euskaraespañol

Ruth Prieto-Montero eta Virginia Martínez Martínez

Terapia fotodinamikoa: mikroorganismoak suntsitzeko argia eta oxigenoa, antibiotikoen partez

Materialen Zientzia eta Teknologia doktorea eta Kimika Fisikoa Saileko doktore ikertzaile iraunkorra, hurrenez hurren.

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/01/16

Irudia
Imagen de rawpixel.com en Freepik

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazi duenez, munduko osasun arazo nagusietako bat da antimikrobiarrekiko erresistentzia. Antibiotikoen gehiegizko erabileraren eta erabilera okerraren ondorioz, birusak eta onddoak erresistenteak bihurtzen ari dira gaur egun horiei aurre egiteko erabiltzen ditugun sendagaiekiko.

Horren eraginez, orain arte kontrolatuta egon diren gaixotasunak, dagoeneko ez daude kontrolatuta. Adibidez, ‘Escherichia coli’ bakterioak eragindako gernu infekzioak edo ‘Candida auris’ onddoak odol fluxuan eragindako infekzio larriagoak. Erantzun faltak zaildu egiten du tratamendua, luzatu egiten du gaixotasunaren iraupena, errepikatzeko arriskua eta gaixotasun horien hedapena handitzen ditu eta, kasurik okerrenean, hildakoen kopurua handitzen du.

Gauzak hala, parasito multirresistente horiei aurre egiteko beste estrategia batzuk bilatu behar dira. Dena den, antibiotiko berriak garatzeak kostu handia du eta, orokorrean, denbora tarte luzea behar izaten da horiek erregulatzeko eta onartzeko. Kasu batzuetan, mikroorganismoek farmako berriekiko erresistentzia sortzen dute, farmako horiek merkaturatzeko onartu aurretik ere.

Mikrobioak argiarekin eta oxigenoarekin hiltzea

Antibiotikoen ordezko estrategietako bat terapia fotodinamikoa da. Hiru elementuren aldibereko presentzia behar du terapia horrek: argia; konposatu fotosentikor bat, orokorrean organikoa eta kolore bizikoa (fotosentikortzailea); eta oxigeno molekularra.

Uhin luzera jakin bateko argiak (urdina, berdea, gorria) molekula fotosentikorra aktibatzen du. Hori, aldi berean, gai da oxigeno molekularra aktibatzeko eta oxigeno espezie erreaktiboak sortzeko (ROS, ingelesezko siglengatik).

ROS horiek gai dira zelulentzat edo mikroorganismoentzat funtsezkoak diren hainbat biomolekula kaltetzeko, esaterako, proteinak, lipidoak eta azido nukleikoak. Ondorioz, zelulak, bakterioak, birusak edo onddoak kaltetu egiten dira, eta hil egiten dira.

Ia albo kalterik gabe

Hiru osagaiak aldi berean presente daudenean bakarrik gertatzen da efektu terapeutikoa, hiru elementu horiek banaka ez baitira toxikoak. Hori da, hain zuzen ere, tratamendu honen alderdi interesgarria. Horri esker, argiaren bidez tratamendua kontrolatu eta lokalizatu dezakegu: molekula fotosentikorrak pilatzen diren lekuetan eta argiaren dosi kontrolatuekin (potentzia eta denbora) modu lokalean irradiatzen direnean bakarrik sortuko dira oxigeno espezie erreaktiboak. Hori dela eta, prozedura selektiboa dela ziurtatu dezakegu, nahi dugun lekuan bakarrik eragiten duelako. Hala, ez du ia albo ondoriorik eragiten.

Gaur egun, larruazaleko osasun arazo lokalizatuetan erabiltzen da terapia hau, batez ere, dermatologian (onddoen infekzioak, aknea, psoriasia...). Eta azaleko kartzinoma batzuen tratamendu selektibo gisa ere erabiltzen da, baita minbizi aurreko lesioetan ere, hala nola keratosi aktinikoan.

Odontologian ere erabiltzen da, aho barrunbeko infekzioak tratatzeko; esaterako, periodontitisa, bakterio plakaren pilaketak eragina.

Birusak ere suntsitzen ditu

Terapia fotodinamikoa esperantzagarria da, hainbat arrazoirengatik. Batetik, hainbat agente infekziosoren aurka eragiten du, birusak barne. Eta birusen aurka antibiotikoek ez dute inolako eraginik. Gainera, emaitzak berehalakoak dira eta ez du erresistentziarik garatzen. Hortaz, hainbat aldiz errepikatu daiteke tratamendua.

Dena den, hainbat muga ditu eta zientzia komunitatea horien gainean ari da lanean. Fotosentikortzaileak, normalean, ez dira ongi disolbatzen ingurune akuosoetan, eta horrek zaildu egiten du konposatu organiko horiek zelulan sartzea. Hori da lehenengo muga. Bigarrenik, zelula osasuntsuetan pilatu ez daitezen, haien espezifikotasuna sustatu behar da, agente patologikoetara (birusak, bakterioak eta onddoak) bakarrik zuzendu daitezen.

Aztertzen ari diren aukeretako bat honakoa da: uretan disolbagarriak diren eta/edo mikroorganismo mota batekiko selektiboak diren funtzio taldeak edo molekulak gehitzea (adibidez, azukreak), berezko izaera hidrofoboa murrizteko eta espezifikotasuna handitzeko. Era berean, aztertzen ari dira nanopartikulak erabiltzea ere, konposatu fotoaktibo horien garraiatzaile gisa.

Gure gizartean gero eta ohikoagoa da aplikazio biomedikoetan nanoteknologia erabiltzea (nanomedikuntza). Arlo hori asko ikertu dute farmakoen garraiorako; kasu honetan, fotosentikortzaileen garraiorako.

Oraindik ere ikerlan gehiago garatu behar dira, eta entsegu kliniko berriak egin behar dira. Dena den, badirudi argiak eta oxigenoak gaixotasun infekziosoen tratamenduaren etorkizuna eraldatu lezaketela.

The Conversation