euskaraespañol

Puntako zientzialarien eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen arteko topaketa jendetsua, Donostian

DIPCk Topaketa honekin zientzia eta ikerketarekiko jakin-mina sustatu nahi du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/30

Irudia

top@DIPC – Zientziarekin solasean! topaketa ospatu da Donostiako Eureka! Zientzia Museoan. Albert Fert —Fisikako Nobel sariduna—, Pilar Hernández —CERNeko zientzialaria— eta Ángela Nieto —Biologo molekular entzutetsua— izan dituzte solaskide DBHko hainbat ikaslek eta irakaslek. Zientziaz, ikerketaz eta bi gai horiekiko duten grinaz jardun dira topaketan izan diren zientzialariak, eta ikasleen galderei ere erantzun diete.

Jendetsua izan da topaketen bederatzigarren edizioa. Orotara, Euskal Herriko 61 ikastetxek hartu dute parte ekitaldian; ikasleak eta irakasleak, berriz, 310 izan dira. Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Javier Benito, Telefonica Euskadiko zuzendariak eta Carlos Ruiz, Kutxa Fundazioko zuzendariak eman die hasiera topaketei. Giro atseginean jardun dira elkarrekin ikasleak eta zientzialariak, bai eta umoretsu ere zenbait unetan. Eskerrak eman dizkiete antolatzaileei batzuek zein besteek, horrelako aukera eskaintzeagatik.

Asturiasko Printzea sariduna, Pedro Migel Etxenike, UPV/EHUko katedraduna eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) lehendakaria, aritu da moderatzaile-lanetan, eta hau adierazi die ikasle eta irakasleei amaiera-ekitaldian: "Abentura intelektual bat da zientzia, eta grinatsuki ekin behar zaio; aurrera egin ahala, galdera batzuei erantzuten die, baina, aldi berean, beste batzuk sortzen ditu". Albert Fertek, berriz, "zientzia, ororen gainetik, sormena" dela gogorarazi du; eta Pilar Hernándezek, "zailena beti galdera egokia egitea da, hor egoten baita erantzuna aurkitzeko gakoa"; Ángela Nietok, azkenik, "gazteak oso garrantzitsuak zarete zientziaren katean" esan du. "Beraiek bezala lan egiten baduzue, ilusioz, beraiek bezalakoak izango zarete; beraiek bezalakoak zarete dagoeneko", adierazi die Etxenikek ekitaldira bildu diren ikasleei.

Telefónicak, DIPCren patronoa denak, aurten ere sari bana eman die galderarik burutsuena, sortzaileena eta originalena egin duten ikasleei. Hona hemen saridunak: Aitor Aizpitarte Goiburu, Errenteriako Koldo Mitxelena BHI institutukoa ("Erantzun zuzena jasoko lukeela jakingo bazenute, zein galdera egitea gustatuko litzaizueke?"); Iñaki Lasa, Donostiako Summa Aldapetakoa ("Enbrioien garapenean geneen espresioa aldatu baldin badaiteke zelula bidaiari izan ez daitezen blokeatzen dituzten sustantzien tratamendu baten bidez, zergatik ezin da minbizian prozesu hori erabili, gure gorputza kaltetzen duten eta tumore sekundarioak sortzen dituzten zelula bidaiari hauek berriro aktibatu ez daitezen?"); eta Ohier Goicoechea Corzo, Donostiako Bidebieta BHI institutukoa, ("Materia eta antimateriaren suntsipenak energia kantitate izugarriak sortzen dituenez, helburu energetiko baliagarrietarako erabiltzen bukatu al daiteke etorkizunean?").

Zientziaren garrantzia eta edertasuna hedatzea du xede nagusi top@DIPC - Zientziarekin solasean! topaketak, eta zientzia eta ikerketarekiko zaletasuna sustatzea. Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatzen du, Euskampus, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Nazioarteko Bikaintasun Campusaren esparruaren baitan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesarekin. Kutxa Gizarte Ekintzaren Eureka! Zientzia Museoak ere laguntzen du eta Telefónica-ren laguntza eta parte-hartze berezia jasotzen du.