euskaraespañol

«Ez nuen inolaz ere espero saria irabaztea»

Yago Mateo Velascok, UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasle ohiak, film labur onenaren saria irabazi du Almatyko jaialdian

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/11

Irudia
Velascoren FISHURA film laburrak begiak kliskatu ezin dituen neska baten istorioa kontatzen du

"Sinestezina izan da; ez dut sekula ahaztuko". Horrela deskribatu du Yago Mateok Kazakhstanera eginiko bidaia eta han izandako esperientzia, urriaren 28an bere FISHURA film laburrarekin Almatyko (Kazakhstan) VI International Film Festival of Student Films and Film Schools jaialdiko film labur onenaren saria irabazi ondoren.

Vitoria-Gasteizen jaioa da Yago, 23 urte ditu, eta 2015ean lortu zuen Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua, Leioako UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Hainbat sari jaso ditu bere proiektuei esker, eta zinemaren eta ikus-entzunezkoen munduan lan egiten jarraitzeko asmoa du.

Hasiera batean, film laburrak ECAM Madrilgo Erkidegoko Zinema eta Ikus-entzunezko Eskolaren Filmnow Project katalogoan parte hartu zuen. Katalogo horretan, estatuko unibertsitateetako film laburrik onenak jasotzen dira. Mateoren obra aukeratu zuten 150 proiektu baino gehiagoren artean, eta Almatyko jaialdira bidali zuten. Han, berriro saritu zuten. "Ikaragarria!", esan du zuzendariak, pozik, jasotako sariaz hizketan.

Baina sariak ez ziren Kazakhstanen amaitu, sari horrez gain beste hainbat lortu baititu, esate baterako, honako hauek: gazte film labur onena eta euskarazko film labur onena Errenteria Film Laburren Jaialdian, film labur onenaren urrezko antzarra Lekeitioko Euskal Zine Bileran eta UPV/EHUko film labur onena (EHU labur).

FISHURA film laburrak neska baten istorioa kontatzen du. Neska hori bizitzako une garrantzitsu eta bereziak galtzeko beldur da, eta, hortaz, ezin ditu begiak kliskatu. Argumentua bera xumea da, baita errealizazioa ere; egilearen beraren hitzetan, "nahiko erraza" izan zen, baina istorioa kontatzeko modua eta filmaketaren xehetasunen zainketa dira filmaren indarguneak. Proiektua sortzeko prozesuari dagokionez, Mateok adierazi du muntaketa izan zela zailena: "Uste dut une hori gakoa dela; bertan, grabatutako irudiak onak izan ala ez, zure esku dago guztiari forma ematea", adierazi du Yagok.
Film labur hori, baina, ez zen Mateoren lehen aukera izan; haren "B plana" zen. Hasiera batean, beste proiektu batekin ari zen lanean, A planarekin, baina alde batera utzi behar izan zuen, zailtasunak zituelako eta konturatu zelako ez zela oso errealista horrelako obra batean sartzea.

Trailer Fishura from Bárbara Rivas on Vimeo.

"Ez nuen inolaz ere espero saria irabaztea", esan du zuzendariak, pozik, jasotako sariaz hizketan. Izan ere, Yagok dio Kazakhstanek alderdi askotan gure herrialdearen antzik ez badu ere "hiri eta kultura harrigarri bat" ezagutu ahal izan duela. Halaber, nabarmendu du zinemak pertsonak elkartzeko botere handia duela, edozein herrialdetakoak edo kulturatakoak direla ere.

Orain, UPV/EHUko ikasle ohiak berriro hartu du FISHURArekin buru-belarri hasteko alde batera utzi zuen proiektua. Haren esanetan, handinahiagoa eta landuagoa da; hortaz, ekoizpen baliabide gehiago behar ditu, eta, horretarako, finantzaketan lagundu nahi duten pertsonen bila dabil batez ere, ideia sustatzen lagun diezaioten. Gainera, Mateok aukera ikusten du ideia hori bere lehen film luze bihurtzeko. "Oraintxe bertan, nire helburu nagusia zinema egiteko eta istorioak kontatzeko dudan pasioa ofizio bihurtzea da", adierazi du zuzendari gazteak.

Inspirazio iturriak

Mateoren esanetan, Inception, Memento eta Fight Club izan dira, besteak beste, zinemaren munduan berarengan eragina izan duten erreferentziazko filmak; hau da, modu batera edo bestera "ikusle gisa zurekin jolas egiten duten" pelikulak. Baina, obra pertsonalagoetan sartuta, honako hauek ere aipatu ditu: Kynódontas (Yorgos Lanthimos-ena), Magical Girl, Pelo Malo eta 8 y ½ (Fellini-rena). "Ziur naiz oraindik ez dudala nire film gustukoena ikusi; asko gustatzen zait italiar neoerrealismoa, nouvelle vague-a edo, bereziki, Dogma zinema", azaldu du gasteiztarrak.

Gehien identifikatzen den eta gehien gustatzen zaizkion egileei dagokienez, Jim Jarmusch, Lars Von Trier eta Christopher Nolan aipatu ditu, besteak beste, baina badaki zuzendariak baino gehiago hartzen dituela kontuak haien obrak. "Ez ditut telesailak ikusten; gorroto ditut eta beldurra diet", esan du Mateok, irmo. Onartzen du telesail asko daudela eta batzuk oso onak direla, baina esan du beldur dela telesail bat ikusten hasi eta nahi baino denbora gehiago kenduko ote dion.