euskaraespañol

UPV/EHUk irakasle-ikertzaileentzako lan eskaintza publikorik handiena onartu du

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartu ondoren, UPV/EHUk 285 plaza eskainiko ditu deialdi publikora, bai txanda irekian bai barne promozioan

Lehenengo argitaratze data: 2023/07/21

Irudia
Txanda irekian, guztira 229 plaza eskaintzen dira eta barne promozioan, 56. | Argazkia: UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak atzo egindako bileran, irakasle-ikertzaileentzako 2023ko Lan Eskaintza Publikoa onartu zuen. Hau da euskal unibertsitate publikoak irakasle-ikertzaileentzako inoiz egin duen eskaintzarik handiena.

UPV/EHUk onartutako eskaintza honek bi multzo handi ditu: txanda irekia eta barne promozioa. Txanda irekian, guztira 229 plaza eskaintzen dira eta barne promozioan, 56. Plaza horiek oposaketara aterako dira, deialdiak gauzatu heinean. Txanda irekirako onartutako plazarik gehienak irakasle agregatuenak dira. Bestalde, barne promozioko plazen helburua da irakasle titularren eta agregatuen karrera akademikoa bultzatzea, irakasle katedradun eta irakasle oso kategoriara igotzeko.

Lan eskaintza publiko berriak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin hitzartu ondoren onartuak, 35 plaza gorde ditu I3 edo R3 akreditazioa duten irakasle-ikertzaileentzat (hau da:  Ramón y Cajal edo Ikerbasque bikaintasuneko programetan parte hartu dutenentzat). Halaber, apustu sendoa egin da euskal unibertsitate ospitaletako plaza lotuak finkatzeko. Bestalde, nabarmentzekoa da aurreratu egin dela, aurreko ikasturtearen ildo beretik, lan eskaintzaren onarpena, aurreko ekitaldietan abenduan egiten baitzen.

Eva Ferreira errektorearen iritziz: “lan eskaintza publiko honek sendotu egiten du euskal unibertsitate publikoak jakintza arlo guztietan karrera akademiko erakargarriak eta kalitatedunak sustatzeko egindako apustu estrategikoa. Eskaintza horrekin gure helburu nagusietako batean, hau da, irakasle atxikiak arin egonkortzean, pauso garrantzitsu bat emango dugu. Gainera, barne promozioari dagozkion plazen kopuruak aurreko urteko eskaintzarenak bikoiztu ditu”.