euskaraespañol

UPV/EHU CoARA Ikerketaren Ebaluazioaren Aurrerapenerako Koaliziora atxiki da

'The Coalition for Advancing Research Assessment' izeneko Europako ekimenak ikerketa ebaluatzeko sistemari buruzko hausnarketa ireki du, eta Euskal Herriko Unibertsitateari aukera emango dio hobekuntzak proposatzeko nazioarteko ikertzaileen komunitatearekin batera

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/15

Irudia
Ebaluazio-irizpide berriak zabalduko dira ikertzaileen artean. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak Ikerketaren Ebaluazioaren Aurrerapenerako akordioa sinatu du eta CoARA koaliziora (The Coalition for Advancing Research Assessment) atxikitu da. Erakundeen koalizio horretara (https://coara.eu/) dagoeneko 600 unibertsitate, ebaluazio agentzia eta ikerketa zentroak atxiki dira, gehienak Europakoak, indarrean dauden ebaluazio metodoak erreformatzeko premiazko beharrari buruzko adostasunetik abiatuta. Erakundeen bi heren unibertsitateak dira, gutxi gorabehera; beste herena, berriz, ikerketa zentroak, akademiak, elkarteak eta erakunde publiko zein pribatuak dira.

Ikerketaren arloan proiektuak, argitalpenak eta ikertzaileak etengabe ebaluatzen dira, lehia erregimenean proposamenen kalitatea identifikatuko eta neurtuko duten parametroak kontuan hartuta. Azken hamarkadetan aldizkari zientifikoetako edo talde editorialetako metrikak eta sailkapenak erabili dira. Horiek, zeharka, ekarpen zientifikoen aniztasuna, ezagutza esparruen arteko aldeak, emaitzak zabaltzeko kostu ekonomikoen banaketa eta ikerketaren kultura aitortzen dituzte. CoARAk orain oinarri duen akordioan ikerketaren ebaluazioa erreformatzeko ildo komuna ezartzen da, akordioa sinatu duten autonomia abiapuntutzat hartuta.

Koaliziora atxiki ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateak bost urteko epea izango du ikerketa ebaluatzeko mekanismoak parametro berrietara egokitzeko modua ezartzeko. Halaber, lau konpromiso nabarmen bere egingo ditu:

  • Ikerketari eta karrera zientifikoari egindako ekarpenen aniztasuna aitortzea, ikerketaren beharren eta izaeraren arabera.
  • Ikerketaren ebaluazioa dimentsio kualitatiboago batean oinarritzea, parekoen ebaluazioaren bidez, eta adierazle kuantitatibo klasikoak neurriz erabiliz.
  • Alde batera uztea aldizkarien gehiegizko eragin faktorea oinarri duten metriken erabilera okerra eta ikertzaile bakoitzaren curriculum vitaeari lotutako aipuen aurkibideak.
  • Unibertsitateetako eta ikerketa zentroetako sailkapenen erabilera saihestea ikerketa neurtzeko.

Eva Ferreira errektorearen ustez, “koalizio hau aukera paregabea da ikerketa jardueraren ebaluazio irizpideei buruzko hausnarketa partekatua eta sakona egiteko. Orain arte, metodo kuantitatiboak erabili dira, eta metodo horien erabilera arduratsua izan behar da, dimentsio kualitatiboago bat txertatuz. CoARAk esperientziak trukatzeko, ezarritako sistemak berriz diseinatzeko eta, azken batean, kultura berri bat zabaltzeko aukera emango digu goi mailako ikerketa ebaluatzerakoan”.

CoARA akordioa sinatu duten erakundeek esperientzia trukatzeko tresna da. Horretarako, aldizka bilerak egiten dira, estatu mailan (National Chapter) zein Europako mailan (Kideen Urteko Batzarra, urtero). Hurrengo urteetan, erakundeen baterako bidearen testuinguruan, UPV/EHUk ikerketa ebaluatzeko irizpideak, tresnak eta prozesuak berrikusiko ditu, barne mailan. Halaber, ebaluazio irizpide horiek ikertzaileen artean hedatuko ditu; izan ere, ikertzaile bakoitza, aldi berean, beste erakunde batzuetako ebaluazio prozesuetako kanpoko ebaluatzailea izaten da (oposizioak, proiektuak eta ikertaldeak edo argitalpenak, besteak beste). CoARAra atxikitzeak gure inguruko ikerketa zentro gehienekin lerrokatzen du euskal unibertsitate publikoa, eta ikerketaren kultura berri bat zabaltzeko aukera ematen dio, nazioarteko erronka zoragarri baten eragile aktibo gisa.

Bestalde, joan den otsailaren 9an Madrilen CoARAren National Chapter Spain lantaldea martxan jartzeko ekitaldia egin zen. Lantaldea Europako Unibertsitateen Elkarteak sustatu du eta karrera akademikoa ebaluatzeaz arduratuko da. Ekitaldia Espainiako unibertsitateetako errektoreen batzarrak (EUEB) antolatu zuen eta bertan parte hartu zuten kalitatearen ebaluaziorako eta akreditaziorako estatuko agentziak (ANECA) eta ikerketa zientifikoen goi kontseiluak (CSIC). Jardunaldian Espainiako egoeraren helburuak eta lanerako ildoak aurkeztu ziren, Europako eta nazioarteko testuinguruan eta ebaluazioaren erreformaren hiru erronka nagusiak eztabaidatu ziren: ebaluaziorako irizpideen eta metodologiaren definizioa, sentsibilizazioa eta prestakuntza eta diziplinartekotasuna eta diziplina anitza.