euskaraespañol

Asier Zubillaga, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea

«Futbolean erreparoa dago berrikuntzak aplikatzeko»

Teknologia erabiltzeak lagundu egiten du zelaian zer gertatzen den objektibotasun handiagoaz jakiteko

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/02

Irudia
Asier Zubillaga. Argazkia: Nuria González (UPV/EHU)

Futbola da gure ingurunean jarraitzaile gehien dituen kiroletakoa, baina nolabaiteko erreparoa dauka oraindik teknologia aurreratuak ezartzeko. Polemikaz, FIFAk bere bideo-arbitrajeko plataforma jarri zuen praktikan Kluben Munduko Txapelketan. Badira ere beste aplikazio teknikoagoak eta ikerketakoak, klubei euren errendimendua hobetzen lagundu diezaieketenak.

Ez da oraingo kontua teknologia futbolaren munduan sartzea; baina, eztabaida biziagotu egin da berriki izandako polemiken eta "belatz begia" izenekoa ezartzeko aukeraren ondorioz. Japonian joan den abenduan izandako FIFAren Kluben Munduko Txapelketan sartu zen teknologia hori. Hari esker, epaileek zalantzazko jokaldiak berrikusi eta partidan zehar erabakitzeko aukera izan zuten.

Teknologia erabiltzea lagungarria izan daiteke, ez soilik epaileen akatsak gutxiagotzeko, baizik eta talde, jokalari eta epaileen errendimendua objektiboki baloratzeko bidea emango duten datuak aztertu eta ezagutzeko ere. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasle Asier Zubillagarekin hitz egin dugu. ‘Attacking and defensive styles of play in soccer: analysis of Spanish and English elite teams' izeneko ikerketan lankidetzan aritu zen. Azterlan horren helburu zen analisi faktorialaren bidez eliteko futboleko joko estiloak eta horiei lotutako errendimendu adierazleak zehaztea.

Lan horretarako datuak Espainiako ligako eta Ingalaterrako Premier League-ko 97 partidatik bildu ziren, 2006-2007 eta 2010-2011 denboraldietan, AMISCO sistema erabilita. Sistema horri esker, estadioetan kamerak instalatuta, futbol jokalariek partidetan egiten dituzten desplazamendu eta ekintza guztiak graba daitezke. Grabatutako informazio guztia prozesatzen da eta klubei helarazten zaie. Horiek "goitik begiratutako" partidaren erreprodukzioa lortzen dute, eta erreprodukzio horretan gertaera guztiak ikus daitezke: desplazamenduak, jokalarien ekintzak baloiarekin eta baloirik gabe, etab. "Horrez gain, jakin dezakegu jokalariek zein distantzia eta zein abiaduratan egin duten, eta taldearen joko estiloa ere analiza dezakegu. Gaur egun, badira hori bera egiteko gai diren zenbait sistema; baina, AMISCO aitzindaria izan zen teknologia hori garatzen eta futbolera aplikatzen, eta mota horretako datuak lortzen" azaldu du Asier Zubillagak.

2000. urtean aplikatzen hasi zenetik, talde askok erabiltzen dute. Klub bakoitzak bere erara erabiltzen du. Tradizioz, Ingalaterran eman zaio garrantzi handiena mota horretako informazioaren analisiari. Bertan sortu zen "Match Analisys" deritzona eta bertan izan du garapen handiena.

Joko estiloak

Adierazi dugun ikerketan, Ingalaterra eta Espainiako ligetako taldeen joko estiloei buruzko azterlana egin zen. "AMISCO edo Prozone (horrela deitzen zaio orain) sistemaren datuak bi arlotan erabiltzen dira. Alde batetik, klubei informazioa ematen zaie eta, bestetik, ikerketa ikuspegi akademikoagoa lantzen da. Azterlan zientifiko ugari argitaratu dira teknologia horiek aplikatuz lortutako datuetatik abiatuta. ‘Journal of Sports Sciences' aldizkariak argitaratutako azterlanari dagokionez, helburua zen futbol taldeen joko estiloa zein elementuk zehazten duten neurtzea; horrela, estilo horiek aplikatzeko garaian taldeek lortzen duten eraginkortasuna edo errendimendua baloratu ahal izateko"  zehaztu du UPV/EHUko irakasleak.

Teknologia erabiltzeak berekin dakar partida batean jokalariek zer egiten duten modu errealagoan eta objektiboagoan jakitea, eta hori funtsezkoa da entrenamenduak antolatu eta planifikatzeko garaian. Gainera, urteak direla, lehiaketaren analisia da entrenamenduaren edukiak eta kargak sortzeko oinarria.

Sistema horiek aplikatzeak inbertsio handia dakar klubentzat eta, hain zuzen, hortik ere sortu dira haiek erabat hedatzeko arazoak. Era berean, esperientzia beste kirol batzuetara eramateko saioa egin da, baina gutxi aplikatzen da oraindik. "Arazoetako bat kostuen ondoriozkoa da. Izan ere, azpiegituraren kostuez gainera, beharrezko produkzio prozesuak daude, estadioan erregistratzen dena entrenatzaileek aplikatu ahal izateko. Duela urte batzuk errugbirako bertsioa garatu zen. Adibidez, Frantziako selekzioan eta Sei Nazioen Txapelketan erabili zen. Berori aplikatzeko, aurretik teknologiaz hornitutako estadioetan jokatu behar zuten taldeek –dio Zubillagak–. Gaur egun, futbolean ez ezik, antzeko sistema aplikatzen da saskibaloian, NBAn".

Futbolean "belatz begiaren" gisako teknologiak erabiltzeari buruzko eztabaidara itzuliz, Asier Zubillagak ere bere iritzia du: "Hori dena bezala da, nola egiten den. Eta, era berean, helburua zein den kontuan hartu behar da. Orain gaurkotasuna hartu badu ere, futboleko zuzendariek urte asko daramatzate gai honi bueltaka eta hainbat gailu eta metodo probatzen. Orain arte aplikatutakoak ez zuten oso ongi funtzionatzen maila teknikoan. Behin zailtasun teknikoak gainditu ondoren, berrikuntzak aplikatzeko garaian futbolean dagoen erreparoa da arazoa. Giza akatsa (epailearena), polemika, beti izan dira futbolaren parte. "Belatz begia" aplikatzearen inguruan ere polemika sortzen da, modu artifizial edo interesatuan askotan. Herrialde batzuetan aplikatzen hasiak badira ere, irudipena dut Espainiako ligan belatz begia erabiltzeko interesa ez dela benetakoa".