euskaraespañol

Nazioarteko astea Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/18

Irudia
Errealitate birtualarekin praktikatzen duten ikasleak. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolak nazioarteko aste bat antolatu du, ‘Production management, simulation and manufacturing plants’ izenekoa. Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako Campuseko ikastegia Euclides sareko partaidea da (Europako ingeniaritza eskolak). Sare hori zortzi herrialdetako 18 unibertsitatek osatzen dute.

Unibertsitate horiek nazioarteko asteak antolatzen dituzte urtero, hau da, aste bateko ikastaroak beste ikastegi batzuetako ikasleentzat, zeinetan gai espezifikoak lantzen diren. Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolaren kasuan simulazioa eta errealitate birtuala landu dira ekoizpenaren arloan. Helburua izan da hurbiltzea parte hartzaileak simulazioaren teknologiara errealitate birtualaren bidez, ekoizpenaren kudeaketara eta fabrikazio instalazioen simulaziora.

Nazioarteko astean unibertsitate hauetatik etorritako 15 ikaslek hartu dute parte: HEIG-VD (Suitza), Udineko Unibertsitatea (Italia), Hasselteko Unibertsitatea (Belgika), Haute École Louvain (Hainaut - Belgika), eta Dornbirneko unibertsitate eskola (Austria). Irakasleak UPV/EHUko Enpresen Antolakuntza sailekoak izan dira (Rio, Javier Fernandez Aguirrebeña eta Aitor Ruiz de la Torre), eta ondokoak izan dituzte lankide: José Antonio Muiña (FlexSim Iberia enpresa – Espainia eta Portugal), simulazioetan aditua; Luca Gualtieri (Bolzanoko Unibertsitatea – Italia), industriako errobotika kolaboratiboan aditua; eta Rafael Rojas (Bolzanoko Unibertsitatea – Italia), Industria 4.0 laborategietan aditua.

Astean eskola teorikoak eman dira, non ariketak ebatzi diren simulazioaren bidez eta errealitate birtualarekin aritzeko aukera egon den. Gainera, bisitak egin dira aipatutako teknologietan lider diren enpresetara, hala nola Bridgestone eta Ulma Handling.

Bestalde, ekimen horren beraren barruan, Gasteizko Ingeniaritza Eskolako 13 ikasle ari dira parte hartzen nazioarteko hiru ikastarotan Belgikako hiru unibertsitatetan. Hain zuzen ere, ‘Sustainable Cities and Communities organised’ UCLL-ean, ‘Sustainable and Resilient Infrastructure and Buildings organised’ Antwerp-eko unibertsitatean eta ‘Sustainable energy in an IoT world organised’ KU Leuven Campus Ghent izenekoan.