euskaraespañol

Eguneko irudia

Edozein kirolariren ametsa da hiri olinpikoan bizitakoa

XVI. Aste Olinpikoari hasiera emateko, omenaldia egin zaie Joko Olinpikoetan eta Paralinpikoetan parte hartu duten Unibertsitateko kirolariei. Tokion izandako esperientziaz galdetu diegu.

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/16

Virginia Díaz, Odei Jainaga, Agurtzane Egiluz y Jorge Pineda (Falta Asier Martínez). Foto: Fernando Gómez
Virginia Díaz, Odei Jainaga, Agurtzane Egiluz eta Jorge Pineda (Asier Martínez ezin zuen etorri). Argazkia: Fernando Gómez

Oraindik ez dira Tokion bizi izandako ametsetik esnatu, eta aitorpenak biltzen jarraitzen dute. Agurtzane, Jorge, Odei, Virginia eta Asier dira, azken Joko Olinpikoetan eta Paralinpikoetan parte hartu duten Unibertsitateko ikasleak. UPV/EHUren XVI. Aste Olinpikoaren inaugurazioan aurkitu ditugu. Bertan, Bilboko Udaleko, Bizkaiko Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako agintariak Bizkaiko Campuseko errektoreordearekin batera izan dira aurtengo edizioaren inaugurazioan. Oraingoan, hasteko, omenaldia egin diete gure eliteko kirolariei.

“Zaila da imajinatzea nola antolatzen zareten ikasturteak gainditzeak eskatzen duen eskakizun mailari eusteko eta, aldi berean, entrenamenduetan eta lehiaketan maila gorenean aritzeko”, esan die Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordeak lau ikasle eta kirolari horiei, XVI. Aste Olinpikoaren inaugurazio ekitaldian egin dieten omenaldian.

Aukera paregabea da omenaldi hau egiteko; izan ere, aurtengo edizioan, Sergio Seoane Bizkaiko Campuseko Kiroletako zuzendariak azaldu duenez, “jardunaldi hauetan Tokioko joko bereziak aztertuko dira, euskal atleta olinpikoak eta paralinpikoak azpimarratuz, emakumeen parte hartzea nabarmenduz eta Joko Olinpikoetan ikusleek izan duten papera edo NOBek egin berri dituen aldaketak aztertuko dituzten hitzaldiekin”.

Bost ikasleok esperientzia pertsonal ahaztezina bizi izan dute, bertan jokatu zituzten kirol erronketatik haratago. Hiri olinpikoan nola ibili ziren kontatu digute, eta ikasketak eta eliteko kirola nola uztartu ditzaketen eta etorkizunerako zer itxaropen dituzten ere bai.

Agurtzane

Agurtzane Egiluz: “Litxarreriaz betetako denda batean dagoen neska bat bezala”
Vitoria-Gasteiz. 1997
Paralinpikoa
Gurpil aulkiko saskibaloia #BSRR
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua. Digital Management & ERP: 4.0 enpresaren kudeaketa masterra ikasten ari da.

Agurtzanek saskibaloian jokatzen zuen eta, istripu baten ondoren, berriz jokatuko ez zuela pentsatu zuen. Vital Zuzenak Fundazioan errehabilitazioa egin ondoren, Zuzenak BSRArabako gurpil aulkiko saskibaloi talde mistoan jokatzera gonbidatu zuten. “Talde mistoak diren arren, arraroa da neska asko Estatuko ligan jokatzen ikustea”, azaldu du. “Hemen bi gaude; beste batzuetan bat edo bat ere ez”, kexatu da.

Madrilgo hotel batean jakin zuen Tokiora joango zela; taldearekin kontzentratuta zegoen bertan. “Jende gutxiri esan nion. Gasteiz txikia da eta banekien berehala mundu guztiak jakingo zuela”.

Ziurtatzen duenez, hiri olinpikoa ez da beste esperientzia batzuk bezalakoa: “Europako bi txapelketatan eta munduko txapelketa batean izan naiz, baina han bizi duzuna ezin da ezerekin alderatu”, esan du Egiluzek. “Diziplina eta herrialde guztietako kirolariekin bizi zara. Lehen egunetan litxarreria denda batean dagoen neska bat bezala sentitu nintzen!”, azaldu du saskibaloi jokalariak. “Hasierako izugarrizko pozaren ondoren, egin behar genuen horretan zentratu ginen”.

Pasadizo hau ekarri du gogora: “Azken egunetan, beste herrialde batzuetako kirolariekin trukatuko genuen denek ekipamendua, eta kanadar batekin egin genuen topo: Amaia zuen izena, euskal abizenak zituen, gaztelaniaz hitz egiten zuen eta lauburu bat zeraman zintzilik! Gugana hurbildu zen. Euskal jatorria zuen, noski, eta ‘lehengusinak’ bihurtu ginen”, dio txantxetan kirolari gasteiztarrak.

Aitortu du orain masterrekin errazagoa egingo zaiola ikasketak eta kirola uztartzea: “Lau urte eman ditut tuperrean jaten, eskolen ordutegiak, entrenamenduak eta, gainera, Gasteiztik Bilborako eta Bilbotik Gasteizerako autobus bidaiak uztartu behar izan ditudalako”, esan du. Irakasleekin nahiko ondo antolatu ahal izan naizen arren, beti egon naiz haien eskuzabaltasunaren mende, eta, batzuetan, ligako partida bat eta gero goizeko ordu txikietan iristen nintzen herrialdeko beste puntatik, eta hurrengo egunean azterketa bat izaten nuen”. “Baina, beti esan dudanez, zerbait benetan gustatzen bazaizu, agian kosta egingo zaizu, baina lor dezakezu”, esan du kirolari paralinpikoak.

Asier Martínez Etxarte

Asier Martínez: “Ziur aski, momentuan ez duzu behar bezala baloratzen”
Iruña. 2000
Olinpikoa
Hesi-lasterketa (110 m)
Politika Zientziak eta Kudeaketa Publikoko Gradua. 4.maila.

Olinpiadetarako pasea lortu zuen Japoniako jokoak hasi baino hilabete batzuk lehenago. Bere ustez, "François Beoringyan entrenatzailearen eta nire urtebeteko lanaren saria zen". Esfortzu hori lauzpabost orduko eguneroko entrenamenduetan gauzatu zen.

Nafartarrak aitortzen duenez, "ikasketak eta entrenamenduak ahal den moduan uztartzen saiatzen naiz, ahalegin handia eskatzen dit eta. Normalean ezin dut klaseetara joan eta unean-unean antolatzen den kontu bat da: ordutegia, praktikak edo azterketak irakasleekin negoziatzen, eta batzuek utzi egiten dizute eta… beste batzuek ez. Ikaskideekin antolatu behar naiz, posta elektronikoari etengabe begira,… ez da erraza".

Lehenengo bi ikasturteak Bilbon eman zituen ikasten eta bere kabuz entrenatzen, baina "hirugarren mailan Iruñera itzultzea erabaki nuen, ez nuen beste aukerarik, aitortzen du: ongi entrenatzeko entrenatzailearekin eta nire taldean (Club Pamplona Atléticon) egin behar nuen, horregatikan hartu nuen erabakia. Badakit ez dela onena nire ikasketetarako, baina ez dut alternatibarik -azaltzen du-, orain laugarren maila bitan banatuko dut geratzen zaidanari hobeto aurre egiteko, ikasturte hau zorrotzagoa baita ".

Hiri olinpikoan "edozein kiroletako eta herrialde guztietako kirolariak ikusten dituzu, eta istorio handi baten parte zarela sentitze duzu; bai… baina, unean, ez nuen ezer berezirik sentitu. Han nengoenean, lehengo egunetan, bakarrik pentsatzen nuen behar bezalako txapelketarako prestatzea, ‘olinpiadako moduan’ jartzen zara. Seguru asko, une horretan ez duzu bere garrantzi osoan baloratzen eta, ziurrenik, aurrerago egingo du ", hausnartzen du Asierrek.

Asierrek ez du atseden hartzeko denbora askorik izan bueltatu zenetik. "Eskolak hasi dira eta aurten Oregongo mundiala dugu. Hori da orain helbururik garrantzitsuena eta bizpalau hilabete besterik ez ditut prestatzeko.

"Paris? Hori urrun dago oraindik -dio-, ez zait asko gustatzen gehiegi aurreratzea, baina, noski, hurrengo olinpiadetan egotea helburu bat da", onartzen du Asierrek.

Etorkizunean, oraindik ez du bere burua ikusten zientzia politikoekin zerikusia duen zerbaitetan lan egiten. "Oraindik ez dut asko hausnartu, baina oraindik ez dut neure burua prest ikusten arlo horretan jarduteko. Bestalde, kirol munduan lan egitea nahiko nuke, baita ikasten jarraitu ere: master bat edo beste gradu bat… bere momentuan ikusiko dugu ".

Jorge

Jorge Pineda: “Oraindik prozesatzen ari naiz”
Getxo. 1997
Paralinpikoa
Arrauna: PR3 lauko ontzi mistoa lemazainarekin (PR3Mix4+)
Gradua: Medikuntzako 4. urtea. Gurutzetako irakasgunea.

“Tokiora gindoazela zihoen whatsappa jaso nuenean, oihu bat egin nuen: edozein kirolariren ametsa da!”, azaldu du. “Pariseko Joko Paralinpikoetan (2024) parte hartzen saiatzeko kirol proiektu hau prestatzen ari ginen, baina aurreratu egin ginen eta Tokion egotea lortu dugu”, adierazi du pozik.

Jorge anaiaren pausoei jarraituz hasi zen arraunean. “Familiako lagun batek izena eman nahi zuen galdetu zion eta, bi urte geroago, niri esan zidan. Hamahiru urte nituen orduan; hamaika urte geroago, kirol ekitaldirik handienean lehiatzen ari nintzen.

“Han zaudenean, giroa aparta da, kirola arnasten da. Nekatuta zaude entrenamenduengatik, baina pozik, bizi duzun guztiagatik. Zaila da hiri olinpikoan zentratzea, estimulu asko baitaude inguruan, baina bagenekien zertara joan ginen. Horretan kontzentratzen zara, zure lanarekin pozik atera nahi duzulako handik”, azaldu du. Lasaitasun hori gorabehera, Jorgek behin eta berriz azpimarratu duenez, “oso zaila da azaltzea zer sentitzen den horrelako esperientzia bat bizi duzunean”.

Medikuntza Fakultateko eguneroko bizitza ere ez da erraza Getxoko kirolariarentzat. “Laugarren urtea hasi dut eta Gurutzetako irakasgunean nago”, azaldu du.

“Nola antolatzen naizen? Egunak hogeita lau ordu ditu eta guztiak ondo aprobetxatu behar dira”, esan du. “Eskolan ez dago pribilegiorik, nire taldeko Apunteen Batzordean nago eta horrek esan nahi du bakoitzak tokatzen zaiona eman behar duela honek funtzionatuko badu”, esan du. “Egia da zortea izan dudala eta lehiaketak direla eta ez dudala azterketen eguna aldatzea maiz eskatu behar izan”, gaineratu du.

Pinedak “maila gorenean lehiatzen jarraitu” nahi du ahal duen arte, “bai eta BAMEa egin ere, mediku gisa prestatzeko”. Bien bitartean, Parisera iristeko prestatzen jarraituko du.

Odei

Odei Jainaga: “Han egon arte, ez dakizu benetan nolakoa den”
Eibar. 1997
Olinpikoa
Xabalina jaurtiketa.
Gradua: Haur Hezkuntza. Gradu Amaierako Lana prestatzen.

“Nire zaletasuna arrantza da, hau nire lana da”, esan du Odeik espezialitate olinpikoarekiko zaletasuna nola sortu zitzaion galdetuta. Eta, hain zuzen ere, bere zaletasuna praktikatzen ari zela eman zioten albistea: arrantzan zegoela. “Egun batzuk neramatzan zerrendei begira, Tokiorako txartela lortu ote nuen ikusteko”, baina ez zen iristen.

“Esan zidatenean poz-pozik nengoen, baina mugikorra itzali nuen, banekielako dei eta mezu mordo bat iritsiko zitzaidala”, esan du barrez.

Jainagak Espainiako errekorra du modalitate honetan eta, dirudienez, amaren geneak ditu; xabalina jaurtiketako txapelduna izan da hiru aldiz, eta Espainiako errekorra du. Baina argitu duenez, “ez nuen ama lehiatzen ikusi” eta etxean ez zuten kirol horretan aritzera bideratu. “Eskolan nengoela hasi nintzen eskolaz kanpoko jardueretan, eta beste kirol batzuk ere probatu nituen”. Baina iaioa zen, eta jarraitu egin zuen eta Realak 18 urterekin fitxatu zuen bere Atletismo Kluberako.

“Hara joan arte ez duzu imajinatzen nolakoa izan daitekeen hiri olinpikoa”, esan du Odeik. Aitortu du oso ezaguna izan zela hedabideetan beste herrialde batzuetako kirolarien artean orratzak bilatzeagatik. Makina bat pasadizo ditu: “Andorrako telebistako kazetari bat etorri zitzaidan orratz batekin, eta erronka bat bota zidan: Đokovićekin trukatzea. Noski, hala egin nuen”. Kazetariak txundituta begiratzen zion; eszena grabatu eta bere katean eman zuen. Televisión Españolak eta beste batzuek ere euskal kirolari olinpikoaren pinei buruz hitz egin zuten.

“Beste egun batean, igogailuan jaisten ari ginen, eta hara non ikusi nituen ni baino altuagoak ziren tipo batzuk, eta nik 1,95 cm neurtzen dut. Gasol eta konpainia ziren”, dio barrez.

Orain, etxera itzultzean, hainbat erronka ditu: “Ikasketei dagokienez, GRALa amaitu nahi dut, Haur Hezkuntzako gradu osoak baino buruhauste gehiago eman dizkit eta”, esan du. Eta, kirolari dagokionez, “sorbalda sendatzea nahi dut; lesio hau gainditu behar dut, berriz ere sasoian egoteko eta Europako eta Munduko txapelketak prestatzeko, eta prest egoteko Parisen ehuneko ehunean lehiatzeko; izan ere, Tokion ikusi ahal izan denez, asko igo da kirol maila”.

Virginia

Virginia Díaz:  “Deskribaezina da: Espainiako kirolari onenekin nindoan”
Santander. 1991
Olinpikoa
Arrauna: Emakumezkoen lemazainik gabeko biko ontzia.
Gradua: Erizaintza. Gaur egun: Medikuntzako 3. urtea.

Urte biribila izan zen 2019a Virginiarentzat: Europako txapeldun izan zen Aina Cidekin batera, eta, handik gutxira, 5. postua lortu zuen Munduko Arraun Txapelketan. Horrek eman zion Tokioko Joko Olinpikoetarako txartela. Horri esker, lasaiago digeritu ahal izan du Tokiorako bidaia.

“Madrilera iritsi nintzenean hasi zen dena niretzat, Espainiako ordezkaritza osoarekin bidaiatzen ari nintzela ikusi nuenean. Txundituta nengoen: Espainiako kirolari onenekin nindoan! Eta, gero, hirian geundela, munduko kirolari onenekin partekatzen eta hitz egiten duzu; Gasolekin, adibidez. Ikaragarria da! Deskribaezina!”.

Virginiak dio bere eguneroko bizitza ez dela erraza: “Egunero sei orduz entrenatzen dugu, hiru txandatan (goizez eta arratsaldez), larunbatak barne. Beraz, igandea bakarrik daukagu libre”. Sakrifizio handia dela aitortu du: “Bizitzan errutinak izatera behartzen gaitu; oso diziplinatuak izan behar dugu eta horrek lagunekin eta familiarekin egoteko denbora gutxi ematen digu”. Baina ez da damu. “Aukeratzen dugun bizitza da”, aitortu du.

Medikuntza ikastea ere ez da erraza Virginiarentzat. “Nire entrenamenduen ordutegiengatik, ezin naiz eskoletara erregularki joan, eta, beraz, baimena dut azterketetara aurkezteko, eskoletara joan gabe”. “Ikaskide zoragarriak izanda bakarrik lor daiteke hori. Ahalik eta ikasgai gehienetara aurkeztu ahal izateko egunean jartzen laguntzen didate. Nire begiak eta belarriak dira unibertsitatean ez nagoenean”, esan du.

Virginiak opor laburrak ditu orain, baina laster ekingo die berriro entrenamenduei, berriro lehiatzen hasteko. Paris du jomuga.

Eta etorkizunean zer? “Ba, ez dakit. Oraindik ez daukat argi nolakoa izango den; oraingoz lehiatzen eta ikasten jarraitu nahi dut, gero ikusiko dugu zer egin”, azaldu du Virginiak irribarretsu.

Amets bat bizi berri dute ikasleok; hiri olinpikoan egon izanak betiko markatu ditu eta horrela kontatu dute gure topaketan. Orain ikasketetara itzuliko dira, baina baita, merezitako oporraldiaren ondoren, entrenamenduetara ere. Helburu berriak dituzte jada: Espainiako txapelketak, Europakoak, mundukoak eta, nola ez, 2024ko Pariseko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak.

XVI. Aste Olinpikoak aurrera darrai

Kirolari horiei omenaldia egin ondoren, XVI. Aste Olinpikoaren egitarauak aurrera darrai, hitzaldi, mahai inguru eta bestelako jarduerekin, eta, gaur (osteguna), azken hitzaldiak eta mahai ingurua egingo dira. Ekimen horrek UPV/EHUren eta espiritu olinpikoaren balioen arteko lotura erakusten du.

Izan ere, Bizkaiko Campuseko errektoreordeak azaldu duenez, “Olinpismoaren balioak guztiz bat datoz unibertsitatearekin eta haren egitekoarekin. Kulturaren, hezkuntzaren edo elkartasunaren aldeko apustua egitea bete-betean lotuta dago UPV/EHUn Garapen Jasangarriko Helburuen bidez lantzen ari garenarekin. Horregatik, Bilboko Aste Olinpikoa antolatzea oso erronka egokia da Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzarentzat”.