euskaraespañol

Gaurko irudia

OER Town: gizarte-inklusiorako app bat

UPV/EHUko ikertalde batek doako aplikazio mugikor konfiguragarri bat garatu du tokiko galderak eta erronkak dituzten jokoen bidez ingurua ezagutzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/01/13

Eskurtze BHIko bi ikasle OER Town app-a probatzen Errekalde auzoan
Eskurtze BHIko bi ikasle OER Town app-a probatzen Errekalde auzoan. Argazkia: Nahia Idoiaga. UPV/EHU

UPV/EHUko diziplinarteko ikertalde batek OER Town mugikorrerako aplikazio bat garatu du. Hezkuntza proiektu bat da, app formatuan, doakoa, inguru bakoitzera egokitzen da, eta gizarte-inklusioa errazten du jokoaren bidez. Europako zenbait erakundek batera garatu dute ekimena, Nahia Idoiaga eta Dorleta Apaolaza ikertzaileak koordinatuta, eta Europar Batasunaren Erasmus+ programaren babesa izan du.

“OER Town gamifikazioaren ideian oinarritzen da –azaldu du Nahia Idoiaga sustatzaileak–; ikaskuntza teknika horrek irakasten laguntzen du jokoaren bidez. Interaktibitatea ezinbestekoa da gamifikaziorako –azpimarratu du ikertzaileak–, eta, horri esker, irisgarriagoa eta erakargarriagoa egiten zaio jokoa edozein pertsonari”. Praktikan jartzeko, Hezkuntza Fakultateko ikertzaileek Bilboko 7. barrutiko auzoetan probatu dute aplikazioa eta, horretarako, Eskurtze BHIren eta Gazteleku Garapen Komunitarioko Elkarteak eta Bilboko Udalak bultzatutako “Auzoak Abian” proiektuaren laguntza izan du.

Praktikan jartzeko, Hezkuntza Fakultateko ikertzaileek Bilboko 7. barrutiko auzoetan probatu dute aplikazioa 

“Testuinguru hau aukeratu dugu auzo honetako elkarteek jada lan handia egin dutelako ildo honetan: Trivial moduko joko analogiko bat sortu zuten, auzoa ezagutarazteko eta migratzaileen gizarte-inklusioa sustatzeko”, azaldu du Idoiagak. “Formatu digitalera egokitu ditugu jada diseinatuta zituzten auzoari buruzko galdera horiek –gehitu du ikertzaileak– eta auzo horietako irudietatik abiatuta gainditu behar dituzten erronka interaktiboak, memoria jokoak eta probak sortu ditugu”.

Eskurtze BHIko ikasleekin eta Iralako auzotarrekin probatu da aplikazioa. “Jokoa Trivial interaktibo bat da, auzoari buruzko galderak ditu eta oso emaitza positiboak ateratzen dira: Noiz eraiki zen inguruko eraikin sinboliko jakin bat? Zenbat hizkuntza hitz egiten dira auzo honetan?, eta abar. Gai horiek ez dira migratzaileentzako bakarrik, barrutian bizi direnentzako ere badira”, azaldu du proiektuaren koordinatzaileak. “Auzoak Abian” proiektuarekin egin dugun elkarlanari esker, OER Town-en sortzaileek baliabide digital berriak sortu ahal izan dituzte; auzo honetako edo beste batzuetako kolektiboek egokitu egin ditzakete horiek, beste jarduera batzuetarako. Hori horrela, “inguruari buruzko informazio asko lor daiteke, eta barrutian gizarte-inklusioa a sustatzen lagunduko du”.

Errealitate eta herrialde ezberdinetara egokituta

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek esperientzia handia dute gizarte-inklusioko programetan, eta Active Citizens, Greziako GKEarekin –aplikazioaren garapen teknologikoaz arduratu da–, Pistes Solidaries Frantziako erakundearekin, CESIE ikerketa eta ekimenen Europako zentroarekin eta Iberika Group Alemaniako hizkuntzen taldearekin lankidetzan egin dute OER Town proiektuaren ekimena.

Herrialde horietako erakundeekin egin da elkarlana, eta, gainera, Europar Batasunaren babesa izan du. Horri esker, proiektua Europatik zabaldu ahal izan da. Horrela, beste testuinguru eta hiri ezberdin batzuetara egokitu da aplikazioa kasuan kasuko galdera eta jokoekin. Berlin da adibide bat. Bertan, “migratzaileak langileen auzoen % 90ean baino gehiagoan daude”. Idoiagak azaldu duenez: “Kolektibo bakoitzak ezberdin erabiltzen du aplikazioa, nork bere beharren eta inguruaren arabera; hori da ona, pertsonalizatu daitekeela eta edozein ingurutan erabil daitekeela”.

Nola erabiltzen da OER Town?

Aplikazioa mugikorrean deskargatu behar da, eta erabiltzaile bat sortu, aplikaziora sartu ahal izateko. Gero, toki edo elkarterako sortutako QR kodeak eskaneatu behar dira; horien bidez, testuinguru horretarako egindako gai zehatzarekin lotutako joko edo erronkara joango zara”. 
Bilbon, gizarte-inklusioko jokoetan zentratu dira, baina, Europako beste hiri batzuetan, “hiriguneari buruz egin dute eta hiriko toki enblematikoenen zentzu historikoago batekin”. Aplikazioak askotarikoak dira, toki bakoitzaren beharrak zein diren.
Ikerketa proiektua aurtengo martxoan amaituko bada ere, taldearen helburua da aplikazioa hura erabili nahi duten beste toki batzuetan edo kolektibo batzuei zabaltzen jarraitzea da: “Zenbait irakaslek esan digute haien ikasleek berek egitea beren erronkak; interesatzen zaizkien gaiei buruzko euskarazko galderak sortzeko aukera bat da hori” dio Idoiagak. Horretarako, Bilboko Hezkuntza Fakultateko taldea “erreminta kutxa” bat kaleratzeko lanean ari da. Horri esker, proiektua beren beharretara egokitu nahi duten beste kolektibo edo auzo batzuek proiektua egin ahal izango dute. Taldea prest dago aplikazioa erabiltzen hasi nahi duen edonorekin lan egiteko.

 

Proiektuari buruzko informazio gehiago:
http://oertown.eu/