euskaraespañol

Andre handi bat gizon boteretsuen artean

UPV/EHUko liburu batek María de Mendozak XIV. eta XV. mendeetan eratutako leinuaren istorioa biltzen du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/20

Martiodako dorrea.
Martiodako dorrea.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak liburu bat argitaratu berri du: «Por merced e mandado de mi sennora».El señorío de María de Mendoza a fines de la Edad Media.Nuevos textos para el estudio de la sociedad alavesa (1332-1511)’. Ibilbide luze eta egiaztatua duen ikerketa talde batek elkarlanean egindako lanaren emaitza da. Taldearen helburua da, Vitoria-Gasteizko UPV/EHUko Letren Fakultatetik, XIV eta XVI mendeen artean Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko lurraldeetan gertatutako eraldaketa ekonomiko, sozial, politiko, ideologiko eta kulturalen ezagutzan aurrera egitea. Talde hori liburuaren egileek osatzen dute: Agurtzane Paz Moro, Ismael García Gómez, Jon Andoni Fernández de Larrea Rojas, José Ángel Lema Pueyo, Arsenio Dacosta Martínez, Mario García Zúñiga, José Antonio Munita Loinaz eta José Ramón Díaz de Durana Ortiz de Urbina.

Liburuak María de Mendozak eratutako leinuari buruz hainbat ikuspuntutatik egindako ikerketak biltzen ditu. Emakume hori 1342. urtean sortutako jurisdikzio jaurgo txiki baina zahar bateko lehen alaba eta oinordekoa izan zen. Lanean haren lurren eraketa, kudeaketa eta garapena aztertu ahal izan dira; izan ere, jaurgoko kontabilitatea ezin hobeto kontserbatu da. Martiodako dorrea leinuaren oinetxea eta María de Mendozaren eta haren ondorengoen bizilekuetako bat zen eta hura ere aztertzen da ikuspuntu arkeologikotik. Azkenik, jurisdikzio hartan jazotako protesta, erresistentzia, indarkeria eta negoziazio moduak ere ikertzen dira. Horren jomuga da Erdi Aroaren amaieran Otoko herrixketako auzotarrak beren artean, eta baita horiek María de Mendozaren oinordekoekin, aurrez aurre jartzen zituen harreman sozial, ekonomiko eta politiko tirabiratsua analizatzea. Liburuaren bigarren zatia lan horretarako bildu eta kontsultatu diren dokumentuen (gehienak argitaragabeak) edizio zaindu bat da.

 

María de Mendoza

Liburuko protagonistak Hurtado de Mendoza leinua XIV. eta XV. mendeetan osatu zuten ahaideak badira ere, María de Mendoza da kontakizuneko pertsonaia nagusia. Hura izan zen Martiodako dorreko eta Otoko herrixketako jaurgoko -Arabako mendebaldeko lautadan- burua 1404 eta 1472 urteen artean.

Nerabezaro hasieran umezurtz gelditu zen, eta Arabako lurraldetako eta Gaztelako gorteko hainbat leinu indartsuren ahaide zen -Hurtado de Mendoza, Mendoza, Ayala eta Sarmiento leinuak-. Gizon boteretsuen artean zebilen «emakume basati» horrek asmatu zuen bizitza bete bat eraikitzen, garaiko konbentzio sozialak ekidin zituen -bere seme bakarra ezkontzatik kanpo izan zuen- eta familiaren eta emakume, ama eta andre bezala zituen interesen alde borrokatu zen. Diruduna zen, kontaktu oso onak zituen eliteko nobleziaren artean, bai lurraldean bai erreinuan, eta eragin handia zuen orduko Gasteizen.

Martioda, Otobarren eta Otogoien herrixketako biztanleak ere badira liburuko protagonistak: plebeioak eta kapareak. Horiek lurra lantzen zuten, basoko eta mendiko baliabideak erabiltzen zituzten, salgaiak garraiatzen zituzten Gasteizera eta Gasteiztik -herrixketatik pare bat legoatara- eta errentak beren jauntxoei ordaintzen zizkieten.

 

Historiari buruzko argitaragabeak bilduma

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren Historiari buruzko argitaragabeak bildumak monografiak argitaratzen ditu, Erdi Aroko eta Aro Berriko dokumentu historiko argitaragabeak ezagutzera emateko, diskurtso historiko orokorrari lotuak, ekarpen berritzailea eta nabarmena egin behar diotelarik eztabaida historiografikoari. Testuen aurretik, aztergaiari lotutako ikerketa bat edo batzuk egon behar dute. Bildumaren jasotzaile dira, nagusiki, Erdi Aroko, Aro Berriko eta Amerikako historiako akademiko eta ikertzaileak, nahiz eta zenbait tituluk publiko zabalago batengan sor lezakeen xarma ere aintzat hartu behar den, esate baterako, Euskal Herriaren historia jorratzen dutenen artean. Bilduman aurkeztutako lanek ikerketa original baten emaitza izan behar dute eta lehenago ezelako bitartekoetan argitaragabeak.