euskaraespañol

J. Inazio Marko, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano berria

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/02

Irudia
Ikastegiaren zuzendaritza taldea. Argazkia: UPV/EHU

J. Inazio Marko Juanikorena, Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak saileko irakasle agregatua, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano aukeratu dute. J. Inazio Marko Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako lizentziaduna da, baita doktorea ere, 2010. urteaz geroztik. Haren tesiak, ‘Hizkuntza-eraldaketa organizazioetan: Esperientzia eta modelizazioa' izenburukoak, euskaraz egindako doktorego tesien Koldo Mitxelena Saria eta UPV/EHUko Doktoregoko Sari Berezia eskuratu zituen. Bere ibilbide akademikoan, dekano berria hainbat arlotan dago espezializatuta, hala nola: hizkuntza eta gizarte pedagogia; esku hartzea; aldaketa kudeatzeko prozesuak; berrikuntza; programen ebaluazioa eta plangintza; eta, taldeen kudeaketa. Hainbat azterketa egin eta argitaratu ditu prestakuntzari eta ikaskuntzari buruz, baita hizkuntza normalizazioaren aldaketa prozesuei buruz ere bai gizartean bai erakundeetan.

Bere zereginetan, dekano berriak erantzukizunak partekatuko ditu kide hauek osatutako zuzendaritza taldearekin: Cristina Lasa, Idazkari Akademikoa, Euskara eta Orientazioa; Javier Monzón, Dekanorde koordinatzailea; Lore Erriondo, Titulazioen Koordinazioa eta Hobekuntza dekanordea; Margaret Bullen, Practicum dekanordea; Pilar Gil, Practicum dekanordea, Magisteritza arloan; Nere Amenabar, Mugikortasuna eta Gizarte Proiekziorako dekanordea; Iñigo Galzacorta, Akademi Antolakuntzarako eta Ikasleen dekanordea, eta, Jose Mari Etxabe, Akademi Antolakuntzarako eta Ikasleen dekanordea, Magisteritza arloan.

Zuzendaritza talde berri honen helburuen artean, nabarmentzekoak dira; alde batetik, gizartera ireki eta harekiko loturak areagotzeko aurrerapausoak ematea, ikastetxe, enpresa, erakunde eta eragileekiko lankidetza ildoak sendotuz; eta bestetik, ikerketari eta berrikuntzari buruzko gogoeta egitea, ikastegian bertan bi arlo horiek indartzeko eta hobetzeko. Era berean, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko zuzendaritza berriaren helburu nagusietako bat izango da kudeaketa sistema eguneroko lanean txertatzea, bai eta ikastegian ikasleen kolektiboekiko harremana bultzatzea eta indartzea ere.