euskaraespañol

Novaltiak eta UPV/EHUk Novaltia Gela jarriko dute abian, sektore farmazeutikoan ikerketa sustatzeko

Farmazia Fakultatean egiten den honelako lehen hitzarmena da, eta jarduerak elkarrekin egiteko bidea emango du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/22

Irudia
Manoli Igartua, Farmazia Fakultateko dekanoa, eta Miguel Ángel Artal Lerín, Novaltiako presidentea.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eta Novaltia banaketa farmazeutikoko kooperatibak oinarrizko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, farmaziaren esparruan irakaskuntzako, hezkuntzako eta ikerketako jarduerak sustatzeko.

Jarduera horiek UPV/EHUko Farmazia Fakultatean egingo dira, Novaltiaren laguntzarekin, eta, besteak beste, helburu hauek izango dituzte: farmaziaren esparruan prestakuntza eta ikerketa sustatzeko ekintzak antolatzea; ‘simulazio gela’ bat sortzea, bertan ikasleek prestakuntza praktikoa jaso ahal izan dezaten farmazia errealaren antzeko ingurune batean; azterketako eta ikerketako lan akademikoak egitea; eta jardunaldiak, ikastaroak, etab. antolatzea, ezagutza sortu eta hedatzen lagunduko dutenak. Hala, UPV/EHUko Farmazia Fakultatean egiten den honelako lehen oinarrizko hitzarmena izango da.

Gainera, hitzarmen honen bidez, unibertsitate-enpresa lankidetza programen esparruan azterketako eta ikerketako lan akademikoak batera egin ditzaten sustatzeko; gradu amaierako lanak eta master amaierakoak egiteko; eta bekak emateko, unibertsitate lanak sustatu, bultzatu eta egitera bideratutako babes programen bitartez.

 

Novaltiari buruz

Novaltia Sociedad Cooperativa Espainiako banatzaile farmazeutiko nagusietakoa da.  Lau gune logistiko ditu bete-beteko jardunean. Laurak batuta —Zaragoza, Zaratamo (Bilbo), Vitoria-Gasteiz eta Calatayud—, 26.000 m² baino gehiago ditu, eta 160 langile —1.000 bazkide farmazeutiko baino gehiagorentzat dihardute—, eskualde mailan duten ezarpen sendoari esker: % 74tik gora Aragoin eta % 30 inguru Bizkaian eta Araban.