia Klinikoko eta Psikobiologiako irakaslea eta ikertzailea. Osasun Zientzien arloko sari berezia, "Tipologías de hombres violentos con la pareja en prisión: evaluación, clasificación e implicaciones para el tratamiento" tesiagatik.

Zergatik ikasi doktoregoa?
Nire ustez, benetako bokazioa duenari barru-barrutik atera behar zaio galdera horren erantzuna. Ikertzea, irtenbideak bilatzea, erantzunak lortzea… Gehiago da bizimodu bat edo nortasun kontua, lanbide bat bilatzeko prozesua baino, nik uste.

«Nik gomendio hauxe egingo nioke doktoregoa atera nahi duenari: benetan interesatzen zaiolako edo alor jakin hori gustuko duelako egin dezala»

Diziplina gehienetan, doktoregoarekin loturiko lanbidea irakaskuntza da, eta horixe da, seguru asko, ikertzaile bat gutxien motibatzen duen alorra. Gainera, doktoregoan ez duzu irakasle izaten ikasten, eta askotan, zoritxarrez, gure esparrukoak ez diren gaiak irakastea tokatzen zaigu.

Horrenbestez, doktoregoa gehiago da jakin-mina asetzeko eta maila akademiko horretatik erantzunak eman ahal izateko bitarteko bat. Garrantzizko kontu horietatik aparte, jende batek doktore titulua lortu nahi du besterik gabe; beste batzuek laneko postua hobetu nahi dute, eta beste zenbaitek, berriz, B plan bat izan nahi dute eta, ez dutenez A planik, esparru akademikora jotzen dute. Arrazoi mordoa dago, beraz. Ordea, helburuen eta baliabideen arteko lotura oso eskasa da. Nik gomendio hauxe egingo nioke doktoregoa atera nahi duenari: benetan interesatzen zaiolako edo alor jakin hori gustuko duelako egin dezala. Doktoregoa helburu instrumental batekin egitea (trukean zerbait lortuko duzula pentsatuz) aukera txarra da nire iritziz. Titulua hastapena baino ez da, eta tituluak ez zaitu ikertzaile on egiten.

Aitorpena dela eta…
Nire ustez, doktoregoak gaur ez du orain hamarkada batzuk gizartean zuen aitorpena, orduan gutxi batzuek baino ez baitzuten lortzen maila akademiko hori, eta ez du jasotzen nahiko genukeen aitorpen profesionala ere (are, ez dago lanik hainbeste doktorerentzat, eta ez da funtsik jartzen doktoregoa amaitzean aurrera jarraitu ahal izateko). Egia da, dena dela, karrera luze hau ez dela egin behar aitorpena lortzeko bakarrik, horretarako badaudelako askoz ere pragmatikoagoak diren titulazioak eta lanbideak. Espainian, jende gehienaren ustez, doktore izatea mediku izatea da; horregatik, gure doktoregoa, ikerkuntzakoa, ikastunen kontua balitz bezala ikusten da, ez da batere deigarria, eta jendeak ez du oso ondo ulertzen zertan jarduten dugun. Bestalde, doktoregoa karrera akademikoko lehen maila besterik ez da: doktoregoa bukatzean, jabetzen zara hasi baino ez zarela egin eta bideari orain ekin behar diozula.

Esan behar da, ordea, guk geuk ere ez dugula behar beste aitortzen geure lana, esparruaren masifikazioagatik neurri batean. Latinoamerikako herrialde batzuetan askoz atipikoagoa da doktore izatea, baina aitorpena askoz ere handiagoa da. Beste herrialde batzuetan, Kanadan eta Estatu Batuetan adibidez, unibertsitate ikertzaile edo irakasle izatea lanbide prestigiotsua eta aintzatetsia da, eta ondo ordaintzen da. Espainian, nire iritziz, hutsaldu egin da maila profesionala eta kalitatea. Doktore izateak ez dizu merezimendua bermatzen (alde handiak daude dedikazioari eta/edo motibazioari dagokionez, eta, beraz, titulua lortzeak ez dizu zertan maila jakin bat eman), eta unibertsitateak ez du baliabide nahikoa balioa edo aitorpena emateko irakasleoi; ez, behintzat, hasi garenoi.

Nola eragin dizu doktorego tesiak?
Doktorego titulua lortzea aurrerapausoa izan zen; nolabait nahasita nengoen, baina, aldi berean, aske sentitzen nintzen. Momentu horretatik aurrera zeu baino ez zaude, zeure buruaren mende. Lehengo taldeari lotuta jarrai dezakezu, baina, egiatan, zeure bidea egiteko garaia duzu, zeure helburuak lortzekoa. Ni neu soilik ofizialki aldatu nintzen (Ph.D nintzen lehendik), baina, egia esan, doktoregai zarenean babestuago sentitzen zara, baliabide gehiagorekin. Sozialki ez da ezertxo ere aldatzen, eta, lanari dagokionez, hautagai askorentzako plaza gutxi batzuk eskuratzeko lehiatzen hasten zara; horrek sarri pentsarazten dizu ea hori den zure etorkizuna.

Gaur egungo lan prekarietatea alde batera utzita, karrera akademikoak eta doktoregoak bide eman didate hedatzeko, beste herrialde eta pertsona batzuk ezagutzeko, eta kritikarako eta hobetzeko gaitasun handiagoa lortzeko. Eguneroko bizimodua nekagarria izan daiteke, etengabe dituzu-eta eskolak, ikastaroak edo estatuko zein nazioarteko biltzarrak, baina, atzera begiratuz gero (behin dena gainditua duzunean), oso gustura sentitzen zara, eta prest zaude are erronka handiago bati heltzeko. Gainera, dena ez da hitzaldiak eta eskolak ematea; mundu berria ezagutzen duzu zure lanbideari esker, bestela seguruenik ezagutuko ez zenukeen mundua. Bestalde, titulua edukitzeak modua ematen dizu nazioarteko beste lankide batzuekin lan egiteko.

«Bideaz gozatzea da modurik onena doktorego aurreko kontratuen prekarietateagatik sor daitekeen frustrazioari hobeto aurre egiteko»

Horrenbestez, sariak askotan ez dira materialak, eta ia inoiz ez dituzu zuzenean jasotzen. Doktoregoan eta doktorego ondoko fasean ondotxo ikasten duzu esfortzuaren emaitzari itxaroten: gaur ereiten duzu, "egunen batean" fruituak jasoko dituzulakoan.

Itziar Angulo

UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea eta ikertzailea. Ingeniaritzaren arloko sari berezia, "Modelo de canal para  caracterizar la señal dispersada por un parque eólico en la banda UHF e influencia sobre la calidad de servicio de DVB-T" tesiagatik.

Zergatik ikasi doktoregoa?
Nik uste motibaziorik onena tesia egin nahi izatea dela, ikertzeko jakin-nahi hori edukitzea, epe ertaineko ikerketa proiektu bati ekiteko gogoz egotea. Bideaz gozatzea da modurik onena doktorego aurreko kontratuen prekarietateagatik edo tesia bukatu ondorengo lan etorkizunaren gaineko kezkagatik sor daitekeen frustrazioari hobeto aurre egiteko.

Aitorpena dela eta…
Hemen ez da berdin aitortzen. Mundu akademikoan balioa ematen zaio meritu horri, baina oraindik ere aitorpena falta da, enpresen aldetik bereziki. Izan ere, enpresa gehienetan, doktoregoa ez da aintzatesten lan esperientzia gisa edo kategoria profesional gisa, diziplina jakin batzuetan batez ere. Niri, kasurako, esan izan didate ingeniari izan eta doktoregoa egitea suizidio laborala dela.

Nola eragin dizu doktorego tesiak?
Pertsonalki, oso esperientzia aberasgarria eta gogobetegarria izan da. Prozesuan beti egongo dira momentu hobeak eta okerragoak, baina nik oso ontzat jotzen dut oro har. Lanari dagokionez, bestelako kontua da. Orain arte, zorionez, ikerketarekin jarraitu ahal izan dut UPV/EHUn, doktorego ondoko laguntzei eta nire TSR ikertaldearen finantzazioari esker. Halere, zalantzaz beteriko bidea da, batere egonkortasunik gabea, eta, nire bizitzako aldi honetan, nabaritu egiten da horren eragina.

 

Esker onak eman nahi dizkiegu  Marta Pastorri, Ismael Loinazi, Itziar Angulori, Jon Maizi eta Virginia López de Maturanari selfie bat helaraztearren argazki muntaia.