Íñigo De Miguel Beriain

Zergatik ez diren biobotak arazo etiko (oraindik)

Zuzenbide Fakultateko irakaslea eta Ikerbasque-ko ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/23

Íñigo De Miguel Beriain. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Joan den urtarrilaren 13an, ikerketa bioteknologikoaren historian mugarri izango den aurrerapen zientifiko bat argitaratu zen. Lau ikertzaile estatubatuarrek sistema organiko funtzional berritzaile bat sortu dute; hots, orain artekoez bestelako bizitza forma bat. Orain arte ez da inoiz horrelakorik lortu.

Emaitza horretara iristeko prozesua izugarri nekeza izan zen. Hasteko, superordenagailu batean ostatatutako algoritmo ebolutibo konplexu bat erabili behar izan zen. Mekanismo horrek zehaztu zuen zer material biologiko mota erabili behar zen –eta zer egiturarekin– nahi zen helburua lortzeko. Tresna horrek emandako emaitzak abiapuntu hartuta, igel afrikarren enbrioien azaleko eta bihotzeko zelulak erabiltzea erabaki zen. Adimen artifizialaren bidez diseinatutako formatik moldatu ziren.

Ondoriozko entitatea zera izan zen, milimetro bateko zabalerako egitura biologiko bat, giza ekintzarentzat orain arte ezinezkoak izan diren inguruabarretan modu koordinatuan jokatzen zuena. Hain zuzen ere, astetan lan egin eta biziraun dezake elikagairik gabe.

Kutsadura erradioaktiboa kudeatzeko, ozeanoetatik mikroplastikoak biltzeko eta are tumore batean medikamentu bat inokulatzeko ere balio lezake. Gainera, biodegradagarriak dira entitateok; beraz, hasiera batean, arrastorik gabe desagertuko lirateke beren zeregina amaitu ondoren.

 

Xenobotak edo biobotak?

Lehen mailako aurkikuntza bat da, eta ezezaguna den eta promesaz beteta dagoen mundu baterako ateak irekiko ditu. Nolanahi ere, berria ere bada mundu hori, eta galdera asko azaleratzen ditu. Hasteko, ez dago argi nola izendatu beharko genituzkeen 'izakiok'.

Emandako lehen informazioetan, 'xenobot' izena proposatu da. Jatorria (igel afrikarren izendapen zientifikoa 'Xenopus laevis' da) eta zer entitate mota den (bot edo robot) konbinatzen ditu.

Nire ustez, ez da guztiz zuzena terminologia hori; izan ere, “xeno” hitzak “atzerritar” edo “arrotz” esan nahi du grezieraz. Ez zait oso egokia iruditzen kontzeptu hori teknologia batean sartzea, pentsamendu negatiboekin erlazionatu ohi dugu eta.

Zentzu handiagoa du 'biobot' izendapena aukeratzeak, roboten ideiari bios lotzen diona, materia bizidunaren izaera agerian jartzen duen aurrizkia. Funtsezkoa da ezaugarri hori kasu honetan, bada; izan ere, izaki berriei plastikotasun handia ematen die, bai eta egitura sintetikoek izan ohi ez duten beste gaitasun bat ere: kalterik jasanez gero, beren buruak birsortzekoa.

 

Beldur mitologikoak ez dira arrazoizkoak

Etikarekin zerikusia duten auziek analisi sakonago baten beharra dute. Pentsatzekoa da bioboten kontrako ahotsak egotea, dela zehazteke dauden arrisku beldurgarriak ekarriko dizkigutelako, dela horiek sortzeak berak naturari erasotzen diolako.

Argudio horiek ondo baino hobeto konektatzen dute iruditeria kolektiboarekin, eta, hain zuzen ere, hortik datorkie indarra. Azken batean, beldur handia diogu oso natural ez dirudien orori; bai mitologia zaharrak bai zientzia fikzio garaikideak horretara eraman gaituzte. Giza anbizioak, ez dagokion egile rola bere gain hartzen duenean, dakartzan ondorioen adibideen bidez lortu dute hori.

Bioteknologiak giza espeziari eragin diezaiokeenari buruzko ikuspegi benetan pesimistak ditugu. Esate baterako, kimeraren mitoa –jaioberriak pertsonatzat jotzeko Erromatarrek giza forma exijitzea egin zuen–, 'The Island of Doctor Moreau' eleberriko kontakizunak eta beste batzuk eta 'Gattaca' filma, besteak beste. Beldurra diogu artifiziala denari eta gizakiak egindako horri, eta, horretan murgilduta egonik, zaila da arrazoizkoa denera iristea.

Errealitatea agertoki ikaragarri horien antzeko izatetik oso urrun dago, biobotei dagokienez bederen.

Edizio genetikoarekin eta beste teknologia batzuekin ez bezala, giza eta animalia kimerak eta organoideak, kasu honetan, giza materiala erabiltzetik oso urrun gaude, oraingoz behinik behin.

Egunen batean, egitura bizidun horiek sortzean gizakien enbrioi zelulak erabiltzeko puntura iritsita ere, oraindik ere ezingo genuke hitz egin balio morala (duintasuna) duten izakiez. Muga hori begiztatuko dugu biobot horietan egitura neuronalak sartzen hasten garenean.

Agertoki hori, baina, oso urrun dago, inoiz bideragarria bada. Hortaz, bizitza forma guzti-guztiak baloratzeko beharra defendatzen dutenak –pentsamendu ildo minoritarioa– bakarrik ardura litezke entitate berri horien agerpenarekin.

 

Sufritzen al dute biobotek?

Baina, ez al gaitu kezkatu behar bizitzaren egituraren hain aldaketa erradikal batek, gizakion material biologikoari eragiten ez badio ere? Nire ustez, argi dago ezetz. Hala ere, ulertzen dut kezka horien jatorria.

Idealizatuta ikusi ohi dugu natura. Ama naturaz eta bere berezko jakinduriaz mintzo gara –panteistikoa hori–. Inguratzen gaituen sistemak ez ditu zenbait ezaugarri, tartean, ontasuna eta adimena. Egiaz, mundu fisikoak ordena bat (aldagarria) eta zenbait arau ditu, antolakuntza modu bat. Hala ere, ezerk ez du ziurtatzen ordena hori guretzako optimoa dela. Hain zuzen ere, milaka urte daramatzagu kontrakoa pentsatzen eta hortik datoz naturaren alternantziak, medikuntza, nekazaritza eta garraioa garatzea eragin dutenak.

Beste batzuk sartzea –biobotak sortzea, kasu– ez da, berez, zertan kezkagarria izan. Beste gauza bat izango litzateke ondorioztatzea biobotak existitzeak berak sufrimendurik eragiten dion artifizialki sortutako izakiari. Puntu horretan gaude organoide zerebralen kasuan, baina nekez pentsa daiteke zalantzak nerbio seinaleen interpretazio zentrorik ez duten entitateei estrapolatzeko modukoak direnik.

Etorkizunean egoera konplexuago baten aurrean bagaude, eztabaida horri berriro heltzeko unea izango da. Gaur-gaurkoz, ez dago horren beharrik.

 

Arriskurik gabe (oraingoz)

Horrek ez du esan nahi teknologia hori edozein modutan erabiltzea onartu behar dugunik. Mota horretako organismoak kontrolatuta ez dagoen ingurune batean askatzeak arrisku larriak ekar diezazkioke ekosistemari.

Ez dirudi, halaber, etorkizun hurbilean baimen daitekeenik horiek izaki bizidunen gorputzetan –gizakienak edo ez– sartzea dakarren esperimenturik, segurtasun arrazoiak tarteko.

Gehiegikeria horiek saihesteko, teknologia esperimentalen erabilera zentzugabeetatik babesten gaituzten zenbat araudi indarrean dira jada. Erakunde ugari –segurtasun agentziak eta ikerketaren etika batzordeak barne– zalantzazko erabilgarritasuneko edo arrisku handiko ekimenei betoa jartzeaz arduratzen dira. Behintzat, edozer teknologia berrik praktikan aplikatu baino lehen eman behar dituen urrats guztiak eman ez diren bitartean.

Zuzenbideak, bere aldetik, biobotei zer estatutu ematen dien aztertu beharko du, edo beharrezkoa ote den horien erabilera arautuko duen arau jakinen bat garatzea. Erantzuna pozgarria izango da, seguru aski.

Bien bitartean, arauak aplikatu behar dituztenak arauon artikuluetan gida orokor batzuk ezartzen saiatu behar dira, une honetan bertan ekintza jarraibide zehatzak zehazteko. Zalantza egiten dut honelakoak bezalako bizitza formak agertzea horretarako erronka denik.

Pentsa daiteke aurrerapen teknologiko honek itxaropentsu begiratzea merezi duela, praktikan izango duen inpaktua neurtzeko oso goiz bada ere. Ez dirudi teknologia hori modu ordenatuan erabiltzeak arazo etiko edo juridiko kezkagarriak planteatzen dituenik. Dena dela, etorkizuneko garapenei arreta handiz begiratu beharko diegu. Horiek berretsiko digute (edo ez) lehen diagnostiko hori.

The Conversation