UPV/EHUren Klika

Unibertsitateak bat egiten du Korrikarekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/09

Oier Esteban Saucek eta Maria Agüero Ansolak Donostian parte-hartuko dute. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Apirilaren 4tik apirilaren 14ra 21. Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du Garestik Gasteizera. 2.500 kilometro baino gehiago Euskal Herrian barrena. Hor izango da UPV/EHU ere. Hala, Leioako, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kilometroetan parte hartuko du unibertsitateak. 

UPV/EHUren kilometroak

Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio guneko kilometroa: Bihar, apirilaren 10ean, arratsaldeko 17:28etan, Leioako Mikel Laboa plazan, aitortza egingo zaio 1969an sortutako Bilboko Unibertsitateari, gerora sortutako Euskal Herriko Unibertsitatearen ernamuina izan zelako eta unibertsitateko eremu ezberdinetan euskara sartzen hasi zedin oinarriak jarri zituelako. Hala, Zientzia eta Teknologia Fakultateko (Fernando Plazaola dekanoa eta Javier Duoandikoetxea eta Kepa Altonaga irakasleak) eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ordezkariak (Joseba Pineda dekanoa eta Angel Bidaurrazaga irakaslea) izango dira Korrikaren lekukoa eramango dutenak.

Fernando Plazaolaren esanetan euskara “indartu beharreko” hizkuntza da, “buru-belarri arlo desberdinetatik saiatu behar garena”. 50. urteurrena betetzen duen Fakultateko egungo buru bezala, “bertan Euskarak duen garrantzia eta euskararen alde Fakultateak egin duen erronka zabaltzeko aukera” ematen dio Korrikak.

Plazaolarekin batera han izango dira Javier Duoandikoetxea eta Kepa Altonaga irakasleak ere. Javier Duoandikoetxea matematikariaren ustez “maila handiko erakunde batetik euskararen aldeko mezua gizartean zabaltzeko aukera” ematen dio Korrikak fakultateari. “Aurrekoengandik jaso genuen eta hurrengoei ahalik  eta bizien utzi behar diegun ondarea da euskara”.

Fakultateko irakasle eta azken Euskadi Literatura Saria Euskarazko saiakera atalean Kepa Altonagak hausnarketarako gogoeta utzi du: “Korrika urte birik behingo poztasun-unea da, euskararen elektrokardiograma kezkagarrian”.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoak, Joseba Pinedak, eta Fakultate bereko Angel Bidaurrazaga irakasleak ere eramango dute Korrikaren lekukoa. “Algortako Lauaxeta AEK euskaltegian ekin nion nik euskara ikasteari 13 urte nituenean. Hainbat urte eta gero ohore bat da Korrikari laguntzea eta babesa ematea Medikuntza Fakultatearen izenean lekukoa eramanez”, adierazi du Pinedak  

“Euskararekiko konpromisoa nire bizitzaren ardatzetariko bat da. Ni euskaldun berri naiz, eta formakuntza eta esfortzuari esker fakultateko nire klaseak euskaraz ematea lortu dut”.

Bilboko kilometroa: Etzi, apirilaren 11n, arratsaldeko 15:39etan, Indautxun, Euskadi Plazan, aitortza egingo zaie ikasketa zientifiko-teknikoetako emakumeei, bereziki ingeniaritza arloko emakumeei. UPV/EHU ordezkatuz han izango dira Inma Hernaez, Zaloa Aginako eta Estibaliz Saez de Camara irakasleak eta Leire Urrutia eta Lide López ikasleak.  

“Emakume ingeniariak ordezkatzearen enkargua jaso genuenean ohorea izan zen bostontzako. Korrikan parte hartzea euskaldun batentzat euskara ospatzea da, Korrikako euskararen aldeko giro horrek sortzen digu zirrara, poza, indarra; eta gainera lekukoa eramatea emakume ingeniarien izenean, aktiboki parte hartze hori… zer esan, hunkituta gaude, urduri  ere”, azaldu dute bost ordezkariek.

“Esker oneko sentimendua ere badugu Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak aukera eman diolako Bilboko Ingeniaritza Eskolari eta batik bat emakumeei euskararen lekukoa eramateko. Halaber, Korrika Txillardegi euskararen alde egindako lanarengatik omentzen ari den honetan, guk ere gure gorazarre txikia egingo diogu Eskolako ikaslea izan zen Txillardegiri”, gogorarazi du  Inma Hernaezek.

Donostiako kilometroa: Etzidamu, apirilaren 12an, arratsaldeko 16:48etan, Tolosa Hiribidean, Mutua Universal Osasun Zentron, aitortza egingo zaie ezgaitasunak dituzten UPV/EHUko kideei. Hala, lekukoa eramango dute Maria Agüero Ansolak, Gizarte Hezkuntzako 3.mailako ikasleak, eta Oier Esteban Sauce, Lehen Hezkuntza Graduko ikasleak.

“Niretzat oso esperientzia polita da Korrikan lekukoa eramatea.  Askotan parte hartu dut lasterketan baina lehenengo aldia da lekukoa eramango dudala.  Gainera Unibertsitateak desgaitasuna duten pertsonei Gipuzkoako Campusean aitortza egitea garrantzitsua eta beharrezkoa  iruditzen zait. Horrela korrika bezalako ekitaldi batean gure egoera ikusarazten  baita”, jakinarazi du Maria Agüerok.

Oier Esteban Saucek ikusmen urritasuna du, eta Gipuzkoako Campusaren aitortza aintzat hartzen du. “Batzuetan oztopoak agertu daitezke, era askotarikoak dira eta gehienetan ikusezinak. Korrikan lekukoa eramatea ez da bakarrik zailtasun horiek sentitu dutenen izenean ‘hemen gaude!’ esatea,  baizik eta mundu guztiari ‘Ahal dugu!’ oihukatzea”.

Gasteizko kilometroa: apirilaren 14an, goizeko 11.36etan, Gaztelako atea-Santiago Ramon y Cajal elkargunean aitortza egingo zaie atzerritik UPV/EHUra egonaldia egitera datozen eta euskara ikastaroa egiten ari diren ikasleei. Han izango dira Robert Miller (Erresuma Batua), Miku Muramatsu (Japonia), Kiah Jones (AEB), Pawel Purtak (Polonia) eta Lena Bialkowska (Polonia). Korrikan parte-hartzearekin pozik agertu dira, euskara bezalako hizkuntza “babestu beharreko ondarea” dela irizten baitute. “Milaka lagunek lasterka egingo duten honelako ekimenik ez dugu Ameriketako Estatu Batuetan”, aitortu du miresmenez Kiah Jonesek.