euskaraespañol

UPV/EHUk 110etatik 84tara murriztu ditu sailen kopurua

Unibertsitateak trantsizio digitala sustatuko du egitura sendo eta eraginkorra lortzeko eta bere jarduera guztia artikulatzeko.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/26

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitate sailen kopurua murriztuko du, egungo 110etatik 84tara. % 23,6ko murrizketa portzentuala, hain zuzen. Honela erabaki da gobernu kontseiluaren gaurko bileran, Bizkaia Aretoan egin delarik.

Jakina den bezala, unibertsitatea hainbat ikastegik (eskola edo fakultate direnek) osatzen dute, unibertsitate campusean banatuta. UPV/EHUren kasuan, campus hauek hiri bakar batean egon daitezke, Arabakoa kasu, edo herri edo hiri ezberdinetan, Bizkai eta Gipuzkoakoa bezala. Beste alde batetik, sailak irakasle eta AZPko profesionalen multzoak dira, irakaskuntza eremu komun bat partekatu eta jakintza arlo berari loturiko zenbait irakasgairen irakaskuntza koordinatzen dutenak. Sail hauek zeharkakoak dira, esan nahi baita sail berak irakasgai multzo bera irakats dezakeela ikastegi batean edo gehiagotan, baldin eta, antzekotasun akademikoa dela eta, irakasgai horiek irakatsi behar diren. Sailen eginkizunen artean ere bada zein bere jakintza arloari loturiko ikerkuntza sustatzea. Sailek barne antolakuntza demokratikoa dute, unean uneko zuzendaria buru izanik.

Euskal Herriko Unibertsitateak 2016an burutu zuen ikastegiak (fakultateak eta eskolak) berrantolatzeko prozesua, 32 ikastegitatik 20 ikastegitara murriztuz. Neurri hau antolakuntza egitura soildu eta gestio eredua hobetzeko asmoz hartu zen. Oraingo honetan, berrantolaketak beste murrizketa bati heldu dio sailen kopuruari dagokionean, gestioa hobetzeko helburua ere baduena eta, horrekin batera, unibertsitate egituraren maila organiko horretan erabilgarri diren bitartekoak modu orekatuan banatu eta baliatzekoa.

Prozesua oinarrizko hiru irizpide oinarri hartuta burutu da. Lehenengo eta behin, sail bakoitzak, gutxien dela, irakasle-ikertzaileen kategoriako 18 kide iraunkor izan behar ditu arduraldi osoan, 18 horietatik, gutxienez, 12k doktoregoa eginda dutela. Bigarrengoz, sailak batu dira jakintza arlo bera edo antzekoak partekatzeagatik. Eta hirugarrenez, kontutan hartu da sailek zein ikastegitan edo campusetan eskaintzen dute irakaskuntza.
Pedro Iriondo UPV/EHUko idazkari orokorraren iritziz, orain hasitako sailen berrantolaketa prozesua emaitza zehar positiboaz burutuko da. “Sailen lehengo egitura denboran zehar izandako baldintza ezberdinen ondorioa zen. Pentsatzen dugu, ikastegiak berrantolatu ostean, une egokia zela honako hau sailen egitura bera ere birdiseinatzeko, hobekuntza akademikoa erdiesteko asmoz, sail bakoitzean irakasle-ikertzaileen gutxieneko masa kritikoa bermatuta eta sendotuta. Bide batez, sailen zatiketa gehiegizkoa ere konponduko da, irakaskuntza arinago, hobeto eta malguago gestionatu ahal izango delarik, ikerkuntza eta transferentziaren onurarako. Berrantolaketa parte hartzearen bidezko prozesuaren emaitza da eta espero dugu, behin burututa, emaitzarik onenak ikustea”.

Trantsizio digitala

Beste alde batetik, gobernu kontseiluaren bileran trantsizio digitalerako batzordea osatu egin dela jakinarazi da, egitura digital sendo eta eraginkorra sortzea helburu duen proiektu asmo handikoa, unibertsitate jarduera osotasunean artikulatuko duena. Helburua, euskal unibertsitatearen 2018-2021 plan estrategikoak jada jasotakoa, erronka aski handia da epe ertain eta luzera, UPV/EHUren gestioan eta funtzionamenduan hobekuntza nabarmenak ekarriko baititu. Proiektu honen garapena prozesuen mapa bat definituz hasiko da, datu baseak eta garapen informatikorako aplikazioak sortu edo egokitzeko. Honek guztionek ezinbestean eskatzen du hezkuntza eskaintza oso gestionatzeko prozesu zentral bat birdiseinatzea, gogoeta estrategikoa, hedapenaren diseinua eta pilotajearen faseak bete beharko dituena.