euskaraespañol

Nazioarteko hamaika taldek Euskadiko konputazio kuantikoari buruzko lehen hackatoian parte hartu dute

Espainiatik, Estatu Batuetatik, Asiatik eta Latinoamerikatik etorritako 50 parte hartzaile baino gehiagok gau eta egun egin dute lan abenduaren 9an eta 10ean, Bilbao Arena Kirol Jauregian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/20

Irudia
Argazkia: UPV/EHU.

Miribillako Bilbao Arenak Bilbao Quantum Computing Hackathon ekitaldia hartu du abenduaren 9an eta 10ean. Euskadin konputazio kuantikoaren inguruan egiten den lehen hackatoia da, eta INNOLAB Bilbaok, IBMk eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko QUTIS Centerrek antolatu dute.

Ekitaldi honetan, 50 parte hartzailek baino gehiagok atsedenik gabe egin dute lan, 24 orduz, konputazio kuantikoaren laguntzaz, honelako gaiekin lotutako erronkei heltzeko: bizitza artifizialaren sorkuntza eta simulazioa, finantzak, kimika eta jokoak.

Horretarako, ikertzaileen, konputazio kuantikoaren arloko adituen, komunitateen eta Qiskiteko garapen taldeen aholkularitza izan dute. Parte hartu duten 11 taldeen artean, Euskadiko, Espainiako hainbat eskualdetako, Estatu Batuetako, Asiako eta Latinoamerikako ikasleak eta profesionalak zeuden, espezialistak honelako eremuetan: fisika, kimika, matematikak, ingeniaritza, programazioa eta jokoen diseinua eta garapena.

Hackatoian gauzatutako proiektu guztiak baloratu ondoren, epaimahaiak «Deep in Quantum» saria eman dio Joel Auccapucllak, Javier Gonzálezek, Fernando Machok, Jon Ander Oribek eta Rodrigo Asensiok osatutako taldeari, «Financial data simulations with Quantum Botlzmann Machine» erronkari heltzeagatik.

Paula Garcíak, Manuel Garcíak, Bruno Santidriánek, Erik Torresek eta Sergio Chicok osatzen duten taldeak ohorezko aipamena eskuratu du, «Quantum Artificial Life» erronkari eman dioten soluzioagatik. Arturo Acuavivak, Gabriel Grajeak, Aitor Morenok, Ibon Reinosok eta Frank Torresek osatutako taldeak, aldiz, «Teach Quantum» saria eskuratu du, «Quantum Finance: Pricing Financial derivatives using IBMQX» erronkari emandako soluzioagatik.

Ohorezko aipamena Oier Ajenjo de Torresen, Carlos Lagoren, Alberto Mirandaren, Aitor Moráisen eta Rafael Romónen taldearentzat izan da, «Grover's Algorithm» erronkari heltzeagatik. Konputazio kuantikoa gorabidean dagoen teknologia da; azkar egin du aurrera azken urteotan, eta emaitza positiboak erakusten ari da. Ordenagailu kuantikoen adimen artifizialarekin, simulazioarekin eta optimizazioarekin lotutako soluzioak mota guztietako lanetan eta industrietan erabil daitezke; besteak beste, finantzetan, kimikan, farmakoetan, materialetan, energian, garraioan eta logistikan.

INNOLAB Bilbaok, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko QUTIS Centerrek eta IBMk antolatu dute Bilbao Quantum Computing Hackathon, eta honako hauen laguntza izan dute: Bilbao Ekintza, Kutxabank, RS Components, BCAM, Deustuko Unibertsitatea, Café Fortaleza eta Laugar. Zer da INNOLAB Bilbao (www.ilb.eus): berrikuntza plataforma ireki bat da, eta, bertan, talentuak, teknologiak eta industriak bat egiten dute, enpresa erronkei soluzio digital berriak eskaintzeko. 2016an sortu zen, eta irabazi-asmorik gabeko elkarte pribatua da, Bilboko Udalak sustatutako lankidetza publiko eta pribatuaren emaitza. Elkarteak, gainera, hainbat arlotako bazkideak ditu: BBK, Deustuko Unibertsitatea, El Correo, Euskaltel, IBM, Mondragón korporazioa, BCAM, IMQ taldea eta Iberdrola.