euskaraespañol

UPV/EHUk 2017an ezarritako sarbide eta onarpen prozedurari eutsiko dio

Ekainaren 6tik 8ra bitartean izango da ohiko deialdia

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/27

UPV/EHUk 2017an ezarritako sarbide eta onarpen prozedurari eutsiko dio
UPV/EHUk 2017an ezarritako sarbide eta onarpen prozedurari eutsiko dio

UPV/EHUk onartu berri du 2018/2019 ikasturtean graduko ikasketatara sartzeko eta onartzeko prozedura. Bada, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) erregulatzen duen arautegia, zeinak Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren oniritzia jaso baitzuen, ez da ia ezertan aldatu iaz adostutakoari dagokionez. Proben ohiko deialdia ekainaren 6, 7 eta 8an izango da, eta ezohikoa, berriz, uztailaren 4, 5 eta 6an.

USEk bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide fasean, probak hiru egunean egiten dira, aztertzeko ea ikasleek zer-nolako heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak izan behar dituzten batxilergoa amaitzean graduko unibertsitate ikasketa ofizialekin jarraitu ahal izateko. Bost ariketa ditu: gaztelania eta literatura; euskara eta literatura; Espainiako historia; atzerriko lehen hizkuntza; eta ikasleak egin duen batxilergoko 2. mailako modalitateari dagokion nahitaezko irakasgaia. Gaietako bakoitzari 0 eta 10 puntu artean emango zaizkio, eta lehen fase horretan gehienez ere 10 puntu lortu ahal dira.

Sarbide fasea gainditzea ezinbestekoa izango da unibertsitatera sartu ahal izateko. Ikasle batek sarbide proba gaindituko du, baldin eta 5eko edo hortik gorako nota lortzen badu batxilergoko batez besteko notaren % 60ren eta sarbide faseko kalifikazioaren % 40ren batezbesteko haztatua kontuan hartuta, betiere sarbide faseko kalifikazioa 4koa edo hortik gorakoa bada.

Onarpen fasea, bestalde, borondatezkoa da, eta haren helburua da egin nahi diren ikasketekin lotutako diziplina arloetako ezagutzak eta arrazoibide gaitasuna ebaluatzea. Sarbide faseko kalifikazioa hobetzeko aukera ematen du. Ikasle bakoitzak batxilergoko bigarren mailako modalitateko edozein gai aukeratu dezake, gehienez ere lau, sarbide faserako aukeratu duena izan ezik. Fase honetan, asko jota 4 puntu lortuko dituzte. Gai bakoitzari 0 eta 10 puntu artean emango zaizkio, eta, azken nota jartzeko, kontuan hartuko da borondatezko azterketen bloke bakoitzeko notarik onena, betiere 5etik gorakoa bada, eta haztapen parametroekin biderkatuko; haien balioa, 0,1, 02 edo 0,3, unibertsitateak finkatuko du hautatutako graduak gaiarekin duen loturaren arabera.

Goi Mailako Prestakuntza Zikloetako ikasleen batez besteko nota, berriz, zikloko batez besteko nota izango da, eta onarpen nota hobetzeko aurkeztu ahal izango dira azterketako gaietako edozeinetara, gehienez ere laura, enborreko orokorrak barne (batxilergoko ikasleen antzera).

Prozedura honek, halaber, gradu jakin batzuetarako lehenesten den batxilergoa zehazten du, eta horri dagokionez ez da aldaketarik egin. Prestakuntza zikloen kasuan, graduaren ezagutza adarrarekin lotutako lanbide familiak dituzten zikloak lehenetsiko dira.

Informazio gehiago