euskaraespañol

Pedro Miguel Etxenike Europako Fisika Elkarteko Ohorezko Kide izendatu dute

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/10

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) zuzendari Pedro Miguel Etxenike Europako Fisika Elkarteko (EPS, ingelesez laburtu nahi bada) Ohorezko Kide izendatu dute asteburu honetan. UPV/EHUko katedraduna Estatu mailan aitormen garrantzitsu hau jaso duen lehenbiziko zientzialaria da.

Pedro Miguel Etxenikek, Europako Fisika Elkarteak gonbidatuta, Parisera bidaiatu zuen pasa den ostiralean. Izan ere, Elkarteko kideek DIPC-k zientziaren komunikazioan egiten duen lana ezagutu nahi zuten. Honetarako, larunbatean mintzaldi bat programatu zuten. Fisikari nafarrak Donostiako zentroak antolatzen duen Passion for Knowledge jaialdiaren gainean hitz egin zuen, besteak beste. Mundu mailan erreferentziazkoa den jaialdi horrek zientzia dibulgatzea du helburu eta, 2019an, bere laugarren edizioa egingo du (lehenbizikoa 2010ean egin zen, bigarrena 2013an eta, hirugarrena, 2016an). Aurreko edizioetan bezala, honetan ere, zenbait Nobel saridunek parte hartuko dute. Baita fisika, kimika edo medikuntza arloan erreferentzia diren hainbat ikerlarik ere. Victoria Eugenia Antzokian egiten den jaialdi horretara edizio bakoitzean 8.000 pertsona inguru hurbiltzen dira.

Ostiralean, bere larunbateko interbentzioaren aurretik, UPV/EHUko katedraduna Europako Fisika Elkarteko Ohorezko kide izendatu zuten. Aitormen hau, gaur egun, 20 pertsonek baino ez dute eta fisikaren esparruan ekarpen “bikaintasunez salbuespenekoak” egin dituzten ikertzaileei ematen zaie. 20 pertsona hauetatik 7 Nobel saridunak dira, 2 CERN-eko zuzendari ohiak dira eta hiruk Asturiasko Printze saria lortu zuten. Gainera, zerrenda horretan Jocelyn Bell bezalako fisika munduko izen handiak ere nabarmentzen dira. Jaioterriei dagokienez, 4 Britainia Handikoak dira, 4 Frantziakoak, 4 Alemaniakoak, 2 Holandakoak, 2 Suitzakoak, 1 Ukraniakoa, 1 Italiakoa, 1 Hungriakoa eta 1 Belgikakoa.    

Europako Fisika Elkartea

1968an sortua, EPS 42 fisika elkarte nazional biltzen dituen elkartea da. Guztira, 42 elkarte hauek batuta, EPS-k 120.000 kide biltzen ditu. Elkarte zientifiko bezala, EPS-k fisikaren aurrerapena bultzatzen du, Europako komunitate fisikoaren interesak defendatzen ditu eta nazioarteko elkarlana sustatzen du. Gainera, zientifikoki informatutako eta ezagutzan oinarritutako gizarte bat eratzeko ekimenak ere bultzatzen ditu.