euskaraespañol

UPV/EHUk 422 milioi euroko Aurrekontu Proiektua onartu du 2019rako.

Nekane Balluerkak: “% 2,9ko igoerak unibertsitatearen finantza baliabideak finkatzen ditu”

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/03

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak 2019. urterako aurrekontu proiektua onartu du. Aurten 422.055.108 €-ko aurrekontua onartu da, eta 2018an, berriz, 410.165.097 €-koa onartu zen. Beraz, % 2,90eko igoera eman da, joan den urtearekin alderatuta.

Zenbateko horren barruan, 320.070.108 € EAEko aurrekontu orokorretik eskuratuko dira, kontzeptu horrek proiektu horren % 75,84 ordezkatzen baitu. Aurrekontu orokorretatik jasotako zuzkidurarekin batera, zuzenbide publiko edo pribatuko beste diru sarrera batzuk (funtsean, tasa akademikoak eta administratiboak, emakida administratiboak, beste erakunde edo pertsona fisiko batzuekin egindako kontratuak, etab.) aurreikusten dira, 101.985.000 €-koak orotara. Sarrera horiek proiektuaren % 24,16 dira.

Gastuen multzo osoari dagokionez, pertsonalekoak 324.296.754 €-ra iritsiko dira (aurrekontu osoaren % 76,84). Gainerako % 23,16 beste gastu kapitulu batzuen artean banatzen da: ikerketarako kapituluak; funtzionamendu orokorrekoak; errektoreordetzen, ikastegien eta sailen jarduera; eta, ekipamenduetarako inbertsioak.

Eztabaidaren ondoren, aurrekontu proiektuaren azken bozketa egin da, eta emaitza hau izan da: aldeko 26 boto, 8 abstentzio, eta kontrako botorik ez.

Aurrekontu proiektua onartzearen harira, Nekane Balluerka errektoreak eskerrak eman dizkie unibertsitateko langileei, dokumentua prestatzeko eta izapidetzako prozesuan egindako lanagatik. “% 2,9ko igoerak —gaineratu du— unibertsitatearen finantza baliabideak finkatzen ditu”. Aurrekontu proiektu berri hau erantzukizun, eraginkortasun eta jasangarritasun printzipioen gidaritzapean egin da. Ekonomia krisiaren unerik gogorrenak atzean geratu badira ere, erronka garrantzitsuak ditugu aurrean, eta orain eskura ditugun baliabide ekonomiko hauen bidez erantzungo diegula espero dugu. Edonola ere, unibertsitatearen aldeko apustuak konpromiso politiko eta sozial handia eskatzen duela pentsatzen dugu”

Aurrekontu Aurreproiektua 2019ko apirilaren 11ko bileran aurkeztu zitzaion Gobernu Kontseiluari. Orain, organo horrek onartu ondoren, Aurrekontu Proiektu bihurtu da, eta datozen egunetan Gizarte Kontseiluari helaraziko zaio, behin betiko onar dadin.

Laguntza itzulgarriak ikasleentzat

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu du ere 2018/2019 ikasturtean UPV/EHUko ikasleentzako laguntza itzulgarrien deialdia egitea. Laguntza horiek behin ikasketak hasita bat-batean sortu diren edo luzaroan iraun duten arazo ekonomikoen ondorioz matrikula ordaintzeko zailtasunak dituzten ikasleei eskaintzen zaizkie.

Laguntzak UPV/EHUn matrikulatuta dauden eta unibertsitate graduak edo laneko orientazioak edo atribuzioak dituzten unibertsitate masterrak egiten diren ikasleek eska ditzakete, eta ikasketak 2018/2019 ikasturtean amaitzen dituztenek. Pertsona horiek ikasturte hasi ondoren bat-batean sortutako zailtasun ekonomikoren bat justifikatu beharko dute, edo, behin ikasketak hasita, haien egoera ekonomikoa txarra izan dela luzaroan. Laguntza itzultzeko bi modalitate hauek daude: eskudirutan edo, suposamendu jakin batzuetan, eskudirutan ordaintzeaz gainera, ordaintzeko falta den matrikula zenbatekoagatiko laguntza ekonomikoa partzialki konpentsatu ahal izango da lankidetza jardueren bidez, baina, inola ere, ordaindutako zerbitzu profesionalak ordezkatu gabe.

Programa hori 2012/2013 ikasturtean jarri zen martxan, eta orduz geroztik, 146 pertsonak jaso dute laguntza hori, eta horien artean, orain arte, 39k beren ikasketak amaitu dituzte. “Laguntza horiei esker ikasketak amaitzea lortu duten ikasleak daudela ikusteak horiek mantentzera animatzen gaitu, beharra duten ikasleak dauden bitartean. Azken ikasturteetan eskaeren kopurua murrizten joan bada ere —ziur asko egoera ekonomikoa hobetzearen ondorioz—, eskaerak egiten diren bitartean, ikasleek unibertsitatearen laguntza ekonomikoa izango dute. Geure egiten dugu GIHen lema: UPV/EHUn inor ez dadila atzean geratu arrazoi ekonomikoengatik”.

Prestakuntza ikerketan

Era berean, ikerketarako hainbat laguntza onartu dira. Horietako bat doktore berriak kontratatzeko deialdia da, harik eta UPV/EHUn doktorego ondoko prestakuntza programetan sartzen diren arte. “Deialdi hau hainbat aldiz egiten dugu urtean, UPV/EHUn doktore titulua lortu duten eta prestakuntza bidean dauden ikertzaileei kontratu bat eskaintzeko, ikertzen jarrai dezaten; hartara, hobekuntza eta espezializazio profesionaleko maila handia lortuko dute, beren esperientzia profesionala sendotzeari begira”, adierazi du José Luis Martinek, UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordeak. Deialdiak 500.000 €-ko kopurua du, eta doktore ondoko 10 plaza eskaintzen dira.

Era berean, ikertzaileak prestatzeko laguntza berriak onartu dira, erakunde eta enpresen lankidetzaz. “UPV/EHUren doktorego programak bultzatu nahi ditugu, produkzio eta gizarte inguruaren lankidetzaz. Hala, ikerketa proiektua proposatzen edo bermatzen duen enpresaren edo gizarte erakundearen instalazioetan egingo da doktorego tesia, baita gure instalazioetan ere. Gure helburuen artean, besteak beste, unibertsitatearen eta produkzio eta gizarte ingurunearen arteko lotura areagotu nahi ditugu”, adierazi du Martínek. Ekimen honetarako 150.000 € daude, doktore aurreko zortzi plazetarako.