Euskaldunen Y kromosoma mota bereizgarri bat, Latinoamerikako populazio mestizoan

UPV/EHUn, Amerikako garai kolonialeko merkataritzarekin lotu dute Latinoamerikako biztanle mestizoetan aurkitutako haplotalde bat

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/05

BIOMICs ikerketa-taldea. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

DF27 haplotaldea Latinoamerikako populazio mestizoan zenbateraino zabalduta dagoen aztertu du UPV/EHUko BIOMICs ikerketa-taldeak. Ikerketan, % 29-35eko batezbesteko maiztasuna hauteman dute, eta iparretik hegora maiztasuna hazi egiten dela; antza denez, gainera, joera hori bat dator garai kolonialean Amerikara egiten ziren joan-etorri komertzialen eraginarekin. Ikertzaileek diote auzitegiekin lotutako egoeretan kontuan izan behar dela haplotalde hori europar jatorriko gizonezko batena zein latinoamerikar jatorriko batena izan litekeela.

Giza espeziean, gizonezkoen kromosoma sexualetako bat da Y kromosoma. “Leinu-markatzaile bat da, eta populazioen historia biologikoaren berri ematen digu. Gainera, oso garrantzitsua da genetika forentsearen arloan”, azaldu du Marian Martínez de Pancorbo UPV/EHUko BIOMICs taldeko ikertzaile nagusiak. Hainbat urtez, Y kromosoma ikertzen jardun du BIOMICs ikerketa-taldeak, markatzaile berriak bilatuz, bai populazioen genetikarako bai genetika forentsean erabiltzeko.

“Pixkanaka, zenbait bereizgarritasun aurkitu ditugu gure populazioaren DNAn; besteak beste, DF27 haplotaldea”, adierazi du Martínez de Pancorbo UPV/EHUko katedradunak. Y kromosomaren haplotaldeak kromosoman bertan dauden markatzaile-multzoak edo ezaugarri genetikoen multzoak dira. “Oso maiztasun handia du haplotalde horrek Euskal Herrian, eta maiztasun handia Kantabrian eta Aragoin. Asturiasen, Galizian edo Katalunian bilatzen dugun heinean, haplotaldearen maiztasuna lausotuz doa”, gaineratu du.

Kontuan hartuta historikoki euskal herritarrek emigratzeko joera handia izan dutela, “iruditu zitzaigun interesgarria zela DF27a mestizo amerikarretan bilatzea”, azaldu du ikertzaileak. Hala, Mexikon, Guatemalan, El Salvadorren, Nikaraguan, Panaman, Kolonbian eta Puerto Ricon egin dute azterketa, eta berretsi dute “baietz, euskal jatorriko gizonezkoek ondorengoak utzi dituztela Latinoamerikan”, erantsi du.

 

Joan-etorrian dabiltzan haplotaldeak

Aztertutako herrialde amerikarretan, % 9-37 bitarteko maiztasunarekin aurkitu da DF27 haplotaldea. Maiztasun handienarekin Kolonbian aurkitu dute, eta txikienarekin El Salvadorren; gainera, egiaztatu dute maiztasuna txikitu egiten dela hegoaldetik iparraldera. Badirudi banaketa-joera hori bat datorrela garai kolonialean Amerikara egiten ziren joan-etorri komertzialekin, eta maiztasun handiagoarekin aurkitu da harreman komertzialik handiena zen tokian. “UPV/EHUko Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia Saileko historian doktore den Oscar Álvarez Gilak bermea eman zien gure emaitzei; izan ere, Cartagena de Indias (Kolonbia) zen garai hartan Iberiar Penintsulatik Amerikarako komertzioaren gunea”, adierazi du Martínez de Pancorbok.

Haplotaldearen banaketaren irudi zehatzagoa lortzeko, Latinoamerikako beste herrialde batzuetan —hala nola Argentina, Paraguai, etab.— eta Ipar Amerikan ere haplotaldea badagoen aztertu beharra dagoela nabarmendu du katedradunak. Halaber, ikertzaileak adierazi duenez, “Filipinetan ere ikerketa bera egitea gustatuko litzaiguke; izan ere, historikoki hara ere iritsi izan dira euskaldunak, eta, hala, aukera izango genuke ikusteko zer ari den munduan gertatzen aitagandiko leinu honekin”. Ikertzaileak agerian utzi du zailtasunak dituztela laginak in situ hartzeko eta, horretarako, gainera, nahitaezkoa dela lankidetza ugari eta onak lortzea. Harro dago orain arte izan dituztenekin.

Azkenik, Martínez de Pancorbok adierazi duenez, ikuspegi forentse batetik “interesgarria da DF27 haplotalde bat aurkitzea agertoki forentse baten aztarnetan, baina zuhurra izan beharra dago hura interpretatzeko garaian; izan ere, litekeena da Iberiar Penintsulako iparraldeko gizonezko batena izatea edota Latinoamerikako batena izatea, kontuan izanik gaur egun zenbat latinoamerikar bizi diren inguru hauetan”.

 

Informazio osagarria

Marian Martínez de Pancorbo UPV/EHUko biologia zelularreko katedraduna da, UPV/EHUko DNA-bankuaren zuzendaria eta BIOMICs ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia. Biozientzietan eta mikroteknologietan ikertzen duten diziplina ugariko talde bat da BIOMICs, eta Arabako campuseko Lascaray Ikerketa Zentroan du egoitza. Hiru ikerketa-lerro multzotan aritzen dira: aldakortasun genetikoa, biomedikuntza eta mikrofluidika. Aldakortasun genetikoan, giza populazioen genetika, genetika forentsea, biologia forentsea eta animalien dibertsitate genetikoa eta arkeogenetika sartzen dira; gizakien eta animalien dibertsitate genetikoa ikertzen dute, banakoak eta populazioak karakterizatzeko eta datu ebolutiboak emateko. BIOMICs-ek, halaber, metodologia berriak garatu ditu halako ikerketak errazago egiteko. Biomedikuntzan, BIOMICs-ek epigenetika du ardatz, eta aurkikuntza berrietan jarri du fokua, bularreko eta koloneko minbiziak, zahartzea eta Alzheimer eta Parkinson gaitzak prebenitzeko, diagnostikatzeko eta tratatzeko.

Erreferentzia bibliografikoa