euskaraespañol

Aitor Aritzeta

Eguberri pandemikoak

Aitor Aritzeta doktorea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/22

Irudia
Aitor Aritzeta. Argazkia: Aitor Aritzeta. UPV/EHU

Emozioaren teoria kognitiboen arabera, sentitzen duguna, funtsean, gertatzen denari buruz egiten dugun ebaluazioaren edo interpretazioaren araberakoa da. Egiaz, gertaera batzuek erantzun afektibo prototipikoak sortzen dituzte, esate baterako, maite dugun pertsona baten heriotzaren aurreko tristura. Hala ere, adibidez, Eguberrien esanahia egiten dugun ebaluazioaren eta horretatik eraikitzen dugun esanahiaren araberakoa da. Hala, Berger eta Luckmann-i jarraituz (1986), konstrukzionista erradikalak izanik, munduan dauden pertsona adina eguberri daudela defenda genezake, baina errealitatea antolatzeko asmoz (inkontzienteki eta ekonomia mentalagatik egiten dugu), erredukzionista izateko eskudantzia hartuta, pertsonen hiru kategoria edo talde proposatzen ditut.

Bai arrazoi erlijiosoengatik, bai arrazoi tradizional ez-erlijiosoengatik, Eguberriak ospakizunarekin, ilusioarekin eta berriz elkartzearekin lotzen dituzten pertsonak daude. Gero, Eguberriak antsietate, bakardade eta sufrimendu garai gisa ikusten eta sentitzen dituztenak daude. Eta, azkenik, gehiegikerien, hipokresiaren eta kontraesanen garaitzat soilik ikusten dituzten pertsonak daude. Irakurlea pertsona horietako batekin identifikatzen bada, zorionak ematea dagokit, nola ez, Eguberrietan. Ziurrenik, oraintsuko historian ez da beste une aproposagorik egongo jarrera hori indartzeko eta Eguberriak kontsumismo ikaragarriaren eta kapitalismo errukigabearen egutegian hiru egun baino ez direla adierazten duen argudioa finkatzeko. Urte honetatik aurrera, ez dut zalantzarik, interpretazio horrek jarraitzaile asko irabaziko ditu (bakoitzak erabakiko du hori pandemiaren ondorio positibo horietako bat den).

Baina, kontuan hartuta aipatutako kategoriak ez direla estankoak eta pertsona batek gabonetako ilusioa senti dezakeela eta, aldi berean, fisikoki eta emozionalki bakarrik senti daitekeela, egoera benetan deprimitzaile eta depresiboetan dauden pertsonak aurki ditzakegu. Badakigu erretiratuen % 20 inguru bakardadean sentitzen direla Eguberrietan, eta horien % 40 inguruk estresarekin lotzen dituztela Eguberriak. Mendekotasuna duten edo adinekoen egoitzetan bizi diren pertsonen kopuru handi batentzat, fisikoki eta afektiboki euren familiengandik hurbilago sentitzeko aukera dira Eguberriak. Gabonen zain egoitza batean egon badira (agian, bizikide eta, batzuetan, lagunetako bat edo gehiago hil da) beren familiarekin berriz elkartzeko, eta azkenean, horretarako aukerarik izango ez badute, erraz ulertuko dugu, ikuspegi etiko batetik, egoera bakoitza kontuan hartuta interpretatu behar direla arauak. Ez dut araua haustera deitzen. Araua emozioaren, enpatiaren eta etikaren arabera iragaztera deitzen dut; beti, hori bai, pertsona ahulenen, hau da, adinekoen eta haurren osasuna eta segurtasuna zainduta. Ez ditut ahazten seme-alabak beren ardurapean dituzten eta bakarrik bizi diren emakume langabeak, ezta mendekotasuna edo gaixotasunak dituzten pertsonak, ezta pobrezia ezagutzen eta harekin bizitzen ari diren lanik eta diru-sarrerarik gabeko pertsonak, ezta pandemia honek berekin dakartzan zailtasunak isilean pairatzen ari diren guztiak ere.

Horiek guztiak gizartearen, gizarte-sistemaren parte dira. Gizartea ikuspegi sistemiko batetik behatzen badut, isomorfiaren printzipioak, besteak beste, zuzentzen duen giza gorputzaren parean jar nezake hura —isomorfia grezieratik dator (iso-morfos), eta forma berdina esan nahi du—.Matematikatik, isomorfismoa “egitura berdinaren” ideia atzematen saiatzen da. Ideia hori Kurt Lewin psikologoak finkatu zuen (1935), Gestalten (alemanez, forma edo ingerada) teoriaren funtsezko printzipio gisa. Geroago, Ludwig von Bertalanffy-k (1968) bere Sistemen Teoria Orokorra garatu eta aplikatu zuen. Teoria horrek azpimarratzen du sistemek, elkarren artean konektatuta egoteaz gainera, egitura dinamikoa dutela eta gero eta maila hierarkizatu konplexuagoetan antolatzen direla. Isomorfismoa honetan islatzen da: maila baxuenetik abiatuta (adibidez, zelula), gizartearen maila goren eta konplexuenetara iritsi arte, sistema guztiek egitura berberak dituzte eta antzeko antolaketa printzipio eta prozesuekin partekatzen dituzte beren eginkizunak. Horrela, gizartea gorputz bat bezala ikusten dugu, non atal guztiak elkarrekin erlazionatuta dauden eta behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren. Asko sinplifikatuz, gure zaharrek gorputz horren burua irudikatuko lukete. Eta neure buruari hau galdetzen diot: nora doa bururik gabeko gizarte bat? Memoria historikorik gabea? Pandemia honetan, gure adinekoak bakarrik hiltzen dira eta hil dira egun gutxiren buruan (“morfina jartzeko moduan!”, entzuten zen egoitza batzuetako korridoreetan). Eta askok bakarrik jarraitzen dute, Eguberrietan, bai, eta Gabonen ondoren ERE lagunduta egoteko desiratzen, beren pertsona maiteekin berriro elkartzea ospatu nahian. Azkenean berriz elkartzen bagara —badakigu kasu askotan hala izango dela—, ziur nago kontu handia izango dugula.

Beste sistema kaltebera bat ere pairatzen ari da, isiltasun erlatiboan, pandemia hau: haurrak. Berriro ere sinplifikatuz, eta gizartearen eta giza gorputzaren metaforarekin jarraituz, agian haurrak eta nerabeak, kontuan hartuta beren energia eta etengabeko ezinegona eta mugimendua, hankekin lotu daitezke. Hemen gogorarazi nahi dut sistemetan oinarritutako teoriaren printzipio arautzaileetako bat dela aztergai diren sistemak elkarrekin erlazionatuta daudela, hau da: “pertsona, taldea eta gizartea antzekoak dira egiturari, eginkizunari eta eraginkortasun-printzipio dinamikoei dagokienez. Edozein sistematan sartutako dinamikak aldatzearen ondorioa da sistema guztiak eraldatzen direla” (Agazarian eta Yanoff, 1996, 48. or.). Egungo egoerak aldaketa handia ekarri du hezkuntza-sisteman. Duela hilabete gutxi gure errealitatetik urrun zeuden kontzeptuak gure egunerokotasunaren parte dira orain (online irakaskuntza, bimodala, BBC, Zoom, Meet...). Ikasgelan maskarak erabiltzeak, besteekin normaltasunez erlazionatu ezin izateak, eskolak online jarraitzeak eta abarrek asko areagotu dute eskolako estresa. Konfinamenduak, etxeratze-aginduek, murrizketek, familia barruko gatazkek eta neke pandemikoak ere sufrimendu handia eragin dute haurrengan. Kontaktu fisikoak, aurpegian adierazpen emozionala deskodetzeak edo partekatzeko ideiak berak (boligrafo bat, adibidez) halako mugak izan dituzte, non lehendik egoera familiar eta pertsonal delikatua zuten haur askok beren egoera larriagotuta eta gizarte-bazterketa jasateko arriskua areagotuta ikusi duten.

Haurtzaroan Eguberriak nola bizi izan genituen gogoratzen badugu, oso litekeena da irakurlearen oroitzapenak —edo horietako batzuk, behintzat— lotuta egotea familiari, ilusioari eta opariei. Eta, gainera, seme-alabak eta/edo ilobak baldin baditu opariak jasotzeko adinean, magiarekin eta ilusioarekin batera, baliteke frustrazio pandemikoaren zati bat opari mordo batekin konpentsatzeko tentaldian erortzea. Badakigu erlazio negatiboa dagoela opari kopuruaren eta horien erabileraren artean, haurrak azkar asetzen baitira. Beraz, berriro ere, guraso “ahalguztidunei” dagokie “zoriontsu izateko erosi” publizitate-mezuari aurre egitea eta inoiz baino kontaktu fisiko gehiago oparitzea, inoiz baino besarkada gehiago ematea, inoiz baino laztan eta masaje gehiago ematea, haurrak baitira, argi adierazten ez badute ere, kontaktu sozialaren egungo defizita gehien jasaten ari direnak.

Gazteen artean, egoera pandemikoak presio-eltze bat sortu du, eta eltze hori, batzuetan eta gazte batzuengan, gizalegearen aurkako portaeren bidez lehertu da. Ezin dugu ahaztu haur eta gazteek zailtasunak dituztela bulkadak kontrolatzeko, eta defizit hori neuroebolutiboki justifikatuta dagoela (garuna ez da erabat heldutasunera iristen 25 urte bete arte, gutxi gorabehera). Berdinen autoafirmazioa eta berrespena behar dute, eta beren arrisku-pertzepzioa murrizten duten zaurtezintasun-sentimenduak dituzte. Gazte askorentzat, Eguberriak izango dira, udan gertatu zen bezala, pilatutako frustrazioa deskargatu ahal izateko jaiak. Ziur nago jokabide desegokiak egongo direla (aurreikusteko moduak, bestalde), eta orduan gogoratu beharko dugu haiek beren lekuaren bila ari direla munduan, galduta eta ez ulertuak sentitzen direla askotan, eta, sistema horren parte diren heinean, beren portaerak sistemaren beste zati batzuen funtzionamenduaren isla gutxi-asko desitxuratua direla. Gure gazteek gizartean nola jokatzen duten ulertzeko, ispiluan geure buruari begiratu behar diogu.

Agian, Eguberri hauetan izango ditugun topaketak etikoki ulergarriak izango dira eta kontu handiz egingo ditugu. Beharbada (ez nuke nahi), gizalegearen kontrako jokabideak egongo dira, balio sozial likido, berekoi eta hedonistei (ez, ordea, eudemonistei) erantzungo dietenak; zoritxarrez, balio horiek urte gehiegiz landu baitira. Beharbada askok, gehienek seguruenik, ahalegin arduratsua egin dute arauak betetzeko eta maite dituzten pertsonekin elkartzeari uko egiteko (besarkada bat horientzat guztientzat). Horrela bada, azkenean berrelkartzerik ez badago eta egun hauek ospatu nahi baditugu, jar dezagun arreta egin dezakegun horretan, hala nola: apaindu, jan, oparitu, ilusioa eragin eta esanahi eta erritu berriak sortu. Ikuspegi antropologikotik, pertsonok eta gizarteok erritualak eta haiei lotutako emozioak behar ditugu kolektibo baten parte sentitzeko. Beharbada, une egokia da gure sormena erabiltzeko eta hurbil sentitzeko modu berriak eraikitzeko, elkarrekin egon ezin bagara ere. Gure aitona-amonei, gure gurasoei, baita gure seme-alabei ere, gutunak idaztea. Adibidez, “seme/alaba maitea, maite zaitut…” esanez hasten den eskutitzik idatzi al diozu inoiz zure seme-alabari? Agian, denbora gehiago eta diru gutxiago inbertitzea eskatuko duten opariak egiteko unea izango da, oroigarri bat sortuko dutena eta esanahi berri bat emango diotena “opariaren”, “ilusioaren”, “familiaren”, “elkarrekin egotearen” eta, jakina, “Eguberrien” beraien ideiari. Izan ere, Boris Pasternak-ek zioenez, “Bizitza ez da inoiz material bat… Jakin nahi baduzue, bizitza autorregulazioaren printzipioa da, etengabe berritzen, berregiten, aldatzen eta eraldatzen da, eta hari buruz zuek kontzebitzen dituzuen teorietatik edo nik kontzebitzen ditudanetatik infinituki harago dago” (Boris Pasternak, Dawe-n aipatua, op. cit., 472. or.). Gizadiaren historian zehar pandemiak, krisiak eta gerrak gainditu ditugu, berrituz, berreginez, ikasiz eta egokituz. Beraz, beste Eguberri batzuk edo, hobeto esanda, beste bizitza bat sortzera eta eraikitzera bultzatzen zaitut. Horrek aukera eman behar dizu Eguberrien esanahi konstruktiboa, positiboa eta osasungarria sortzeko, haiek berriz ere ospatzeko eta, datorren urtean, Izarok bere “Oso Blanco” abestian dioen bezala, “iraganaren oroitzapen zoragarri eta bikaina” eskaintzeko.

Testuko erreferentziak

- Agazarian, Y. M. eta Yanoff, S. J. (1996). Teoría de sistemas y grupos pequeños. H. I. Kaplan eta B. J. Sadock (ed.), Terapia de grupo (36.-49. or.). Madril: Panamericana.

- Berger, P. L. eta Luckmann, T. (1986). La construcción social de la realidad. Buenos Aires: Amorrortu.

- Dawe, A. (1998). Las teorías de la acción social. B. Ore eta R. Nisbet (komp.), Historias del análisis sociológico (412.-476. or.). Buenos Aires: Amorrortu (ed.).

- Lewin, K. (1935). Dynamic Theory of personality. New York: McGraw-Hill.

- Von Bertalanffy, L. (1968). General System Theory: Formulations, developments and applications. Londres: Brazilier.