euskaraespañol

Euskal Miliziak Madrilgo batailan

UPV/EHUko talde batek parte hartu du Madrilgo Casa de Campo parkean eta Ciudad Universitaria gunean aurrera eramaten ari diren arkeologia indusketetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/22

Irudia

Uztailean zehar, Xurxi M. Ayán Vilaren gidaritzapean parte hartzen ari da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko lantalde bat Madrilgo Ciudad Universitaria gunean eta Casa de Campo parkean egiten ari diren arkeologia indusketetan. Proiektu hau International Brigades Archaeological Projecten barruan dago, eta Notthingameko Unibertsitatea, Unibertsitate Konplutensea eta EHUko GPACa dira elkarrekin proiektuburuak.

1936ko azaro hasieran piztuko da Madrilen frankisten aldetik azken erasoa izan nahi duena, gerra lehenbailehen bukatzeko asmotan. Errepublikak bere ordu larrienak pairatuko ditu. Gobernua Valentziara lekualdatuko dute. Une horretan, zorionez, Nazioarteko Brigadak iritsiko dira. Madrilen zehar desfilatu ondoren, berehala hasiko dira borrokan. Ordu batzuen buruan batailoi osoak ezereztuak izango dira. Hala ere, lortuko dute etsaia geldiaraztea Madrilgo Ciudad Universitarian, El Puente de los Franceses zubian eta Casa de Campo parkean.

Proiektu honen helburua da XXI. mendeko Madrilen ahazturiko gerra frontea berreskuratzea, horrela oroimen historiko eta bisitaleku gisa erabili ahal izateko. Aurrera eramaten diren ekintzen artean nabarmenenak dira metal detektagailu bidezko arkeologia prospekzioak, lubaki eta babesleku tarteen arkeologia indusketak, unibertsitateko ikasleen prestakuntza eta Madrilgo Artxibo Militar Orokorraren ikerketa dokumentala.

Euskal Milizien bila

Nazioarteko Brigaden egonaldiaren hondakin materialak bilatzeaz gain, proiektuak Euskadirekin oso lotuta dagoen beste alderdi bat ere badu. Casa de Campo parkeko kokaleku bat euskal Miliziek defendatu zuten. Miliziok hiriburuan bizi ziren euskal ikasleek osatzen zituzten, batez ere, eta gehienak EAJren ingurukoak ziren. Xedea da esku hartu zuten guneen kokagunea zehaztea, hor ere arkeologia-indusketak egiteko.

Proiektu hau amaitu eta gero, EHUko taldeak beste proiektu bat eramango du aurrera, Gerra Zibileko Arkeologia eta ondare-sozializaziokoa Amurrioko San Pedro mendian, irailaren 19tik urriaren 2ra bitartean.

Hemen duzu talde honen ekintzei buruzko informazio gehiago: www.guerraenlauniversidad.blogspot.com

 

Argazkiak: ©ÁlvaroMinguito.