UPV/EHUko Uda Ikastaroen XXXVIII. edizioa abian da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/29

Rafael Pardo, Nekane Balluerka eta Itziar Alkorta. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU

Uda Ikastaroen XXXVIII. edizioa aurkeztu da. Ekitaldian izan dira UPV/EHUko errektorea, Nekane Balluerka, Uda Ikastaroen erakunde laguntzaile pribatu nagusi den BBVA Fundazioaren zuzendaria, Rafael Pardo, eta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoa, Itziar Alkorta. Beste urte batzuetan bezala, aurkezpena Fundazioaren egoitzan egin da, Bilbon. UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan aurkezturiko aurrez aurreko 191 proposamenak ekainaren eta urriaren artean egin, eta jarduera irekiekin, erakusketekin eta online ikastaroekin osatuko dira.

Ingurumenaren babesa UPV/EHUko Uda Ikastaroen zeharkako gai nagusietako bat izango da eta hainbat ikastarotan errepikatuko da. Helburua orain arte garaturiko edukiak indartzea izango da, eta horretarako Uda Ikastaroek eta BBVA Fundazioak Iraunkortasunaren Topagunea sortuko dute elkarlanean.

Foro horrek hiru alderdi nagusi izango ditu: klima aldaketa, aniztasunaren babesa eta bioetika (bereziki naturari eta haren babesari dagokienez), eta guztiei helduko zaie hainbat diziplina eta aplikaziotatik. Ikastaro espezifikoak, konferentzia gonbidatuak, mahainguruak, tailerrak eta hainbat formatutako argitalpen lerro bat gauzatuko dira.

Fundación BBVA Fronteras del Conocimiento sariak jaso dituzten mundu mailako aditu nagusietako batzuek konferentzia gonbidatu bat edo gehiago emango dituzte Kontserbazioaren eta Klima Aldaketaren Ekologia eta Biologia kategorietan.

Foroa honako hauentzako Topagunea izango da: ikertzaile komunitatea, erabaki publikoak hartzen dituzten eragileak, kontserbazioaren aldeko erakundeak, eragile pribatuak (batez ere, enpresak), hedabideak eta beren jarduerak foroaren xede diren alderdiak biltzen dituen bestelako profesional batzuk. XXI. mendeko ingurumenaren gaiarekiko interesa duten ikasleek eta publikoak erreferentzia zorrotz, diziplina aniztun eta eguneratua aurkituko dute foroan.

Uda Ikastaroek irudi berria estreinatuko dute aurten; “uik Topagunea”. Urrats bat gehiago, ezagutzeko, eztabaidatzeko, deskubritzeko eta izateko grinaz den gizarte guztiari irekitako Topagunea bihurtzeko bidean.

Aurreko 37 edizioetako ibilbide sendoari jarraiki, edizio honek ere eduki erakargarriak proposatzen ditu, hainbat arlori loturikoak: Klima Aldaketa; Generoa, aurtengo edizioan presentzia handiagoa izango duena; edo Historia, aurten protagonismo handiagoa izango duena, nondik gatozen hobeto uler dezagun, etorkizuneko desafioei aurre egiteko. Europako Errealitatea, Euskal Kultura, Delinkuentzia Mota Berriak, Hezkuntza eta Osasuna… eztabaidarako beste gai batzuk izango dira, eta, horrekin batera, hainbat urteurrenen ospakizuna.

Klima aldaketa

UPV/EHUko Uda Ikastaroek urteak daramatzate ingurumenaren narriadura, eta bereziki, klima aldaketarena, aztertzen. Edizio honetan, eta gizartearen sentsibilizazio maila gero eta handiagoarekin bat, horren inguruko hainbat proposamen eskainiko ditugu.

“¿Son nuestras sociedades sostenibles? Gestión del agua y desertificación en un contexto global” ikastaroak ur eskasiaren eta klima aldaketaren artean sorturiko sinergiak azpimarratuko ditu, eta horren ondorioz sorturiko klima migratzailearen figura aztertuko du.

“Los desafíos del cambio climático: estrategias de gestión para territorios resilientes” ikastaroak Gipuzkoan hartu beharreko neurriak zehaztuko ditu. Gure kostaldeetako uretan gertatzen ari den plastikoen bidezko kutsaduraren gaia mahai gainean jarriko da Bordeleko Unibertsitateak eta Euskampus Fundazioak eginiko Campus Ocean azterlanari esker.

Uda honetan natur ingurunera hurbilduko gara Urdaibaiko erreserbako gure ondare hidrikoaren babesarekin loturiko sentsibilizazioa sustatzeko, bertako ondarearen interpretatzaile eta gida talde bat trebatzeko kongresu baten bitartez. Horretaz gain, Getxoko Punta Begoñako Galeriak deskubrituko ditugu berriz, baita marearteko arkeologia –itsasoaren gorabeherekin agertu eta desagertzen den ondare hori– eta “azpiegitura berde” izenez bataiatu dena ere, hau da, gure paisaia.

Generoa

“Justicia en clave feminista” ikastaroak berriki emandako hainbat epaik duten kutsu patriarkalari eta balizko legegintza erreforma beharrezkoei helduko die. Emakunderen eskutik egingo den “Alianzas estratégicas para el cambio: el empoderamiento como herramienta de acción transformadora” ikastaroak ahalduntzerik gabe berdintasuna ez dagoela ulertzen du, NBEk bere adierazpenaren 5. puntuan esaten duen bezala. “Boteratu, mujer y liderazgo: ¿qué te impide avanzar?” tailerrak,  emakumeei beren sormen potentziala edo lidergo gaitasuna garatzeko blokeatzeko mekanismoak identifikatzea izango du helburu.

Historia

“Historia oral: una herramienta para la investigación y la docencia..." ikastaroak ahozko historiak memoria historikoa berreskuratzeko duen garrantzia aldarrikatuko du.

José Ramón Díaz de Duranak aditu talde bat bilduko du XIV eta XV. mendeen artean Euskal Herrian gertaturiko bandoen gerrei buruz duela 20 urte argitaratu zuen lanaren berrikuspen historiografikoa egiteko. “De la lucha de Bandos a la Hidalguía Universal…”: jauntxoen arteko bandoen gerrak ziren, edo beste lurralde mugakide batzuetan gertatzen ari ziren jauntxoen eta nekazarien arteko gizarte mugimenduen antza zuten?

Nola bizi izan zuen lehenengo mundu gerra euskal diasporak gatazkan zehar eta gatazka ondoren? Hori da “Un guerra desde lejos. La diáspora vasca y la primera guerra mundial" ikastaroan aztertuko dugun kapituluetako beste bat.

Bestalde, ondorengo beste garai batean ere zentratuko gara "El largo exilio del 39: de la retirada de 1939 a la Europa fortaleza de 2019”. Eta gaurko garaiarekin lotuta, “Historia del federalismo y el estado en España” delakoak gai horrekin loturiko azken urteetako eztabaida politikoari buruzko ikuspegi interesgarri bat eskainiko digu.

Europa

UPV/EHUko Uda Ikastaroek bokazio europeista izan dute historikoki, eta etengabe egin diote erreferentzia bertako errealitateari. Europa eta bere krisi existentziala aztergai izango dira “El futuro de la Unión Europea. Retos y desafíos” ikastaroan. Helburua Brexit prozesua eta Europako hauteskundeak direla eta dagoen ziurgabetasunari erantzutea izango da. Aurtengo ikastaroetan presentzia garrantzitsu batzuk izango ditugu; esaterako, New Yorkeko Unibertsitateko J.H.H. Weiler doktorea eta Armin Von Bogdandy, Heidelbergeko Max Planck Institute for Comparative Public Law and International Law erakundeko zuzendaria, biak ala biak Europako errealitatearen benetako erreferente.

Euskal Kultura

Tradizioari jarraikiz, euskal kultura ere aztergai garrantzitsu izango da edizio honetan. Ahalegin handia egin da euskararen presentzia areagotzeko jakintza objektu eta tresna gisa. Zehazkiago, euskarak sareetan duen presentzia aztertuko da; zer hizkuntza aukeratzen duten gazteek euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa elkarreraginean diren testuinguruetan; immigranteen jarrera murgiltze linguistikoa lortzeko… Azken edizioetan zehar lagun izan dugun bertsolaritzaren fenomenoa ere gure artean izango dugu berriz ere, rocka entzuten eta jotzen duen euskal gazteriaren artean euskal kultura nola transmititzen den aztertzeko. “Rap y Freestyle. El futuro de las Batallas” ikastaroak raparen eta bertsolaritzaren hizkeren arteko paralelismoak aztertuko ditu.

Aurreko edizioan hasitako bideari jarraikiz, aurtengo udan Harkaitz Canok literaturaz jardungo du publiko guztiari irekitako jarduera baten bidez pentsamendu kritikoa sortzeko eta sustatzeko helburuz.

Delinkuentzia modu berriak

Indarkeria modu berriek, oso maiz teknologia berriei eta eraso sexistei loturikoek, espazio zabala izango dute ikastaroetan ikuspegi juridikotik eta biktimaren arretaren ikuspegitik. “El nuevo fenómeno de la Ballena Azul” eta “Tejiendo redes contra la violencia sexual”. Ikuspegi kriminalistatik ere aztertuko dira indarkeriak honakoan: “La violencia de género en menores y adolescentes…”.

Hezkuntza eta osasuna

Bereziki hezkuntzaren eta osasunaren arloko profesionalei zuzenduta. Ziklo honek, uda honetan, gaurkotasun haundiko gaiei buruz interes berritua aurkezten du

UPV/EHUren Uda Ikastaroen eskaintzak beti hartu du aintzat hezkuntzaren mundua, talde profesional horren etengabeko prestakuntzari erantzuteko izan duen etengabeko bokazioari erantzunez. Etengabeko berritze horretan urrats gehiago eman ditugu eta kontzeptu berriak landuko ditugu; esaterako, didaktika genero ikuspegitik; arreta eraginkorra edo dronak erabiltzeko ikastaroa, hezkuntza dibertigarriago egiteko (ikasgelan ikusiko ditugu Navarbot, loT eta bestelako teknologiak erabilita). Horretaz gain, magia ere erabiliko dugu laneko tresna gisa.

“Salud mental en primera persona” guretzat ezezaguna den kontzeptu eta terapia bat da, baina Espainian azkar ari da hedatzen. “La salud e industria” ikastaroak berpizteko gogoa eman diezagukeen 3D inprimatzearen eta medikuntza birsortzailearen arteko sinbiosi batean murgilduko gaitu. “La Interacción entre las edificaciones y la salud” delakoak erantzun ugari emango dizkigu.

Efemerideak

UPV/EHUko Uda Ikastaroen XXXVIII. edizioak bereziki garrantzitsuak diren efemeride batzuk landuko ditu.

Aurten Elkano eta Magallanesek munduari eginiko biraren 500. urteurrena da. Efemeride hori dela eta, Elkano Fundazioak itsasgizonaren figura aldarrikatuko du, baita euskaldunek garai hartan tripulazio, espedizio antolatzaile eta ontzigile gisa bete zuten rola ere. Honako ikastaro honek jorratuko du gaia: ”Elkano eta lehen mundubira: 500 urte geroago/ Elkano y la primera vuelta al mundo: 500 años después”.

2019. urtea Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urte izendatu du NBEk. Horren lanketan rol garrantzitsua izan zuen Bergarako herriak, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eginiko lanari esker, eta ospatzeko, ikastaro bat antolatu dugu bertan.

Europako Kontseiluaren 70. urteurrenak ere izango du bere lekua edizio honetan, eta Euskadik Eskualdeen Batzordean duen parte hartzea eta giza eskubideen alde egiten duen lana ospatzeko aukera eskainiko digu.