euskaraespañol

Pentsamendua balioan jartzen

UPV/EHUko irakasleek Filosofiaren arloko prestakuntza emango diete Bigarren Hezkuntzan “Balio etikoak” irakasgaia ematen duten irakasleei

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/19

Irudia
Kepa Sarasola UEUko zuzendaria, Ekai Txapartegi eta Kristina Lasa UPV/EHUko irakasleak eta Itsaslore Yarza AGORAko ordezkaria. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Aldian-aldian, unibertsitate aurreko garaian ematen den filosofia irakaskuntzari buruzko gogoeta egiten dute etorkizuneko ikasleek izango duten heziketaren ildo nagusiak zehazten dituzten erakundeek. Gogoeta eta eztabaida sutsua izaten dute Descartes, Kant edo Platon ikasteak dituen balioen inguruan. Egun, Filosofiaren arloko gaiak Bigarren Hezkuntzan “Balio etikoak” deritzon hautazko ikasgaian ematen dira –DBHko lau ikasturteetan ematen da ikasgai hau-, baina baita Filosofia ikasgaian ere. DBHko laugarren mailan hautazkoa da Filosofia, tronkala Batxilergoko lehen mailan, edozein delarik ere Batxilergo modalitatea, eta hautazkoa bigarren mailan (Humanitateak eta Gizarte Zientziak modalitatean).

 Egoera hori izanik, Bigarren Hezkuntzako Filosofiako irakasleek (AGORA izenez osatu duten elkartearen bidez) eskaria egin zioten Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateari fakultateko irakasleek “Balio etikoak” irakasgaia modu koherentean diseinatzen laguntzeko: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau mailetara egokitzeko edukia eta metodologia egokia zehazteko kontuan izanda ikasleen adina. “DBHn balio etikoak lantzen” izenburua daraman prestakuntza hau lehen aldiz emango da irakasleen etengabeko prestakuntzarako Prest Gara Planaren bidez (Eusko Jaurlaritzak Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) lankidetzan antolatua), 2018ko azaroan hasi eta 2019ko maiatzera arte. Izena emateko epea irekita dago, irailaren 10etik 28ra bitarte. Ikastaroa EAEko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Filosofiako irakasleentzat da.

Ekai Txapartegik, UPV/EHUko filosofia irakasleak, adierazi digunez, “ikastaroan prestakuntza praktikoa emango zaie “Balio etikoak” irakasgaiko irakasleei. Helburua da irakasleek unitate didaktikoak sortzea, eta besteekin banatzea, horrela prestakuntza publiko, kritiko eta informatua sortuz”.

“Balio etikoak” irakasgaiaren helburua da DBHko ikasleak gizarterako prestatzea. Horretarako, Filosofiako irakasleei zenbait gaietako prestakuntza emango zaie: bizikidetza, ahozko komunikazioa, gatazken gestioa, entzuteko jarrera aktiboa, arrazonamendu etikoa eta abar.

Txapartegiren ustez, “filosofia pentsatzeko modu bat da, eta hori gizakiak berezko du, ezinbestekoa da eta saihestezina. Ikasleek pentsatzen ikasi behar dute, nahiz eta egungo gizarte “hiperestimulatuak” hausnarketarako tarte gutxi utzi”. Hala ere, dio Txapartegik, “gazteak pentsatzera bultzatu behar ditugu, pertsona zorrotzagoak izateko bide baita. Gizarteak ezin du albo batera utzi filosofia, alderantziz indartu beharra dago.”