euskaraespañol

Iñaki Morlánek irabazi du Unibertsitate Inklusiboari buruzko Kartel Lehiaketaren VI. edizioa

Javier Navarrok eta Juan Daniel Orozcok bigarren eta hirugarren saria eskuratu dituzte, hurrenez hurren

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/03/08

Irudia
Iñaki Morlanek lehiaketako lehen saria jaso du Arantza Martinezen eskutik | Argazkia: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa

Unibertsitate Inklusiboari buruzko Kartel Lehiaketaren seigarren edizioko sariak banatu ditu Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak. Iñaki Morlán Santa Catalinak, Sorkuntza eta Diseinuko Graduko ikasleak, jaso du lehenengo saria, ‘Egin daiteke’ izeneko lanarengatik. Bigarren saria Javier Navarro de Almeidak irabazi du, Publizitateko eta Harreman Publikoetako Graduko ikasleak, ‘Visibles’ lanarengatik. Hirugarren saria, berriz, Juan Daniel Orozco Gamboarentzat izan da, Arkitekturaren Oinarrietako Graduko ikaslearentzat, ‘Siente la inclusión’ lanarengatik.

Arantza Martínez Ikasleen arloko zuzendariak nabarmendu duenez, “gure unibertsitatea inklusiboa dela, eta aukera berdintasunaren eta aniztasunaren arretaren printzipioak kontuan dituela ikusaraztea da unibertsitate inklusiboari buruzko kartel lehiaketaren helburua. Ikasleek inklusioaren gainean hausnartzea eta haien proposamenak kartel batean islatzea da xedea. Kartel irabazlea inprimatu egingo dugu eta unibertsitateko ikastegi guztietara bidaliko dugu, erakusgai jartzeko. Gainera, parte hartu duten kartel guztiekin erakusketa bat osatuko dugu, eta Euskal Herriko Unibertsitateko hiru campusetatik pasatuko da”. 

Guztira 26 lan aurkeztu dituzte Euskal Herriko Unibertsitatearen Unibertsitate Inklusiboari buruzko Kartel Lehiaketaren VI. ediziora.  Honako gai honi buruz lan egin behar izan dute: XXI. mendeko unibertsitate inklusiboa, hau da, desgaitasunen bat duten ikasle guztiei eta, oro har, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasle guztiei ikastea eta jarduera guztietan parte hartzea ahalbidetzen diena, aukera berdintasunean. Lehiaketako epaimahaiak aukeratutako lanak (horien artean, irabazleak):https://www.ehu.eus/eu/web/discapacidad/aukeratutako-lanak-2024

Iñaki Morlán Santa Catalina 

Sorkuntza eta Diseinuko Graduko ikaslea 

Kartela: ‘Egin daiteke’ 

Iñaki Morlán Santa Catalina

“Kartel bat ikusteko egiten da, eta, nire diseinuaren bidez, kartela ikusten duen oro interpelatuta sentitzea nahi nuen. Testu lausotuak ikusteko desgaitasuna duten pertsonen ikusmena sinbolizatzen du eta, aldi berean, desgaitasuna duten pertsona guztiak irudikatzen ditu. Ikusteko desgaitasuna metafora gisa erabilita, unibertsitateko kideak sentsibilizatu nahi nituen desgaitasuna duten pertsonen inklusioak duen garrantziaren gainean. Izan ere, desgaitasunak ez ditu pertsonak definitzen; haien ingurunea baldintzatu baino ez du egiten. Gure unibertsitateko leloa (‘Eman ta zabal zazu’) erabilita, UPV/EHUk, ezagutzaz gain, funtsezko balioak sustatzen eta zabaltzen dituela transmititu nahi nuen, hala nola inklusioa eta aukera berdintasuna. 

Egia esan, oso pozik nago kartel lehiaketa hau irabazi izanagatik. Ilusio berezia egiten dit, gertutik ezagutzen dudalako Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko kideek egiten duten lan zoragarria, sarritan aitorpenik jasotzen ez duena. Era berean, Arte Ederren Fakultateko nire irakaslearengatik pozten naiz, Amparo Lozanorengatik. Honelako deialdietan parte hartzera animatzen eta desafiatzen gaitu gelan, karrera amaitu osteko benetako bizimodurako prestatzeko”. 

Javier Navarro de Almeida 

Publizitateko eta Harreman Publikoetako Graduko ikaslea 

Kartela: ‘Visibles’ 

Javier Navarro de Almeida

“Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren eta kolektiboaren beraren garrantzia bistaratzea da nire kartelaren helburua, irudien bloke bateratu batean hutsune bat irudikatuta. UPV/EHUren gisako erakunde publiko batean horrelako zerbitzu bat izatea zer garrantzitsua den irudikatu nahi nuen, eta hortik sortu zen kartelaren ideia. Oso ohituta gaude zerbitzua ikustera eta, hortaz, normalizatuta dugu. Hori dela eta, hutsunearekin jolastu nahi izan nuen haren garrantziaz eta existituko ez balitz utziko lukeen hutsuneaz hausnartzeko. Hala, kartel honetan hutsunearen bidez irudikatuta dago unibertsitate inklusiboa, batasun solido eta egituratu bat osatzen duten askotariko irudien nahasketa batean. Falta denean ikusten da gehien. Hortik dator lanaren izenburua eta bertan ageri den titularra: ‘Inoiz baino ikusgarriagoak’. 

Nire iritziz, lehiaketa mota hauetan saria da gutxienekoa. Garrantzitsuena auzia ikusarazteko modu berritzaileak eskaintzea dela uste dut. Halere, ezin dut ukatu harro egoteko modukoa dela nire lana aitortzea eta saritzea. Aurreko edizioan ere bigarren postuan geratu nintzen eta, aipatutakoaz gain, nire lanak eragina duela eta fruituak ematen dituela ikustea da pozgarriena. Unibertsitate inklusiboa ikuspegi sortzaile batetik eta denontzat irisgarria den ikuspegi batetik komunikatzen laguntzen duela ikustea. Hori dela eta, hurrengo edizioetan parte hartzera animatzen ditut denak, sormena probatzeko eta, batez ere, zerbitzuarekin, unibertsitatearekin eta pertsonekin kolaboratzeko”. 

Juan Daniel Orozco Gamboa 

Arkitekturaren Oinarrietako Graduko ikaslea 

Kartela: ‘Siente la inclusión’ 

Juan Daniel Orozco Gamboa

“Kartelean hiru sinbolo ageri dira: begi bat, ezpain batzuk eta belarri bat. Komunikazioa eta pertzepzioa sinbolizatzen dituzte horiek. Hala, itxuratik harago begiratu eta esperientzien eta ikuspegien aniztasuna ezagutzera gonbidatzen gaituzte. Desgaitasuna duten pertsonek aurre egin beharreko esperientzien eta erronken aniztasuna islatzen dute hondoko askotariko kolore biziek. Laino moduko horrek iradokitzen du desgaitasuna ez dela estatikoa eta ez dutela muga zurrunek definitzen. Aldiz, malgua eta aldakorra da. “Sentitu inklusioa” leloaren bidez, pertsona guztiak onartzea eta baloratzea sustatzen du kartelak. Hala, pertsona guztiak modu berean onartzen eta baloratzen diren mundu inklusibo baten garrantziarekin konektatzera gonbidatzen gaitu, emozioen bidez. 

Nire ustez, inklusioa sustatzeaz gain, ekitaldi mota hauek ikusgarritasuna ematen diete gure gizartean sarri ikusezin bilakatzen diren pertsonei. Gainera, hezkuntza denentzat irisgarria den mezua nabarmentzen dute, norbanakoaren zirkunstantziak edozein izanik ere. Funtsezkoa da alor guztietan aukera berdintasuna sustatzea, eta lehiaketa hau pauso handi bat da norabide horretan. Saria oso ondo dago, baina, diruaz harago, lanaren aitorpena eta kartelak Euskadi osoko fakultateetan erakusgai egotea da atseginena”.