euskaraespañol

AIMS sortu da, industria fabrikazioan adimen artifiziala bultzatzeko lankidetza hitzarmena

IDEKOk, BCAMek, UPVEHUko Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroak (CFAA) eta IMH Campusek bat egin dute elkarlaneko gune hori sortzeko, ekoizpen inguruneetan digitalizazioa bizkortu nahian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/25

Irudia
Talde argazkia CFAAren instalazioetan. Argazkia: UPV/EHU.

Ekoizpen inguruneen digitalizazioa bizkortzeko xedearekin, BRTAko (Basque Research and Technology Alliance) IDEKO teknologia guneak, UPV/EHUko CFAA Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentro mistoak, IMH Campus prestakuntza aurreratuko zentroak eta BCAM matematika aplikatuko EAEko zentroak gaitasunak batu dituzte AIMS (Artificial Intelligence Manufacturing for Sustainability) ikasgela sortzeko; industria fabrikazioaren sektorean adimen artifizialeko (AA) irtenbideak aplika daitezen bultzatzea xede duen elkarlaneko ingurunea, alegia.

Unitate berri hori CFAAren instalazioetan kokatuta dago, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea Zamudion, eta erronka nagusitzat izango du teknologia digitalak ekoizpen sistemetan ezarri daitezen sustatzea, horietan esku hartzen duten eragileen arteko lankidetzaren bitartez.

Martxo honetan zehar proiektuaren egoitza fisikoa amaitu da, CFAAren 0 solairuan kokatuta. Zentro horrek punta-puntako ekipamenduaz hornituta dago; hamalau makina erreminta, fabrikazio gehigarriko sistemak edo metrologia aplikazioak, besteak beste. Horri gehitu behar zaio makinak datu sare oso aurreratu bati lotuta egotea.

AIMS Ikasgela aukera handi bat da EAEko manufakturaren sektorean adimen artifizialaren aplikazioan aurrera egiteko; horrek aukera emango baitigu teknologian eta berrikuntzan funtsezko jauzi kualitatiboa egiteko.

Aliantza horren barruan, CFAArek aeronautika sektorera zuzendutako fabrikazio aurrerapenean duen eskarmentua eskainiko du, eta BCAMek, berriz, ekimenaren alderdi zientifikoenean lan egingo du, betiere matematikaren azken aurrerapenak herrialdeko ekoizpen sektoreetan lagundu eta aplikatu nahian.

Industria fabrikazioan Adimen Artifiziala bultzatzeaz gain, AIMS Ikasgelak epe ertaineko erronka gisa du industria fabrikazioaren sektoreek eskatzen duten berrikuntza sortzeko gauza diren profesionalak prestatzea eta ingurune horien errealitatea etorkizuneko ikertzaileengana gerturatzea.

Ildo horretatik, IDEKOk langile espezializatuak jarriko ditu, makina erremintaren sektorearen eta adimen artifizialeko teknologien gainean duen jakintza gune berri horren zerbitzura jartzeko. Guneak Elgoibarko teknologia gunearen azpiegoitza gisa jardungo du.

Bestalde, IMH Campusen, UPV/EHUri atxikitako zentroa, fabrikazio aurreratuko espezialistak prestatzen dira, etorkizuneko industrian gehien eskatutako trebetasun eta gaitasunekin, lanbide heziketaren, unibertsitate prestakuntzaren eta etengabeko prestakuntzaren bidez. Emakume eta gizon horiek gaitasun teknikoak eta giza gaitasunak garatzen dituzte, eta beren talentua benetako proiektuetara bideratzen dute IMH Campusekin elkarlanean aritzen diren enpresa sare zabalaren barruan: aurrerapena errealitate bihurtzen duen konexio sarea.  IMH Campus Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agentea da, baita AFM klusterreko kidea ere.

Ez dugu ahaztu behar Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa UPV/EHUn dagoela, eta aliantzara, fabrikazioaren arloko izen handiko ikertzaileak ez ezik, jakintzaren beste zenbait alorretakoak ere gehitzen ditu; telekomunikazioetakoak eta informatikoak, besteak beste. Gainera, kontratazio fasean dauden zenbait doktorek bat egingo dute laster, Europako COFUND Adagio programaren barruan.

AIMS aliantzak zenbait diziplina teknologikotako talentua gune berean uztartu eta osatu nahi du, eta funtsezkoa izango da digitalizazioa bizkortzeko, bai eta EAEko industriaren ekoizpen sistemetara funtzio berriak gehitzeko prozesua azkarrago egiteko ere. Hori lortzeko, funtsezko osagai bat da profesional motibatu eta ilusionatu berriak prestatzea, egin beharreko bidearen gaineko ikuspegi bera dutenak, eta gizarte eta industriarekin dugun konpromisoari erantzuten diogu horrela.

Erronka oso handia da: adimen artifizialeko eta digitalizazioko azken teknologiak fabrikazio aurreratuko inguruneetara eramatea.  Baina aliantza horretako kideek, zalantzarik gabe, jakintza, bitartekoak eta ikertzailerik onenak dituzte, eta dauden tokian enpresa asko aritzen dira I+Gko proiektuetan elkarlanean. Eskura dago arrakasta.

CFAAri buruz

CFAA Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa 2017an inauguratu zen aeronautika turbinen sektorearen beharren inguruko makinak eta prozesuak garatzeko.  Honako hauen arteko hitzarmenaren ondorioz sortu da: Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia, 92 enpresa eta erakundez osatutako enpresa elkarte bat eta UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatea. Euskal Herriko Unibertsitateko ikergune misto bezala eratuta dago.

Helburutzat du aplikazio finalistetara bideratutako ikuspegiarekin lan egitea, eta fabrikazioaren arloko teknologia aurreratuetan jakintza berria sortzea, bereziki aeronautika sektorera bideratuta. Horrenbestez, AIMS proiektu berriak zentroaren proiektua finkatzea ahalbidetzen du, eta haren jarduera are erakargarriago bihurtzen du, hala enpresa sektorearentzat nola garapen teknologikoaren arloarentzat. Eta hori guztia ikasleen prestakuntzarako askotariko onurak ahaztu gabe.

Unibertsitateak aitortza handiko ikertaldeak ditu Ingeniaritza Mekanikoaren, Informazioaren Teknologien, Enpresen Antolakuntzaren eta beste sail batzuetan. Haren goiburua «Eman ta zabal zazu» da, eta proiektu hau eta lankidetzara oso irekia egotea dira horren froga.

IDEKOri buruz

EAEko IDEKO teknologia guneak, BRTA aliantzako kideak, 35 urtetik gorako ibilbidea du fabrikazio aurreratuari aplikatutako teknologia berriak ikertzen, garatzen eta arlo horretako berrikuntzan, bereziki doitasuneko makina eta prozesuetan eta manufakturari aplikatutako adimen artifizialean. Haren I+G+Bko jarduera irtenbide berritzaileak eskaintzera bideratuta dago, enpresa ehunaren lehiakortasuna laguntzeko, eta 4 ikertalde hauen inguruan antolatzen da: Dinamika eta Kontrola, Fabrikazio Prozesuak, IKTak eta Automatizazioa eta Doitasuneko Diseinua eta Ingeniaritza.

IMH Campusari buruz

IMH Campus ZTBParen eragilea da eta UPV/EHUren ikastegi atxiki gisa jarduten du; AFM klusterreko kidea da, halaber.

IMH Campusen fabrikazio aurreratuko espezialistak prestatzen dira, etorkizuneko industrian gehien eskatutako trebetasun eta gaitasunekin, lanbide heziketaren, unibertsitate prestakuntzaren eta etengabeko prestakuntzaren bidez. Emakume eta gizon horiek gaitasun teknikoak eta giza gaitasunak garatzen dituzte, eta beren talentua benetako proiektuetara bideratzen dute IMH Campusekin elkarlanean aritzen diren enpresa sare zabalaren barruan: aurrerapena errealitate bihurtzen duen konexio sarea.

BCAMi buruz

BCAM - Basque Center for Applied Mathematics Matematika Aplikatuaren esparruko lehen mailako ikergune bat da. Eusko Jaurlaritzak 2008an sortu zuen Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentro gisa (BERC gunea), matematikako diziplina anitzeko ikerketara bideratuta, bai eta prestakuntzara, talentua duten zientzialariak erakartzera eta zientziaren eta teknologiaren arloko aurrerapenak munduan sustatzera ere. Severo Ochoa Bikaintasun ikastegi gisako akreditazioa bitan lortu du, halaber.

Jakintza Transferentzia Unitatearen bitartez (KTU - Knowledge Transfer Unit), BCAMek helburutzat du zientzia erronketarako matematika irtenbideak garatzea, bizitza errealaren aplikazioetan oinarrituta, jakintza eta teknologia industrian eta gizartean oro har zabaltzeko, matematikaren, datu zientziaren, estatistika metodoen eta adimen artifizialaren bitartez. Horrenbestez, AIMSen parte hartuz, fabrikazio adimentsuaren sektoreko lankidetzak sustatuko dira, eta BCAMek balio erantsia eman dezakeen I+G+Bko proiektuetan lagunduko du.