euskaraespañol

UPV/EHU munduko 500 unibertsitate onenen artean dago Shanghaiko rankingaren edizio berrian

"Onenen artean jarraitzeko eta posizioak igotzeko helburuari eusteko egindako talde-lana eskertu nahi dut”, adierazi Eva Ferreira errektoreak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/08/15

Irudia
Unibertsitateen bikaintasuna neurtzeko nazioarteko erreferentzia da Shanghaiko rankinga. | Argazkia: UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) munduko 500 unibertsitate onenen artean dago, gaur ezagutzera eman den Shanghai-ko rankingaren edizio berrian. Sailkapena Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak osatzen du urtero, eta ebaluazio-irizpide guztiz errespetatua eta enblematikoa da gaur egun, unibertsitateen munduan. Euskal unibertsitate publikoa duela hamaika urte sartu zen sailkapen honetan, orduan 500 unibertsitate onenen artean sailkatu zen, eta hainbat aldiz (2012, 2018, eta 2020tik 2022ra) 400 onenen artean izan da. Aurten Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 500 onenen artean kokatu da berriz. Hautatutako talde horretan Estatu espainiarreko  beste zortzi unibertsitate baino ez daude, ranking-ean izandako  beherakada orokorraren barruan.

"Shanghai-ko rankinga oso ebaluazio zorrotza da; unibertsitateko ekoizpen zientifikoaren sektorea aztertzen du, mundu osoko 20.000 unibertsitate baino gehiago biltzen dituena. UPV/EHUk bere ekoizpen zientifikoa handitzen jarraitzen du, baina ikerketa-maila handiko unibertsitateen kolektiboa gero eta zabalagoa eta lehiakorragoa da. Nolanahi ere,  gure posizio erlatiboari eusten diogu Estatu espainiarreko unibertsitateen taldean eta munduko 500 unibertsitate onenen artean gaude. Baina uste dut handinahia izan daitekeen eta izan behar duen herrialde batean gaudela bikaintasuneko ikerketaren arloan erreferentziazko bere unibertsitatearen posizio erlatiboa hobetzeko. Horregatik, unibertsitate onenen taldean jarraitzeko eta posizioak igotzeko helburuari eusteko egindako talde lana eskertu nahi dut, bereziki, gure komunitate akademikoarena", azaldu du Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak.

Rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere. Harvard, Stanford eta MIT (Massachusetts Institute of Technology)  dira, ordena honetan, rankingeko lehen hiru erakundeak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte, eta beste biak Cambridgekoaz eta Oxford unibertsitate britainiarrek. Azpimarratu behar da Asiako unibertsitateak sartzen direla indarrez, postu garrantzitsuetan.

Euskal Herriko Unibersitatea ex aequo kokatzen da 401 eta 500 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50  unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakoitzaren barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira. Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago daudela.

Unibertsitateen bikaintasuna neurtzeko nazioarteko erreferentzia den zerrenda hau osatu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel saria eta Matematiketako Fields dominak eskuratu dituzten irakasle edo ikasle ohiak dituzten unibertsitateak, ikertzaile oso aipatuak eta Nature edo Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Guztira, 2.500 unibertsitate baino gehiago ebaluatu dituzte ranking horren arduradunek, eta 1.000 nabarmenen zerrenda argitaratu da.

Orain arte, Shanghai-ko rankingaren espezialitate akademikoen sailkapena uztailean argitaratu ohi zen, baina Jiao Tong Unibertsitateak iragarri du ebaluazio horren emaitza urrian jakinaraziko duela.