euskaraespañol

Harriak eta presoak

Arabako Langraiz Okako kontzentrazio esparruko paseo arkeologikoa

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/29

Irudia

Joan den ekainaren 17an, Geltoki Elkartearen ekimenez eta Iruña Okako Udalaren laguntzaz, “paseo arkeologikoa” antolatu zen Langraiz Okako kontzentrazio esparruko historia eta paisaian barrena. Ia zortzi hamarkadako giltzape eta “pena erredentzioko” lanen historia duen espetxe bat ezagutzeko aukera izan zen.

Zigor paisaia horretan barrena egindako “paseo arkeologikorako” abiapuntua Langraiz Okako Udaleko plaza izan zen. Talde handia bildu ginen eta, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Josu Santamarina Otaola arkeologoak gidatuta, taldea espetxerantz joan zen, gutxi ezagutzen den historia bat gogoratzeko, Juan José Monago Escobedok 1998ko ‘El campo de concentración de Nanclares de la Oca (1949-1947)’ bere liburuan jada ikertzen duena.

Langraizeko kontzentrazio esparruaren eraikuntza 1940an hasi zen, ehun bat preso errepublikazale Garabo herrixkako lurretan giltzapetu zituztenean, Zadorra ibaiaren ondoan eta Villodas herriaren oinean. Hasiera batean, kanpaina denda batzuk eta barrakoi pare bat izan ziren Francoren Erregimenaren gatibu horientzako aterpe bakarra.

“Esparruko bizitza benetan gogorra zen, asko desnutrizio hutsez hiltzen ziren”

Kontzentrazio esparrurako aukeratutako tokia, ‘Garaboko mendiska’ deitu izan dena, berdindu behar zuten eta, horregatik, presoen pikotxak eta mailuak luze gabe hasi ziren tokiko arroka pikatzen. Harrobi horretatik Gasteizko toki asko eraikitzeko harria atera zuten, adibidez, Armentiako etxe merkeen ‘Martín Ballesteros’ auzoa edo Ramiro de Maeztu kaleko eraikin batzuk. “Aurreko ikerketek aditzera ematen duten bezala, esparruko bizitza benetan gogorra zen: presoek gaitz larriak jasaten zituzten etengabe, batez ere desnutrizioari lotuta, adibidez, eskorbutoa, pelagra edo beriberia. Gainera, harrobia oso toki arriskutsua zen eta, adibidez, 1945eko apirilaren 10ean kontrolatu gabeko leherketa bat gertatu zen, 9 zauritu larri utzi zituena”, Josu Santamarinak azaldu zuenez. Presoek jasandako gaitzak esparruko medikuaren egunerokoetan geratu dira idatzita; izan ere, zorigaiztoko egun horiei buruzko datu ugari bildu zituen. “Bakarrik 1943. urteko azken hiruhilekoan 21 hildako izan ziren, horietako herena desnutrizio hutsez”, gehitu zuenez.

Urte batzuk geroago, esparruak zortzi barrakoi zituen, 57.000 m2-ko azalera betez, eta era guztietako presoak biltzen zituen; dirudienez, mila preso baino gehiago izatera heldu zen. Bertan sartu zituzten Errepublikaren alde borrokatutako nazioarteko brigadistak, Miranda Ebroko kontzentrazio esparrutik ekarriak, baina baita Bigarren Mundu Gerraren amaieran Europako porrotetik ihes egindako naziak ere, Hegoamerikara ihes egitera irmo tematuak. “Preso asko Errepublikarekin batera eta faxismoaren kontra Espainiara borrokatzera boluntario heldutako nazioarteko brigadistak ziren. Bazeuden alemaniarrak, poloniarrak, txekiarrak, frantsesak, italiarrak, etab. Francoren preso izateaz gain, Hitlerrek Europan konkistak egin zituen eta horietako asko ezin ziren etxera itzuli, han heriotza baitzuten zain”, Santamarinak kontatu zuenez.

“Kontzentrazio esparruaren diseinua militar nazien laguntza teknikoaz egin zen”

Juanjo Monago da egundaino toki honi buruz dagoen monografiko bakarraren egilea, eta ibilbidean parte hartu zuen ere. Berak azaldu zuen bezala, “Langraiz Okako kontzentrazio esparruaren diseinua militar nazien laguntza teknikoaz egin zen. Alemaniako kontzentrazio esparruen ereduak hartu ziren, adibidez, Buchenwald (1937) eta Sachsenhausen (1936). Barrakoiak trapezio handi bat eratuz antolatu ziren, betiere zaintzarako dorre handi baten begiradapean, egun artean ingurunea zelatatzen duena. Zortzi barrakoi eraiki ziren, 200 presorentzako edukierakoak bana. Hori zen milaka jendilajeren “etxea” – “indeseables”, orduan ohi zenez. Indeseables horiek diziplina militar zorrotzaren jartzen zituzten: uniforme grisa udarako, uniforme marroia negurako”.

 

Alferrak eta gaizkileak

Gainera, tristea da zentroak hartu zuen ospea Diktaduraren pean homosexualak giltzapetzeko izan zuen erabilera, ‘Alfer eta Gaizkileen Legea’ren arabera.  “Alfer eta Gaizkileen Legea Errepublikaren garaian onartu zen, 1933an, baina Francoren Diktadurak sartu zuen homosexualitatea delitu gisa 1954n”, UPV/EHUko arkeologoak komentatu zuenez. Langraizen giltzapetutakoek tratu paternalista eta patologiazalea jasotzen zuten:  agintariek zioten “sendatu” nahi zituztela, emakumezko ezizenak jartzen zizkieten, eta etxeko zaintzaile lanetan jartzen zituzten espetxeko funtzionarioen etxeetan. Erregimenaren historia bereziki ezezaguna da”.

Ibilbideko beste puntuetako bat harrobia izan zen, gatibu guztien toki komun bat; izan ere, haiek izan ziren paisaia moldatu zuten eragile nagusia. Dorre mugiezin batek, artean hor dagoenak eta esparrua espetxe bilakatzeko prozesuan integratuak, zelatari lana egiten zuen (eta du). “Barrakoiak teknikari naziek diseinatu zituzten berdinak izan ziren 1970eko hamarkada arte eta, orduan, osoki eraberritzeari ekin zioten. Espetxea 1984an berrinauguratu zuten, moduluen antolamendu modernoago batez, baina artean jatorrizko esparruko zaindaritza eremu nagusia bere horretan utziz. Presoek landutako harriak osatzen ditu artean ere espetxeko atariko hormak”, gidariak komentatu zuenez.

2011n Zaballako espetxe makrogune berria inauguratu zen arren, hirugarren graduko bostehun bat preso daude oraindik ere Langraizeko espetxe zaharrean. “Iruña Okak hura herriari lagatzeko egindako erreklamazioari entzungor egiten jarraitzen zaio Administrazioan. Bisita horrek ere badu bere tokia erreklamazio horretan: kartzelaren eta kontzentrazio esparru zaharraren historia gure iraganeko ondare bihurria da, baina hari aurre egin eta harengandik ikasi behar dugu”, Santamarinak ondorioztatu zuenez.

Igandeko ibilaldia gelditu beharrezko leku batean amaitu zen: Menesiano Anaien Ikastetxea, Zadorra ibaiaz bestaldean. Eraikin konplexu benetan dotore honek Bolen bainuetxe-kasinoan du jatorria, XIX. mende amaieran. Hala ere, luxuzko bainuetxe horrek ateak itxi behar izan zituen eta, orduan, Menesiano Anaiek erosi zuten 1914an. Bertan, ikastetxe handi bat ezarri zuten Gerra Zibilean, eta alemaniar Condor Legioaren zein italiar Gezi Beltzen kanpamendu bilakatu zen. Egundaino italiar horma irudi faxista bat gordetzen da bertan, Vatikanoko marrazki bat eta Mussoliniren irudi bat dituela.

Menesianoen Ikastetxeak Langraizeko kontzentrazio esparruari buruzko lan osagarriak egin zituen. Zadorra ibaiaren erdian dauden zutarri batzuek errepresio zentroa eta ikastetxea, Estatua eta Eliza, uztartzen zituen zubia gogora ekartzen digute. Ideologia ofiziala nazional-katolizismoa zen, eta gerra Gurutzada bat izan zen osoki.