euskaraespañol

Inauguratu da UPV/EHUko Uda Ikastaroen 42. edizioa

Constanza Tobio Soler soziologian katedradunak 'Zientziak emakumeak deskubritzen ditu' hitzaldia eskaini du hasiera ekitaldian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/13

Irudia
Constanza Tobio Soler katedradunaren agerraldia | Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Gaur arratsaldean ospatu da Donostiako Miramar Jauregian UPV/EHUko Uda Ikastaroen (UIK) 42. edizioa.

Bertan hitza hartu dute Iñigo Urkullu, Lehendakariak; Eva Ferreira, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren presidente eta UPV/EHUko errektoreak; Markel Olano, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak; Eneko Goia, Donostiako alkateak; Rafael Pardo, BBVA Fundazioko zuzendariak; eta Itziar Alkorta, UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak.

140 lagun hurbildu dira Uda Ikastaroen hasiera ekitaldiara. Uda Ikastaroen antolakuntza batzordeko kideak, ikastaroetako zuzendariak eta hizlariak eta hedabideetako ordezkariak, besteak beste.

Constanza Tobio Soler soziologian katedradunak eskaini du “Zientziak emakumeak deskubritzen ditu”  izenburua daraman  hitzaldia.

Adierazi duenez, emakume batzuek zientzia egin dute jakintzaren hainbat arlotan zibilizazioaren hasieratik. Gehienak, ordea, duela gutxi arte prestakuntzatik kanpo geratu dira, eta horrek eragotzi egiten du ezagutza praktikatzea. Batzuetan, hori egiteko aukera izan arren, lanbidean jardutea galarazi zitzaien, eta beste batzuetan, lortu arren, lortutakoagatik aitortza ukatu zitzaien. Horrek guztiak gizadia pobretu du. John Stuart Millek eta Harriet Taylorrek idatzi zuten emakumeen berdintasuna onuragarria izango litzatekeela gizartearentzat, eskura zegoen adimen-gaitasuna bikoiztuta. Mende eta erdi geroago, bidearen zati handi bat egin da, baina oraindik ere emakumeen talentua garatzea zailtzen duten oztopoak daude. Komunitate zientifikoak azkarrago egin behar du aurrera emakumeak beren jardueran sartzeko prozesuan, eta prozesu hori guztion ongiak eskatzen du. Eta, hala izango denaren ziurtasuna adierazi du Constanzak bere hitzaldiaren amaieran.

Abian dira jada Uda Ikastaroak

Gaur bertan abiatu da Gasteizen La Empresa 4.0: enpresen eraldaketa digitalari buruzko ikastaroa, eta gaurtik aurrera, irailaren amaiera bitartean, ikastaro andana da ezagutzaren baitan murgildu nahi duen ororentzat. UIKren atarian eskuragarri dago informazio osoa: www.uik.eus