euskaraespañol

UPV/EHUk aurkeztuko du Gipuzkoako Campuseko Master Egunean graduondoko ikasketen eskaintza

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2020/02/19 Noiz arte: 2020/02/18, 09:00 - 00:00

Kokapena

Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

"Presta zaitez zeure bidea jarraitzeko" lelopean, Master Eguna otsailaren 19an egingo da Gipuzkoako Campusean (Donostia), Ibaetako zortzi unibertsitate ikastegietan, UPV/EHUko graduondoko ikasketen eskaintza zabal eta askotarikoa ezagutarazteko. Aukera ezin hobea da titulazio ezberdinetako arduradunen eta irakasleen eskutik aurrez aurreko informazio zuzena jasotzeko.

Jardunaldia  goizez eta arratsaldez (kontsultatu fakultate eta eskola bakoitzaren programa eta ordutegiak), eta 15 minutuko jardunaldietan, master, doktorego programa eta berezko tituluen ezaugarriak azalduko dizkiete tituluetako irakasleek horietan interesa duten etorkizuneko ikasleei. Informazio saioak graduko azken mailan dauden edo unibertsitateko titulua duten eta master baten edo graduondoko beste modalitate batzuen bitartez espezializazio handiagoa eta prestakuntza jarraitua lortu nahi dutenentzat daude pentsatuta. Saioak irekita daude interesatu guztiei.

Graduondoko ikasketen eskaintza

UPV/EHUk Euskal Herriko, Estatuko eta Europako kalitatearen agentzia ofizialen babesa duen goi mailako prestakuntza eskaintzen du, prezio publikoetan, eta kalitatezko irakasleen eta profesional espezializatuen bitartez. Graduondoko ikasketa eskaintzan, unibertsitate arteko, nazioarteko eta Erasmus Mundus master ugari aurki daitezke.

Eskaintza honi esker, euskal ikasleek espezializazio maila altua lor dezakete etxetik gertu, eta, horrez gain, beraien prestakuntzaren zati bat atzerriko unibertsitateetan egiteko aukera izango dute, ikasleen mugikortasuna finantzatzen duten erakunde programen bitartez.

Gainera, graduondoetako ikasleek enpresetan praktikak egin ditzakete gure master eta doktorego programetarako I+G+b zentroekin, erakundeekin eta enpresa pribatuekin sinatutako 800etik gora hitzarmenei esker.

UPV/EHUk 2020-2021 ikasturterako graduondoko eskaintza hauek osatzen dute: 102 unibertsitate master eta 32 berezko master (espezializazio maila altua eta orientazio profesional argia duten titulazioak), baita 66 doktorego programa ere. Eskaintza honek jakintza arlo guztiak biltzen ditu (Zientziak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, eta Artea eta Giza Zientziak), eta ikasleak harremanetan jartzen ditu teknologia zentroekin, enpresekin, erakundeekin, eta prestigio handiko nazioarteko ikertaldeekin.

Sarrera librea.


Honen harira