euskaraespañol

Euskadi Vin Aquitaine I. Topaketa profesionala

UPV/EHU enologiaren arloko master titulu bikoitza prestatzen ari da, Bordeleko Unibertsitatearekin bat

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/30

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak Euskadi Vin Aquitaine (EVA) I. Topaketa Profesionalaren antolakuntzan parte hartu du. Topaketa Gasteizko Artium museoan egin zen eta Arabako Errioxara eginiko bisita batek eman zion amaiera. Ehun pertsona baino gehiago hartu zituen bilera horrek bi eskualdetako mahastizaintza eta ardogintza arloen berrikuntza sustatzen eta lehiakortasuna handitzen lagundu du.

Topaketan zehar ardoaren inguruko hitzaldi eta gaikako tailer ezberdinak gauzatu ziren, nazioarteko merkatuen azken joerak eta sare sozialek ardoaren salmentan duten eragina aztertuz. Eta Bordeaux Aquitaine INNO'VIN elkarteko zuzendari Gilles Brinceauk EVA (Euskadi Vin Aquitaine) proiektua aurkeztu zuen ere. Ekimenak mahastizaintza eta ardogintza arloaren balio kateko eragile ezberdinak hartzen ditu: ekoizleak edo produktu eta zerbitzu hornitzaileak zein teknologia eta ikerketa zentroak. Proiektua 2016ko urtarrilean jarri zen abian eta Euskadi eta Akitania eskualdeen arteko lankidetza-harremanak sendotzea du xede, bien lehiakortasuna hobetzeko.

Proiektuak bazkide ezberdinak hartzen ditu: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dauden HAZI Fundazioa eta Neiker, UPV/EHU eta Euskampus Fundazioa dira Euskadiko bazkideak. Akitaniako bazkideak, berriz, ondokoak dira: Inno 'vin Bordeaux Aquitaine (mahastizaintza eta ardogintza arloko Akitaniako Klusterra), Institut des Sciences de la Vigne et du Vin (ISVV), Chambre d 'Agriculture de la Dordogne, Chambre d 'Agriculture de la Gironde, Akitaniako Nazioarteko Lankidetzarako Erakundea (INTERCO) eta Congres et Exposition de Bordeaux (CEB).

Euskal Herriko Unibertsitateari, hau da, alderdi akademikoari dagokionean, enologia master titulu bikoitza prestatzen ari da, Bordeleko Unibertsitatearekin bat, eta enpresen esku-hartze handiarekin ere. Masterra 2016/2017 ikasturtean jarriko da martxan, Francisco José Pérez Elortondo irakaslea buru izango duelarik.

 

Argazkiak: UPV/EHU.