euskaraespañol

Pedro Duque Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroak Euskal Herriko Unibertsitatea bisitatu du

Nekane Balluerka errektorearekin bildu ondoren, UPV/EHUko Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa (CFAA) bisitatu dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/25

Irudia
Norberto López de Lacalle (CFAA), Pedro Duque, Alfredo López Díez (ITP) eta Nekane Balluerka. Argazkia: UPV/EHU

Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak eta Pedro Duque Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroak Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa (CFAA) bisitatu dute, zentroko batzorde gidariaren kide batzuek lagunduta. Zentroa Euskal Herriko Unibertsitatean 2017an inauguratu zen eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzu eta finanziatu dute. Zentzoa kerketa eredu berri bat da, merkatutik gertuko aplikazioarekin.

Bisita egin aurretik, Nekane Balluerka errektorea eta bere taldeko kide batzuk ministroarekin bildu dira Euskal Herriko Unibertsitatea ikerketaren eta ezagutza transferentziaren arloetan gauzatzen ari den ekimen nagusien berri emateko. Errektoreak abagunea aprobetxatu du euskal unibertsitate publikoaren irakaskuntza eta ikerketa jardueraren ezaugarri nagusiak agerian jartzeko. Halaber, Gobernu zentraleko ordezkariaren aurrean nabarmendu nahi izan du bere unibertsitate ereduaren barruan errektoretza taldeak ikerketari ematen dion garrantzi erabakigarria, baita unibertsitate publikoak finantzaketa egokia jasotzeko duen beharra ere. Era berean, azpimarratu nahi izan du unibertsitateen baitan talentua sortzeko beharrezkoa den arreta, baita kanpoan dagoena gurera erakartzeko beharra ere, bikaintasunean oinarritutako unibertsitate eredua sendotze aldera. Errektoreak malgutasun handiagoa eskatu du Gobernuaren aldetik izapidetze administratiboan, gaur egungo Sektore Publikoen Kontratuen Legeari erreferentzia eginez: unibertsitate komunitate osoaren iritzi partekatuaz babestuta, errektoreak azaldu du  legeria berriak unibertsitate barruko kontratazioei ezartzen dizkien trabetako asko ezabatu behar direla, unibertsitateen eguneroko jardueraren garapena zaildu eta atzeratzen baitute. Era berean, UPV/EHUk adierazi du lan itzela dela ikerketa proiektuak justifikatzea, batez ere zeharkako kostuei dagokienez. UPVE/HUko errektoreak eskertu du ministroaren presentzia, baita euskal unibertsitate publikoa ezagutzeko interesa ere.

Bileraren ostean, ministroak, errektorearen laguntzarekin, CFAAren instalazioetara egin du bisita, Parke Teknologikoan. Zentroa Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu eta finantzatzen dute; horrez gain, haren parte da, halaber, 65 enpresen talde bat. Ikerketa zentro gisa eratu zen, aeronautikan fabrikazio aurreratuko teknologietan ezagutza berria sortzeko helburuarekin. Gaur egun, zentroan lankidetza ikerketako ia ehun proiektu jarri dira martxan, eta horietatik 11 bukatu dira jada.

CFAA zentroak 6-7 teknologia mailetan ekoizpen teknologietan aurrera egin nahi du; hau da, benetakoen antzeko tamaina eta funtzioak betetzen dituzten proiektuak garatzeko makinak eta teknologiak erabili. Aldi berean, Unibertsitatearen, enpresen eta erakundeen artean sor  daitezkeen sinergia guztiak aprobetxatzen ditu, eta ahaleginak I+G jarduerara eta industriarako interesgarriak diren teknologiak ustiatzeko eta fabrikazio aurreratuaren esparruan gaitasun zientifiko eta teknologikoak garatzeko goi mailako prestakuntza bat garatzera bideratzen ditu. Euskadirentzat gako diren bi sektoreen (aeronautikoa eta tresna makinarena) eragin sinergikoa da zentroaren abantaila nagusiena, fabrikazio aurreratuko euskal estrategian ezin hobeto kokatua egoteaz gain.