euskaraespañol

UPV/EHUk, Tecnalia fundazioarekin eta BCAM erakundearekin batera, itsas energia berriztagarrien gaineko ikerketarako lankidetza laborategia sortu du

Erasmus Mundus-ek Master in Renewable Energy on the Marine Environment izeneko masterra onartu du eta datorren urtean hasiko dira ematen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/30

Irudia
Ezkerretik eskuinera: Iñaki San Sebastián, Nekane Balluerka, Luis Vega

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak, Tecnalia Fundazioak eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) erakundeak, Itsas Energia Berriztagarriaren Ikerketarako Lankidetza Laborategi bat (Joint Research Laboratory on Offshore Renewable Energy) zabaltzeko hitzarmena sinatu dute. Proiektu hori Euskampus ekimenaren —UPV/EHUk, Tecnaliak eta Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeak sustatua— esparruan sortu zen, proiekzio bateratua nazioartean handitzeko, eta ezagutzaren inguruko prestakuntza, ikerketa, transferentzia eta hedapenari lotutako ekintza partekatuak zabaltzeko helburuarekin. Hitzarmena hauek sinatu dute: UPV/EHUko errektorea, Nekane Balluerka; Tecnaliako zuzendari nagusia, Iñaki San Sebastián; eta BCAMko zientzia-zuzendaria, Luis Vega.

Zehazki, Euskampusa jakintza guneak abiarazteaz arduratzen da. Gune horietan erronka sozialei eta globalei aurre egiteko kooperazio dinamikak lantzen dira. Jakintza gune horietako bat Ozeanoen Balioztapenarena izan da. Bertan, 2012. urteaz geroztik, itsas ingurunearen energia baliabidea aprobetxatzeko lan handia egin da. UPV/EHUko eta Tecnaliako ikerketa talde askok esku hartu duten lan horren ondorio izan da Offshore Renewable Energy Masterra diseinatzea eta eskaintzea. Lehen aldiz ikasturte honetan berezko titulu gisa eskaintzen den graduondoko hori, duela gutxi, Erasmus Mundus Master bezala onartu dute. Erasmus Mundus baterako masterrak (EMBM) nazioarteko ikaskuntza programak dira, integratuak eta entzutetsuak. Goi-mailako hezkuntza erakundeen nazioarteko partzuergo batek dauka horien gaineko ardura. Ikasketak programaren bi herrialdetan egin beharra dago, gutxienez. EBk finantzatzen duen beka programa garrantzitsu bat daukate ere. Bekak urteroko aukeraketa fasetan beren hautagaitza aurkeztu duten ikasle hoberenei eskaintzen zaizkie.

Erasmus Mundus Master in Renewable Energy on the Marine Environment (REM) berria 2018-2019 ikasturtetik aurrera emango da, UPV/EHUk gidatuta eta Strathclyde unibertsitateak (Eskozia), NTNU unibertsitateak (Norvegia) Nantesko Eskola Nagusiak (Frantzia) parte hartuz. Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle Jesus Mari Blancok koordinatzen duen master hau sustatzen eta diseinatzen parte hartze erabakigarria izan du Tecnaliaren Itsas Energien Nazioarteko Bikaintasun Taldeak, eta Europa osoko 40 erakunde ingururen eta, bereziki, energiaren arloko Euskadiko enpresa garrantzitsuenen babesa jaso du.

Gainera, Ozeanoen Balioztapen Gunearen esparruan, itsasoko energia berriztagarriari buruzko hainbat ikerketa proiektu garatu dira, eta bertan BCAM erakundeak hartu du parte. Guneak, orain, aurrerapauso bat eman du Itsas Energia Berriztagarriaren Ikerketarako Lankidetza Laborategi hau eratuz. Laborategia hazteko eta beste agente batzuetara zabaltzeko gogoz sortu da, ikerketaren emaitzen inpaktu handiagoa bilatzeko. Halaber, sortutako ezagutza eta teknologia inguruko ehun ekonomikora eramatea bultzatzeko plataforma gisa balioko du, energiaren arloko enpresekin garapen teknologikoko proiektuak planteatzeko helburuarekin.

Iaz datuen analitikako laborategia sortu ondoren, Euskampusen esparruan eraikitzen den bigarren lankidetza laborategia da hau. Laborategi hartan UPV/EHUk, Tecnaliak eta BCAMek ere hartzen dute parte.