euskaraespañol

LANCASTER UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA ETA DESIGN RESEARCH SOCIETY-KO PRESIDENTEA (DRS)

Rachel Cooper: «Diseinu on batek arduratsua behar du izan»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/09/15

Irudia
Rachel Cooper Lancaster Unibertsitateko Diseinu Kudeaketa eta Politikako irakaslea Bilbon | Argazkia: UPV/EHU

Rachel Cooper, Britainiar Inperioaren Ordenako ofiziala (OBE), Design Research Societyko (DRS) presidente eta Lancaster Unibertsitateko Diseinu Kudeaketa eta Politikako irakasle agurgarria da (Erresuma Batua). Diseinuaren prozesua bere eremu guztietan aztertzen eta ikertzen duen Europako jakintza-alor anitzeko elkarte akademiko zaharrena da DRS. Cooper irakasleak lan ugari argitaratu ditu diseinuaren pentsamenduari, kudeaketari eta politikari buruz, bai eta ongizaterako diseinuari eta diseinu sozialki arduratsuari buruz ere; besteak beste, Designing Sustainable Cities eta The Handbook of Wellbeing and the Environment liburuak. Bilbon izan zen DRSren bi urtez behingo konferentzian, UPV/EHUko Arkitektura Eskolak eta Bilboko Udalak antolatutako DRS2022n, non diseinu-ikerketan datozen urteetan arlo akademikoan eta ikerketan izango den ikuspegia ezarri baita.

Zuk nola ulertzen duzu diseinua?

Diseinua nonahi dago. Ez diogu erreparatzen, baina bizitoki ditugun leku guztiak, erabiltzen ditugun eserleku guztiak, tren guztiak, auto guztiak, den-denak diseinatu egin dira. Mundu materiala eta immateriala sortzea da diseinua. Eta, jakina, eragina du gure bizitzan. Interesa sortzen didana da jakitea nola eragiten duen horrek gure osasunean eta ongizatean. Munduan, pertsona asko dira etxe edo leku seguruetan bizi ez direnak. Eraikitako inguruneak eragina du gure osasunean eta ongizatean, eta planetarenean. Hala, mugagabea da mundu materialaren diseinuaren eta gizakien arteko erlazioa. Egiten dugun guztian eragiten digu, psikologikoki eta fisikoki.

Hain zuzen, diseinuaren pentsamenduaz, diseinuaren kudeaketaz, diseinuaren politikaz, ongizaterako diseinuaz eta diseinu sozialki arduratsuaz ikertzen duzu. Zerk bultzatzen zaitu diseinuaren inguruan ikertzera?

Diseinatzaile naizen aldetik, onartzen dut munduan eragina badudala, baina ez dut uste bezeroek eta munduko gainerakoek ulertzen dutenik diseinuak zenbaterainoko eragina duen munduan. Diseinuaren kudeaketa eta diseinu-politika diogunean, benetan interesa pizten didana da aztertzea nola hartzen ditugun diseinuari buruzko erabakiak. Interesatzen zait arkitekto batek nola hartzen dituen diseinu-erabakiak, produktu-diseinatzaile batek nola hartzen dituen diseinu-erabakiak. Baina, aldi berean, interesatzen zait bezero batek nola hartzen dituen diseinu-erabaki horiek; izan ere, azkenean, arkitektoa izan, produktuen diseinatzailea izan, moda-diseinatzailea izan, bezeroak ere bere diseinu-erabakia hartzen du. Eta beti interesatu izan zait jakitea bi aldeek nola hartzen dituzten diseinu-erabakiak, eta nola egiten duten bat, baita gure bizitzetan nola eragiten duten ere.

«Ez bezeroek eta ez munduko gainerakoek ez dute ulertzen diseinuak zenbaterainoko eragina duen munduan»

Zerk egiten du diseinu bat ona izatea?

Uste dut, diseinua norentzat egiten den, aldatu egiten dela hori. Enpresa batentzat, diseinu ona izango da salmenta ona duen bat, edo betekizunak behar bezala betetzen dituen eraikin bat. Baina gizarte-, ingurumen-, ekonomia- eta gobernantza-gai guztiak kontuan hartzen hasten dena da diseinu on bat, bai etorkizunean eta bai orain. Hala, diseinu on bat ezin da bakarrik bezeroarentzat onargarria izan, diseinu onak gizakia ardatz duen diseinutik harago joan behar du, eta planetaren alderdi guztiak hartu behar ditu kontuan. Diseinu on batek arduratsua behar du izan.

Diseinua ez da berdin interpretatzen ez mundu osoan eta ez denboran zehar. Zer bilakaera izan dute diseinu desberdinen jatorri izan diren prozesuek?

Diseinuak sortzea eragiten duten prozesuak denborarekin agertu dira. AEBn eta Europan, diseinua XX. mendearen hasieran hasi zen benetan diziplina gisa. Industria-diseinatzaile terminoa XX. mendearen hasieran onartu zuen AEBko Patenteen Bulegoak, eta, aldi horretan, industria-diseinua legitimatu zela ikusi genuen. Gerora diseinuaren diziplina zatikatzen ikusi genuen. Horrenbestez, orain, baditugu diseinu grafikoa, produktuen diseinua, moda-diseinua, barnealdeen diseinua eta ehun-diseinua, eta diseinuko beste hainbat eta hainbat diziplina.

XX. mendean, nik esango nuke diseinua askotan diruaren atzetik joan dela. Adibidez, 1980ko hamarkadan, industrian eta, bereziki, marketinean, kontsumitzailea jarri zen erdigunean, eta zerbitzuen marketina sortu zen. Ipar hemisferioan behintzat, hori izan zen paradigma nagusia. Diseinatzaileek pentsatu genuen zerbitzuen arlo horretan ere sar gintezkeela, diseinu ukiezina egin genezakeela, zerbitzuen diseinuaren arloa ere gara genezakeela. 1980ko hamarkadaz geroztik, asko hazi da zerbitzuen diseinua. Eta orain, Europan, gizarte-berrikuntzaren eta gizarteko erronken inguruko politikak hazi egin dira. Orduan, zer gertatzen da? Badagoela finantziazioa, bai eta horrekiko interes handiagoa ere. Nora doa diseinua? Bada, berrikuntza sozialera: gizarte-berrikuntzan lan egin dezakegu, gizarte-berrikuntza diseinatu dezakegu. Beraz, esan nezake, diruaren arabera mugitzen da, eta, hein batean, bere gizarte-kontzientziaren arabera.

«Diseinu on batek kontuan izan behar ditu gizartea, ingurumena, ekonomia eta gobernantza»

Diseinua hartzen ari den norabideari dagokionez, eredu ekonomiko alternatibo batzuk interesatzen zaizkit. Erresuma Batuko ekonomialari batek, Kate Raworth-ek, donutaren ekonomiari buruz hitz egiten du, zeinak bermatzen baitu inor ez uztea bizitzeko funtsezko gauzarik gabe, eta gizateriak planeta eta biziarentzat lagungarri diren sistemak babestea. Bada beste ekonomialari bat, Mariana Mazzucato izenekoa, guztiaren balioaz hitz egiten duena, eta iradokitzen du orain arte industriak balioa erauzi egin duela eta ez duela halakorik sortzen. Norbaitek auto bat egiten duenean, ez du baliorik sortzen; langileen balioa erauzten ari dira, lurretik balioa erauzten ari dira. Nola aldatu gure pentsaera ekonomikoa? Horra joan behar du diseinuak, sistema ekonomikoak birpentsatzen eta birdiseinatzen laguntzera eta horretan lan egitera.

Zertan datoz bat gizartearen, jasangarritasunaren edo generoaren ikuspegitik egiten diren diseinuak?

Denek dute arduratsu izateko nahia, etika kontuan hartzeko nahia, ez soilik gizakiekin lotutakoa, baizik eta gure eta planetaren arteko harremanarekin lotutakoa. Denak dira adeitsuak eta arretatsuak. Eta esan behar dut diseinatzaileak ez direla beti halakoak izan. Diseinuaren arazoa da diseinatzaile guztiek pentsatu izan dutela bikainak zirela, mundu material hori sortzen ari direla eta gauza zoragarri horiek guztiak egiten ari direla. Eta nik osasunaren arloan jarduten dudanez, iruditzen zait epe luzera gure osasunari kalte egin dioten gauza asko sortu ditugula.

Nola eragingo die diseinuak etorkizuneko hiriei?

Hiri Osasungarriak Sortzeko Batzordearen txostena aurkeztuko dugu Parlamentuan. Jendea bizitzeko leku hobeak nola sortzen ditugun aztertzen dugu hor. Nola hobetu ingurune eraikia, etxebizitza, garraioa, janaria eta zerbitzu guztiak. Sistemak, produktuak eta lekuak kontuan hartzen dituen ikuspegi sistemiko osoa da. Eta haren helburua da arduradun politikoei eta politikariei laguntzea, garatzaileek, diseinatzaileek eta planifikatzaileek leku hobeak egingo dituztela ziurtatzeko zer mekanismo dituzten pentsatzen has daitezen. Los Angelestik itzuli berria naiz. Hango autobidean zortzi errei daude oraindik, ez dago garraio-sistemarik, oso berdegune gutxi dago... Bilbora etorri, eta beste planeta bat dirudi.

«Sistema ekonomikoak birpentsatzen eta birdiseinatzen laguntzera joan behar du diseinuak»

Nola ikusten duzu Euskal Herria diseinuaren arloan, eta nola eragin diezaioke DRS2022 kongresuak?

Bilbo ongi diseinatutako hiri baten adibide zinez ona da. Hemen bizi den jendeak beste iritzi bat izan dezake, baina, konparazio gisa, adibide bikaina da ibilgarritasunari, soziabilitateari, arkitekturari, diseinuari, tranbia-sistemari, garraioari, zuhaitzei eta ingurumenari dagokienez. Beraz, badu estetika, ondo diseinatutako hiri funtzional bat izateaz gainera. Etorkizuna, nire ustez, horren gainean eraikitzea da, eta hiriaren beste alde batzuetara zabaltzen dela ziurtatzea.

Kongresuan izan den jendeak hainbat adibide hartu ahal izango ditu hiri honetatik, Bilboko hainbat diseinutan agerikoa baita jendearen bizimodua kontuan hartu eta zaindu egin dela.

Uste dut jende asko ohartu dela hiri handiak auzo txikietan banatu behar direla. Izan ere, berezko eskubideak dituzten tokiak dira. Eta ingurune berde hori, ibilgarritasun hori, estetika hori, bizi-kalitate hori eskaini behar da auzootan. Bilbo har daiteke, eta esan: horra hor nolabaiteko diseinu-plano bat. Nola erabili printzipio horietako batzuk beste leku batean? Uste dut horrek luzarorako kristalizatzen duela Bilbo diseinuaren munduan.

Uste duzu inflexio-punturik izan dela DRS2022 konferentzia honetan?

Diseinuaren ikerketa politikoago bihurtzen ari da (‘p’ xehearekin). Onartu da diseinatzaileak ezin direla bakarrik konferentzia batera etorri eta elkarrekin harremanetan egon. Kanpoko munduarekin, beste diziplina eta profesional batzuekin, publiko orokorrarekin, arduradun politikoekin edota politikariekin inplikatu behar dute, gaurko erronka konplexuak ebazteko. DRSren kongresu honetan, askoz gehiago hitz egin da diseinuak eremu publikoan eta politikoan duen balioa komunikatzeko modu posibleei buruz. Uste dut askoz gazte gehiago ari direla horretan lan egiten, eta jarrera aktibistagoa dutela. Uste dut diseinu-aktibismoa aurrera doala.