euskaraespañol

Erritmoaren garrantzi kritikoa lasterketa luzeetan

UPV/EHUk lasterkari kenyarrekin egindako ikerketa berri baten arabera, ez da posible garunaren oxigenazioa egonkor mantentzea erabateko ahalegina egin bitartean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/27

Irudia
Jordan Santos-Concejero. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko Jordan Santos-Concejero irakaslearen azterlan berri baten arabera, eliteko korrikalari kenyarrek ezin diote beren garunaren oxigenazioari eutsi, indarrak ahitu arte eta muga fisiologikoetatik gertu korri egitera behartzen dituztenean. Azterlan horrek aurretik argitaratutako beste azterlan baten emaitzak ezeztatuko lituzke eta erresistentzia-probetan erritmoaren kontrolaren garrantzi kritikoa azpimarratzen du.

European Journal of Applied Physiology aldizkariak Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Jordan Santos-Concejero irakaslearen artikulu bat argitaratu du, ‘Brain oxygenation declines in elite Kenyan runners during a maximal interval training session' izenburupean. Journal of Applied Physiology aldizkarian bertan aurretik argitaratutako azterlan baten jarraipena da, eta jatorrian argitaratutako ikerketen emaitza batzuk gezurtatuko lituzkeen emaitzak argitaratzen dira.

Hasierako azterlanak, UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko doktoreak egindakoak, aditzera eman zuen lasterkari kenyarrak gai direla beren garunaren oxigenazioa tarte egonkor batean mantentzeko erabateko ahalegina egin bitartean (5 kilometroko erlojupeko probetan) eta litekeena dela honek laguntzea distantzia luzeko lasterketetan arrakasta izaten.

Hala ere, eta distantzia horretan erlojupeko proban lasterkariek beren erritmoa hauta dezaketenez, erabaki zen aztertzea lasterkarien garunaren oxigenazioak zein erantzun ematen zuen erabateko ahalegina egin bitartean, korrikaldiaren intentsitatea inposatu egiten zitzaien tarteetan. Horretarako, denbora-tarteka zatitutako test bat diseinatu zuen: 1.000 metroko errepikapenak egin behar zituzten, 5 kilometroko erlojupeko proben batez bestekoa baino % 5 azkarrago egin behar zuten korri, eta errepikapenen artean errekuperatzeko 30 segundo zituzten. Horren helburua zen ahalik eta errepikapen kopuru handiena egitea eta, horretarako, pizgarri ekonomikoak eskaini zitzaizkien lasterkariei, osatzen zuten errepikapen gehigarri bakoitzeko (datu modura, lasterkari onenak 8 aldiz errepikatu zuen 1.000 metroko proba, eta kilometro bakoitza 2 minutu eta 48 segundotan egin zuen tapiz gurpildunean).

Ariketa-protokolo horrek indarrak erabat ahitzea bermatzen zuen eta aurretik argitaratutako azterlanen emaitza batzuk gezurtatu zituen; lasterkari guztiek garunaren oxigenazio maila jaitsi zuten denbora-tartekako test horren amaieran. "Uste dugu garunaren oxigenazioa jaitsi zaiela odoleko CO2-ren presio partziala murriztu delako (hipokapnia), ariketaren ondorioz jasan duten hiperbentilazioaren ondorioz", azaldu du Santos-Concejero irakasleak.

Hiperbentilazioa organismoak odoleko pHa murrizten denean ematen duen erantzun fisiologikoa da eta intentsitate handiko ariketak egin bitartean gertatu ohi da. Jaitsiera horrek pHan kimioerrezeptore periferikoak estimulatzen ditu eta horrek arnasketa-erantzun handia sustatzen du pHa tarte definitu batean mantentzeko, hein handi batean, azidosia konpentsatzeko bikarbonatoaren tanpoi fisiologikoaren ekintzaren ondorioz, gehiegizko CO2  botatzearen bidez.

Arnasketa-erantzun indartsu horren ondoriozko hipokapniak ("arnas-konpentsazio puntua" deritzona behin gaindituta), garunean basokonstrikzioa eragin dezake eta odol-fluxua murriztu. Horrek, garunaren oxigenazioan eragingo luke, azterlanak erakutsi duen moduan.

Edonola ere, azterlaneko kenyarren garunaren oxigenazioaren jaitsiera gertatzen den ariketaren intentsitatea (VO2 maximoaren % 95) beste edozein diziplinatako eliteko lasterkariek inoiz eman dutenaren gainetik dago. Horrez gain, eta harrigarriki, azterlaneko lasterkari onenak (1.000 metroko serieak egiteaz gain, erritmo handiagoan egitea lortu zutenak) garunaren oxigenazioaren jaitsiera handiagoak jasateko gai izan ziren, kolapsatu aurretik. Horrek aditzera ematen du faktore hori oso garrantzitsua dela gizakion errendimendua mugatzeko.

Erreferentzia bibliografikoa