euskaraespañol

Pint of Science Nazioarteko Zientzia Jaialdia aurrenekoz egingo da Gasteizen

Maiatzaren 23an, 24an eta 25ean izango da, Ordi Garagardotegian

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/20

Gasteiz prest dago zuritoa eskuan hartu eta Pint of Science jaialdiak iaz izan zuen arrakastarekin bat egiteko. Maiatzaren 23an, 24an eta 25ean, 19:00etatik aurrera, Ordi Garagardotegia (Florida kalea, 39) zientziaz blai egingo da: gure hiriko zientzialariek tokiko zentro eta erakundeetan lantzen ari diren ikerketen berri emango diete herritarrei, hainbat hitzaldiren bidez.

Hitzaldietako gaiak askotarikoak izango dira: historia, soziologia, matematika, astronomia, espazioko esplorazioa, kimika, neurologia, farmakologia eta nutrizioa. UPV/EHUko eta Iruña-Veleia III Milenio Proiektuko historialariek, kasurako, hizpide izango dute historiak zientziaren esparruan duen dimentsioa eta historiak argitu ohi dituen sekretuak. Bestalde, ingeniaritzaren eta astronomiaren arloko UPV/EHUko ikertzaileek unibertsoa interpretatzeko hizkuntzaren (alegia, matematikaren) inguruko bitxitasunak kontatuko dituzte, eta azkenaldian unibertsoa hobeto ulertzeko izan diren berrikuntzez ere arituko dira: grabitazio uhinez, hain zuzen. CIC Energiguneko bi zientzialarik, berriz, azalduko digute sateliteek nola errazten diguten bizimodua eta zein energia iturri ikertzen diren gaur egun. Azken egunean osasuna izango dugu protagonista: hain zuzen ere, UPV/EHUko zientzialariek garunaren konplexutasuna jorratuko dute, jateko gogoa, gosea eta asetasuna edota droga mendekotasuna ardatz hartuta. Ildo horretatik, Vitoria-Gasteizko 2016ko POS jaialdiari azkena emateko, zeliakia duten herritarren errealitatea izango da aztergai (zeliakoak garagardotegi batean, ai ene!), mirarizko dietei buruzko hitzaldi batekin batera.

Iaz, besteak beste Bartzelonan, Zaragozan, Murtzian, Madrilen, Iruñean, Santiagon eta Valentzian egin zen jaialdia. Aurten, berriz, Gasteizen ez ezik, Coruñan, Oviedon, Gijonen, Santanderren, Logroñon, Bilbon, Valladoliden, Palentzian, Salamancan, Gironan, Castellón eta Tenerifen ere egingo da. Guztira, 60 tabernatik gora, 130 ekitaldi baino gehiago eta 252 zientzialari, gu guztioi zientzia hurbiltzeko.

Espainian, Pint of Science España zientzia dibulgaziorako elkarteak antolatzen du Pint of Science jaialdia (elkarteak Gasteizen du egoitza).  Gasteizen, garagardoaren bi zale amorratu aritzen dira Pint of Science koordinatzen: UPV/EHUko ikertzaile bat eta ELIKAko Zaintza Teknologikoko arduraduna.

Sarrera doakoa izango da, leku kopurua bete arte.
Informazio guztia eskura dago webgune honetan: http://pintofscience.es/
Harremanetarako: prensa@pintofscience.es