euskaraespañol

Itsas zabala

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/08/24

Irudia
Saltilloko tripulazioa. Argazkia: Fernando Casabella. UPV/EHU

Asteartean, abuztuak 22, Saltillok Bermeo eta Getxo artean dauden 18 miliak egin zituen, beste nazioarteko 11 harribitxizko belaontziekin batera, gaur eta bihar (abuztuak 25 eta 26) Abrako uretan egingo de Copa Gitana txapelketaren harira egin zen belaontzi klasikoen topaketaren baitan

Eguzkitsu zetorren eguna eta itsasoa bare zegoen, baina itxuraldatzen joan zen, ipar-ekialdeko haizeak itsaskirria eragin baitzuen, 2-3 metroko olatuak sortuz. Haizeak, gainera, 30 korapiloko abiadura zuen (48 km/orduko). "Belan nabigatzeko egun paregabea da", azaldu zuten poz-pozik 12 tripulatzaileek (Nautika eta Itsas Garraioko eta Itsasketako graduko ikasleak)  eta barkuko kapitainak, Mikel Lejarzak. Baieztapen horrekin ez zen bat etorriko nabigatzeko ohiturarik ez edo Biodramina pilula gabe bidaiatuko lukeen pertsona.

Eneko Alcalde, Ada García eta Jorge Gallardo tripulazioko kideak dira. Saltillon praktikak egin dituztelako eta ilusioz gainezka daude, eta adierazi dute itsas merkataritzako makinaburuak edo kapitainak izateko "grina" badutela. Tripulazioarekin batera Emiliano Manuelek ere bidaiatu du, erretiroa hartutako EHUalumni horrek ITP enpresan lan egin du orain dela gutxira arte Zamudion. Manuel udan Saltillon ontziratutako 16 EHUalumnietako bat da.

Mar abierto from UPV/EHU on Vimeo.

Saltillo bezalako itsasontzi bat tripulatzea ez da erraza. 26 metroko luzera eta 81 tona ditu, eta dimentsio horietako belaontzia gidatzeko lan zorrotza eta zehatza egin behar da. Nautika eta Itsas Garraioko eta Itsasketako graduko ikasleentzat benetako prozesu praktikoa da. Maniobrak egin, nabigazio mapak prestatu, irrati bidez komunikatu, mesana, fokea edo trinketa jaso eta jaitsi dira egin beharreko jardueretako batzuk. Guzti horri asteartean Kantauri itsasoan izandako itsaskirria gaineratzen badiogu, tripulazioa erloju baten zehaztasunarekin aritu behar da.

Lau laguneko hiru taldetan banatuta den tripulazioak kapitainaren aginduak jarraitzen ditu, haizea eta olatuak menperatzeko. Ez dago kezkarako tartetik, sosegurako eta talde lanerako baizik. Itsasoak zakar jarraitzen du, eta belak dantzan kulunkatzen dira. Bi antzezle baino ez daude jada: itsasoa eta Saltillo. Olatuek brankan apurtzen dute, eta itsasoa jaioterri duten eta elementuekin jauzi egiten duten nabigatzaileek egoera goresten dute.

Natura harrotu da; nabigatzaileak baretu du. Kapitainak oihukatu du, "bela nagusia jaitsi behar da". 30 korapiloko haizeak eskorako heldulekua zarrastatu du. Tripulazioak erantzun du. Azkar jaitsi behar da oihal nagusia, bestela zatikatuko da eta. 12 ikasleak abian dira, brankatik popara abiadan; ikuskatu dute eta antzeman, bela nagusiaren jaitsiera prest dute. Eginda dago. Motorra ipini behar da abian ilundu aurretik porturatzeko.

Izerdi patsetan dira, sutan, baina hotz. Esperientzia zirraragarria izan da; hilaren 17an Hendaiatik irten zirenetik ez du horrelako egunik izan tripulazioak: ikasi, nabigatu, gozatu egin du. Abuztuko egun ziztrin batetako itsaskirriarekin ere ederki pasatu du Emiliano Josek

Gitana Kopa

Belaontzi klasikoen rallya abuztuaren 17an abiatu zen Hendaian, eta Euskal Herriko itsasertz osoa zeharkatu du. UPV/EHUko Saltillo ontzi-eskolarekin batera topaketan parte hartu dute ondorengo hauek: Artako, Arren Chan Passiou, Eloise II, Jade, Kanthaka, Khayyam, La Gaillarde, Lasse, Niñita, Rouvelon, Sacrebelu!, Thalamus, Tikaroa eta Westward of Clynder.

Gaur eta bihar, Gitana Kopa jokatuko da, antzinako belaontzien arteko estropada. Real Club Marítimo del Abra etal Real Sporting Clubek antolatzen duten lehiaketa hori estatu mailako garrantzitsuenetakoa da.