euskaraespañol

Partaidetza, ikerketa-ekintza eta garapen komunitarioari buruzko nazioarteko jardunaldiak

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2023/04/26 Noiz arte: 2023/04/28

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Parte Hartuz ikertaldeak antolatutako topaketak herritarren parte hartzearen arloko Europako agintari nagusiak bilduko ditu

 

Apirilaren 26tik 28ra, Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko Parte Hartuz ikertaldeak “Partaidetza, ikerketa-ekintza eta garapen komunitarioari buruzko nazioarteko jardunaldiak” egingo ditu, hots, herritarren parte hartzea aztertu eta sustatzeko Europako topaketarik garrantzitsuena. Bertan, arlo horretako munduko erreferentzia nagusiek hartuko dute parte, eta estatu osoko eta EAEko ordezkari politiko, tekniko eta asoziatiboak ere bertaratuko dira.

Beste agintari batzuen artean, honako arlo hauen azterketako adierazlerik handienek hartuko dute parte: aurrekontu parte hartzaileak (CSICeko Ernesto Ganuzak eta Harvardeko ikertzaile bisitari Yves Sintomerrek); prozesu deliberatiboak (Potsdameko Institute for Advanced Sustainability Studieseko Azucena Moránek eta Gipuzkoako Herritarren Batzarreko Arantxa Mendiharat aholkulariak); kontsultarako kontseiluak (CSICeko Joan Fontek); gobernantza kolaboratiboa (De Montfort Unibertsitateko Adrian Buak eta Edinburgoko Unibertsitateko Oliver Escobarrek); eta ikerketa-ekintza (Cornell Unibertsitateko irakasle emeritu eta Espainiako Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako kide Davydd Greenwoodek).

Esparru hitzaldiez gain, hiru gune paralelo prestatu dira parte hartzeari, garapen komunitarioari eta ikerkuntza-ekintzari buruzko esperientziak eta ikerketak aurkezteko. Gune horietan, estatu osoko 50 hizlarik hartuko dute parte. Azkenik, Latinoamerikako hogei akademikok hartuko dute parte, eta bideo formatuan aurkeztuko dituzte beren lanak.

Inaugurazio ekitaldia apirilaren 26an hasiko da, 17:00etan, Bizkaia Aretoko auditoriumean, eta bertan Yanina Welpek (Albert Hirschman Centre on Democracy), Azucena Moránek, Yves Sintomerrek eta Ismael Blancok (Bartzelonako Unibertsitateko Gobernu eta Politika Publikoen Institutuko zuzendaria) hartuko dute parte.

Jardunaldiak irekiak izango dira, eta aurrez aurre edo streaming bidez jarraitu ahal izango dira.

Parte Hartuz ikertaldea

Parte Hartuz UPV/EHUko ikertalde finkatu bat da, eta hogei urte daramatza lanean ikerketaren, prestakuntzaren eta partaidetza prozesuen ezarpenaren arloan. Zehazki, datorren ikasturtean UPV/EHUko «Partaidetza eta Komunitate Garapena» master ofizialaren hogeigarren edizioa egingo da. Gaur egun ordezkari politiko, tekniko eta asoziatibo gisa prozesu parte hartzaileak sustatzen dituzten ehunka pertsona prestatu dira master horretan.

Informazio gehiago:

https://www.ehu.eus/eu/web/partehartuz/-/inscripci%C3%B3n-jornadas-abril