euskaraespañol

Behin eta berriro agertzen den supernoba baten argia aztertuta, unibertsoaren hedapen-tasaren beste ikuspegi bat lortu da

Lehen aldiz neurtu dute era horretan unibertsoaren hedapen-tasa, tartean Tom Broadhurst irakaslea zela, eta fisikako eta astronomiako aspaldiko eztabaida bat hauspotu da

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/22

Thomas Broadhurst
Argazkia: Ibai Biritxinaga. Komunikazio Bulegoa, UPV/EHU.

Hubble espazio-teleskopioa erabiliz talde batek aurkitutako irudi handiagotu eta biderkatuko supernoba batetik lortu diren datuei esker, teknika aitzindari bat arrakastaz erabili da unibertsoaren hedapen-tasa neurtzeko. Talde horretako kideetako bat Tom Broadhurst da, UPV/EHUko Ikerbasque irakaslea eta DIPCko ikertzaile elkartua. Teknika horrek beste ikuspegi independente bat ekarri dio aspaldiko eztabaida bati, eta lagungarri gerta liteke zientzialarientzat unibertsoaren adina zehaztasun handiagoz jakiteko eta kosmosa hobeto ulertzeko.

Astronomian, bi modu zehatzetan neurtzen da unibertsoaren hedapena, “Hubble-ren konstante” ere deritzona. Lehenengoan, hurbiletik behatzen dira supernobak (hots, izar batzuen bizi-zikloaren amaieran gertatzen diren leherketa masiboak), eta bigarrenean, berriz, “mikrouhinen hondo kosmikoa” erabiltzen da (hau da, Big Bang-a gertatu eta gutxira unibertsoan barrena libreki zabaltzen hasi zen erradiazioa). Hala ere, bi neurketa horien artean % 10 inguruko aldea dago, eta horrek eztabaida handia piztu du fisikari eta astronomoen artean. Bi neurketak zehatzak badira, horrek esan nahi du gaur egun unibertsoaren sorrerari buruz zientzialariek duten teoria osatugabea dela.

Nazioarteko talde batek Hubble-ren konstantearen beste kalkulu bat egin du, behin eta berriro agertzean supernoba batek igortzen duen argia aztertuta. Nazioarteko talde horretako kideetako bat Tom Broadhurst da, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikerbasque ikerketa-irakaslea eta Donostia International Physics Centerreko ikertzaile elkartua.

Zera esan du Patrick Kellyk, azterlanaren egile nagusiak eta Minnesotako Unibertsitateko Fisika eta Astronomia Fakultateko irakasle laguntzaileak: “Neurketa berri eta independenteek berresten badute ez datozela bat Hubble-ren konstantearen bi neurketa horiek, kolokan jarriko litzateke kosmosaren gure interpretazioa. Orain, zalantza da ea arazoren bat dagoen neurketa batekin, edo biekin. Horri heltzen dio gure ikerketak, eta, horretarako, modu independentean eta oso desberdinean neurtzen du unibertsoaren hedapen-tasa”.

Hedapen-tasa kalkulatzeko, taldeak Refsdal supernobaren datuak erabili ditu. Supernoba hori, lehen aldiz, irudi batean baino gehiagotan jaso da; hau da, teleskopioak gertaera kosmiko beraren lau irudi desberdin atera ditu. Aurkikuntzaren ondoren, mundu osoko taldeek iragarri zuten supernoba beste leku batean agertuko zela 2015ean, eta Minnesotako Unibertsitateko taldeak beste irudi hori atera zuen. Supernobaren aurrean galaxia-multzo batek grabitazio-leiar gisa ziharduelako lortu ziren irudi horiek guztiak. Fenomeno horretan, multzoaren masak argia okertzen eta handiagotzen du. 2014ko eta 2015eko irudietako agerpenen arteko atzerapenak kontuan hartuta, Hubble-ren konstantea neurtu ahal izan dute ikertzaileek, 1964an Sjur Refsdal astronomo norvegiarrak garatu zuen teoria bat erabilita; ordura arte, ezin izan zen teoria hori praktikan jarri.

Materia ilunaren eta energia ilunaren arteko funtsezko harremanak hobeto ulertzen laguntzea

Tom Broadhurstek ondorioztatu du Hubble-ren konstantearen neurketa berria hobeto egokitzen dela mikrouhinen hondo kosmikoarenera, “sendotu egiten baitu gure interpretazioa; alegia, energia ilunaren kanpo-presioaren menpe dagoela unibertsoaren hedapen-tasa, eta materia ilunaren autograbitateak konpentsatzen duela, hainbeste, ezen gaur egun unibertsoaren hedapen-tasa bizkortzen ari baita”.

Bi txostenetan banatzen da ikerketa, zeinak Science eta The Astrophysical Journal aldizkarietan argitaratu baitira, hurrenez hurren. Batez ere NASAk finantzatu du, Espazio Teleskopioaren Zientzia Institutuaren eta Zientzia Fundazio Nazionalaren bidez. Erakunde hauetako ikertzaileek osatu dute taldea: Minnesotako Unibertsitateko Minnesotako Astrofisika Institutua; Hego Carolinako Unibertsitatea; Kaliforniako (Los Angeles) Unibertsitatea; Stanford Unibertsitatea; Suitzako Teknologia Institutu Federala (Lausana); Sorbona Unibertsitatea; Kaliforniako (Berkeley) Unibertsitatea; Torontoko Unibertsitatea; Rutgers Unibertsitatea; Kopenhageko Unibertsitatea; Cambridgeko Unibertsitatea; Kosmologiako Kavli Institutua; Negeveko Ben-Gurion Unibertsitatea; Euskal Herriko Unibertsitatea; Kantabriako Unibertsitatea; Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilua; Zientziako Carnegie Institutuaren behatokiak; Portsmoutheko Unibertsitatea; Durhamgo Unibertsitatea; Kaliforniako (Santa Barbara) Unibertsitatea; Tokioko Unibertsitatea; Espazio Teleskopioaren Zientzia Institutua; Astrofisikako Leibniz Institutua (Potsdam); Michigango Unibertsitatea; Australiako Unibertsitate Nazionala; Stony Brook Unibertsitatea; Heidelbergeko Unibertsitatea; eta Chibako Unibertsitatea.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Patrick L. Kelly, Steven Rodney, Tommaso Treu, Masamune Oguri, Wenlei Chen, Adi Zitrin, Simon Birrer, Vivien Bonvin, Luc Dessart, Jose M. Diego, Alexei V. Filippenko, Ryan J. Foley, Daniel Gilman, Jens Hjorth, Mathilde Jauzac, Kaisey Mandel, Martin Millón, Justin Pierel, Keren Sharon, Stephen Thorp, Liliya Williams, Tom Broadhurst, Alan Dressler, Or Graur, Saurabh Jha, Curtis McCully, Marc Postman, Kasper Borello Schmidt, Brad E. Tucker, Anja von der Linden
  • Constraints on Hubble constant from Supernova Refsdal’s reappearance
  • Science
  • DOI: 10.1126/science.abh1322
  • Patrick L. Kelly, Steven Rodney, Tommaso Treu, Simon Birrer, Vivien Bonvin, Luc Dessart, Ryan J. Foley, Alexei V. Filippenko, Daniel Gilman, Saurabh Jha, Jens Hjorth, Kaisey Mandel, Martin Millon, Justin Pierel, Stephen Thorp, Adi Zitrin, Tom Broadhurst, Wenlei Chen, Jose M. Diego, Alan Dressler, Or Graur, Mathilde Jauzac, Matthew A. Malkan, Curtis McCully, Masamune Oguri, Marc Postman, Kasper Borello Schmidt, Keren Sharon, Brad E. Tucker, Anja von der Linden eta Joachim Wambsganss
  • The Magnificent Five Images of Supernova Refsdal: Time Delay and Magnification Measurements
  • The Astrophysical Journal
  • DOI: 10.3847/1538-4357/ac4ccb