euskaraespañol

Jesús María Romera Aguayo eta Heriberto Pérez-Acebo

Erromatarren aztarnen atzetik, Intercatia hiri galduaren bila

Ingeniaritza Mekanikoa Saileko irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/26

Irudia
Jesús María Romera Aguayo eta Heriberto Pérez-Acebo. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

K.a. 151. urtea, erromatar armada errepublikanoko legioak Intercatiara iristear daude. Bere askatasuna babesteko prest dagoen gotorleku indigena da Intercatia, jatorri zeltakoa, vacceoen herrikoa. Hilabete batzuk lehenago, erromatarrek vacceoen beste hiri garrantzitsu bat suntsitu zuten, Cauca, eta ez zuten ia inor bizirik utzi.

Erromatarrak ezagutzen den munduko potentzia beliko handiena izan ziren eta geldiezin zihoazen aurrera, Iberiar penintsula osoan garaipenak biltzen. Legenda bihurtu zen militar gazte bat zihoan haiekin: Eszipion Emiliano Afrikarra.

Handik aurrera gertatutakoa Apiano izeneko historialari greziar batek kontatu zuen. Ustekabean, gotorleku hiriak aurre egin zion setioari eta Erroma bi alderdientzako ohoragarria izango zen bake bat sinatzera behartu zuen.

Erromatarrek atzera egin behar izan zuten, ekialderantz, eta hala, gizadiaren historiako setio ospetsuenetako baten protagonista izan ziren, Numantzia hiri arevako mitikoan. Numantzia erori ondoren, mesetako hiriak erromatartu egin zituzten, Intercatia barne.

Intercatia hiri galdutzat jo izan da, erromatar inperioaren erorialdiaren ondoren denboran desagertu egin zelako.

Zamora, Palentzia edo Valladolid?

Agian balentria heroiko horrek eragin zuen berau kokatzeko proposamenak askotarikoak izatea. Eremu geografiko zabala hartzen dute, Zamora, Palentzia eta Valladolid probintzien artean.

Hauek dira, besteak beste, aztergai dauden aukerak: Medina de Rioseco, Villanueva del Campo, Castroverde de Campos, Villalpando, Aguilar de Campos, Valverde de Campos, Ceinos de Campos, Montealegre eta Paredes de Nava.

Kokapenaren inguruko hipotesi gehienak ibilbide erromatarretan oinarrituta daude. Aldiz, Paredes de Navaren aukera hiri hartan egindako aurkikuntza epigrafikoetan oinarrituta dago. Epigrafia horietan, aztergai dagoen hiria aipatzen da, beraz, benetako kokalekua izatea sinesgarri egiten du.

Hala ere, orain arte, Paredes de Navaren aukera antzinako iturriek aipatutako ibilbideekin bat ez zetorrela ematen zuen. Iturri historikoen eta ebidentzia arkeologikoen arteko kontraesan horrek bilaketa ez aurrera ez atzera egitea eragin zuen.

Hiriak eta galtzadak aurkitzeko tresnak

Hiriak aztertzeko erabili izan diren iturri geografiko historikoak, nagusiki, ibilbide erromatarrak eta Ptolomeoren ‘Kosmografia’ lana izan dira.

Ibilbide erromatarrak Erromatar Inperioko galtzadetan barnako bideen multzo bat dira, zeharkatzen dituzten hirietatik eta haien arteko distantziatik abiatuta deskribatuak.

Bestalde, Ptolomeo I. mendearen inguruan bizitako geografo greziarra izan zen, eta bere ‘Kosmografia’ lanean Inperioko hiri nagusien latitudea eta luzera zehaztu zituen.

Metodo berri bat, estatistikan oinarritua

Berriki Journal of Cultural Heritage aldizkarian argitaratutako ‘A new method for locating Roman transport infrastructure’ lanean, erromatar bideak aurkitzeko metodo berri bat garatu genuen.

Zeharkatzen dituzten hirien kokapenean oinarritzen da tresna; kokaleku jakin bat erromatar hiri jakin batekin bat etortzeko probabilitatea neurtzen du, zehazki.

Koordenatu ptolomaikoen azterketa estatistiko batean oinarritzen da metodoa. Koordenatu horiek zehazgabetasun batzuk dituzten arren, benetako koordenatuekin harreman lineala dutela frogatu dugu lanean. Beraz, nahiz eta hiriak zehazki kokatzeko aukerarik ez eman, berau kokatzeko probabilitate handieneko eremua zehazteko aukera ematen dute.

Orain arte, egile batzuek koordenatu horiek baztertzen zituzten; beste batzuk, berriz, benetakoetara egokitzeko teoriak garatzen saiatzen ziren. Koordenatu ptolomaikoak kokalekuen probabilitatea baloratzeko erabiltzeko ideia kontzeptu berria da.

Metodo horri esker, kokaleku bat hiri batekin bat etortzeko probabilitatea neurtzen da eta hainbat kokapen proposamenen bideragarritasuna balora daiteke. Horren ondorioz, aipatutako hiritik igarotzen den erromatar galtzadaren trazadura berreraiki daiteke.

Metodoa galtzada bati aplikatzea

Antoninoren ibilbideko ‘Via ab Asturica per Cantabriam Caesaraugustam’ erabili dugu aztergai gisa. Aztertutako viari dagokionez, ibilbidean deskribatutako distantzietan oso akats nabarmenak daude. ‘Via’ horren trazadura erronka handia da eta horren inguruko interpretazio ezberdinak daude.

Saavedra izan zen galtzada erromatarren trazadura aztertu zuen lehenengoetakoa, zeinak Antoninoren Ibilbidean aipatutako Iberiar penintsulako ‘viae’ guztiak kokatzen dituen mapa bat aurkeztu zuen.

Aztertutako zatiaren deskribapeneko elementu gatazkatsuena, hain zuzen ere, Intercatia hiriari dagokion geltokiaren kokalekua da. Hori aurkituz gero, galtzadaren norabidea zehaztu genezake.

Non egon zen Intercatia?

Intercatiaren kokalekua zehazteko erabili dugu metodoa. Kokaleku posibleen artean, ondorioztatu da Paredes de Nava dela probableena, probabilitate handieneko eremuaren barruan dagoen bakarra baita. Tradizioz, Villalpandoren aukera aztertu izan da, baina probabilitate txikienekoa da (% 30 baino txikiagoa).

Paredes da probabilitate geografiko handieneko aukera eta bilatutako hiriaren gentilizioa aipatzen duten bi ebidentzia epigrafiko daudenez, Intercatiarekin identifikatu dugu. Horren ondorioz, Saavedrak proposatutako 27. bidearen trazadurarako aldaera bat proposatu dugu.

Espainia jendegabetua, Espainia arkeologikoa

Oraindik asko dago egiteko antzinako hiriak eta galtzada erromatarren trazadurak aurkitzeko. Horien ezagutza sustatzeak Espainiako alderdi politiko gehienen programetan bildutako hiru helburu betetzen ditu: europar izatearen sentimendua indartzea, talentuari eustea eta Espainia jendegabetuaren konponbide bat.

Historiak kontinente zaharreko herrien sustrai komunak aurkitzeko aukera ematen digu. Gainera, arlo horretako ikerlanak finantzatzen badira, gazte kualifikatu askok ez dute zertan beste herrialde batzuetako unibertsitateetara emigratu beharko hemen aukerak falta zaizkielako, talentuari eutsiko dion lanpostuen azpiegitura erakargarri bat sortuko baita.

Azkenik, kasualitatez, Iberiar penintsulako harribitxi arkeologiko handienak Espainia jendegabetua deiturikoan daude. Indusketak bultzatuz eta horien inguruko ezagutza areagotuz kultur turismoa sustatuko litzateke, hondartza turismoaren alternatiba gisa, nahiz eta hondartza turismoa ere beharrezkoa den.

The Conversation