euskaraespañol

Manu Soto

Pinporten isurketa Galizian: Katastrofe ekologikoa ote?

Biologia Zelularreko katedraduna. Plentziako Itsas Estazioko zuzendariordea.

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/01/18

Manu Soto
Manu Soto | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Joan den 2023ko abenduaren 8an, kargaontzi batek bere zamaren hainbat edukiontzi galdu zituen Portugalgo kostaldearen aurrean. Isuritako horietan plastikozko pinportak zeuden, 26 tona hain zuzen ere, 25 kiloko 1000 zakuetan bananduta. Zaku bakoitzean 1,23 millioi pinporta zeuden. Orain Galiziako kostaldeko arroketara iritsi dira eta ari dira Kantauri itsasoan zehar barreiatzen.

Pinporta horiek mikroplastikoak deitzen dira, partikula ñimiñoak, kolore zuri eta sasi gardenak, 5 milimetrotik beherakoak, polimero plastikoz eta gehigarriez osatuta. Beraien toxikotasuna ondorioztatzeko garrantzitsua da horien izaera kimiko zehatza ezagutzea, eta adieraztea ere polimeroaz gain zer nolako gehigarri kimikoak gehitzen zaizkiela. Galiziako pinporten kasuan osagai nagusia polietilenoa da eta, gainera, eguzki iragazki gisa erabilitako gehigarri baten proportzio txiki bat du (UV622) beren konposizioan.

Hainbat iturrietatik ez direla toxikoak ezta arriskutsuak ere adierazi da, hautsak harrotuz. Argi esan behar da, behin ingurumenean, bai uretan esekiduran (dentsitateagatik flotatzen dute), hondartzan plastikozko pinporten isurketaren ondorioak bi motakoak izan daitezke: fisikoa/mekanikoa edota kimikoak, edozein kasutan beti izango dira kaltegarriak fauna ozeanikoarentzat. Kalte mekanikoaren kasuan itsasoan eta kostaldetako uretan oso sakabanatuta agertzen dira eta oso eskuragarri daude animalientzako. Hain zuzen ere, hegaztiek eta arrainek flotatzen diren partikulak elikagaiekin nahas ditzakete (adibidez, algak, beste espezietako arrautzak) eta elikagaitzat jo daitezke irentsiak izaten. Irenstean plastikozko partikula guzti horiek (bestelako elikagaiekin, materia organikoa edota bestelako partikulekin batera) liseri-traktura pasarazten dira eta kopuruaren arabera agregatu eta meta daitezke urdaila edota hestea blokeatzen. Horren ondorioz, arrainek liseriketa-funtzioa ezin dute burutu eta baraurik hiltzera iritsi daitezke.

Bestalde, pinporta horiek kutsadura kimikoaren iturria izan daitezke. Adibidez, organismoaren barruan azido gastrikoen eraginez pinportek daramatzaten gehigarriak aska daitezke eta toxikoak badira ondorio kaltegarriak sorrarazi ditzakete organismoan. Are gehiago, itsasoan oraindik daudela plastikoen azalean pelikula organikoa oso fina gainjartzen da (‘biofouling’ izenekoa) antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioentzako kultibo-medioa egokia dena. Bakterioaz gain beste patogenoak eta kutsatzaile kimikoak (hala nola, hidrokarburoak, metal astunak) atxiki daitezke. Hori dela eta, mikroplastikoek toxikoen bektore gisa funtzionatu dezakete kalte mekanikoaz gain eragina areagotuz.

Hurrengo urrats batean pentsatu dezakegu pinporten presentziak giza-osasunaren gaineko eragina ote duen. Arestian aipatu da arrainetan sartuz gero liseri-traktuan meta daitezkeela. Lurralde gehienetan (gurea kasu) erraiak ez dira jaten muskulua baizik, beraz, pentsa dezakegu arriskua minimoa dela. Dena den, mikroplastikoak edota beren degradazioaren bitartez (argi ultramorea, gazitasuna, frikzio mekanikoa, besteak beste) sortarazi daitezkeen partikula txikiagoak eta ea ikusezinak direnak, nanoplastikoak izenekoak, beste organismoetan sartzen dira kate trofikoan sartuz. Organismo horiek iragazleak badira (muskuiluak, ostrak) osorik kontsumituz gero gizakiotan sartzea ez zen oso arraroa izango, baina kalteak oso urriak eta soilik kantitate oso altuetan.

Zer egin daiteke eragina edo ondorio toxiko posibleak murrizteko? Batzuk proposatu dute Prestige istripuan egin zena, hau da, Euskadin petrolioaren orbanak, kostaldera iritsi baino lehenago, salabardoekin arrantzatu ziren itsaso zabalean. Prestige petroliontzia 77.000 tona fuel astun zeramatzala Galizian (berriz ere!) hondoratu zen 2002an. Horren ondorioz 3.000 kilometro baino gehiagoko kostaldea beltzez tindatu zen, Galiziatik Akitaniara. Baina isurketa hau ez da Prestigeren kasuan gertatu zenaren modukoa. Aurtengoan pinportak oso sakabanatuta daude eta zaila izango da batzea ez bada beste materialekin batera (adibidez, algak, enborrak) elkartzen bada eta metaketa-gune konkretuetan korronteen poderioz metatuta gertatzen bada.

Edonola ere, egoera horrek gizartea kontzientziatzeko balio behar du. Gure helburua produktu plastikoen, erabilera bakarreko produktuen, elikagai-ontzi indibidualizatuen eta ehun-zuntz sintetikoen erabilera masiboa murriztea izan behar da, halabeharrez.