euskaraespañol

Osasun-sistema, Europako elikadura-sistema aldatzeko giltzarri

Elikadura-sistema jasangarriak eta osasun-sistema aztertzeko europar proiektu baten buru da UPV/EHU

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/16

Irudia
Elikadura-sistema jasangarriak eta osasun-sistemak aztertzea da RENASCENCE Europako proiektuaren helburua (UPV/EHU).

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen ardurapean dago RENASCENCE Horizon 2020 europar proiektua. Proiektuaren helburua da osasun-sistemarentzako tresna erabilgarri bat sortzea elikadura-sistema jasangarri baterako bidea egiteko. Izan ere, osasun-sistemak zein bertako profesionalek elikadura-sisteman eragin ekonomiko eta sozial handia izan dezaketela iritzi dute proiektuaren arduradunek. Gaur, maiatzak 16, elikadura osasuntsu eta jasangarriaren Europako eguna aukeratu dute diziplina anitzeko europar proiektua ezagutzera emateko.

Gaur egungo Europako elikadura-sistema ez dago etorkizunerako prest: elikagaiak ekoitzi, prozesatu, garraiatu, kontsumitu eta xahutzeko modua ez da jasangarria. “Ingurumenaren degradazioa dakar; osasun-arloan obesitate-tasak altuak dira eta, aldi berean, jendea gosez hiltzen ari da; Ipar Amerikaren eta Europaren elikagai-kontsumoa ikaragarria da, aztarna analisiek iradokitzen dute Ipar Amerikak eta Europak planeta asko balira bezala kontsumitzen dituztela baliabideak.  Egungo elikadura-sistemak hori guztia areagotu egiten du, eta, hortaz, ez da inolaz ere bideragarria. Gainera, populazioa hazten ari da. Beraz, zerbait egin beharra dago”, adierazi du Goiuri Alberdi RENASCENCE Horizon 2020 europar proiektuko ikertzaileak.

“Europan gutxi gorabehera 2,5 milioi ohe daude ospitaletan, eta horrenbestez, esaterako, 2,5 milioi otordu zerbitzatzen dira egunero-egunero. Otordu horiek guztiak prestatzeko elikagaien erosketak, prestaketak eta abar modu jasangarri batean eginez gero eragin handia izan dezake egungo elikadura-sisteman, eta bide horretatik egin nahi dugu indarra”, dio UPV/EHUko ikertzaileak. “Gure aburuz, Europako osasun-zerbitzuen zein bertako profesionalen eginkizuna oso garrantzitsua da etorkizuneko elikadura-sistema jasangarriak hobetzeko”, azpimarratu du Alberdik.

Proiektua hastapenetan dago eta metodologia kualitatibo bat erabiliko dute aurrera ateratzeko. “Momentuz, egungo egoeraren azterketa egiten ari gara; ondoren, Europako elikadura- eta osasun-sistemekin zerikusia duten erakundeetako aditu zein profesionalen iritziak eta ekarpenak jasoko ditugu; eta azkenik, guztiak agertoki errealetan, besteak beste, ospitaletan, nola funtzionatzen duen ikusi beharko dugu”, dio Goiuri Alberdik.

Azken produktu gisa, “osasun-sistemara soilik bideratuta egongo den adierazle-sistema bat lortu nahi dugu, zeinak osasun-zerbitzuei beren politika eta estrategietan erabakiak hartzen lagunduko dien, betiere elikadura-sistema jasangarri bateranzko bidean—azaldu du Alberdik—. Osasun-sistemara bideratutako lehenengo adierazle-sistema izango da elikaduraren arloan”. 

Informazio osagarria

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea da RENASCENCE H2020 europar proiektuaren arduraduna, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuarekin elkarlanean. Proiektuak bi ardatz nagusi ditu: arlo ekonomikoa eta osasun arloa. Horrenbestez, UPV/EHUko lantaldea ekonomialariz zein nutrizionistaz osatua dago eta Goiuri Alberdi, Mirene Begiristain eta Jon Landetak osatzen dute. Hala ere, proiektu parte-hartzaile bat da, eta beraz, Europako elikadura- zein osasun-sistemekin zerikusia duten erakundeen parte-hartze oparoa espero dute arduradunek.