euskaraespañol

UPV/EHUk orain arteko lan eskaintza publikorik handiena egingo du administrazio eta zerbitzuetako langileentzat

Talde horretako 635 plaza eta irakasle-ikertzaileen taldeko 164 plaza eskainiko ditu

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/17

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gobernu Kontseiluak, atzoko bileran, unibertsitatean administrazio eta zerbitzuetako langileentzat inoiz egin den lan eskaintza publikorik handiena onartu zuen. Talde horretarako 635 plaza eskainiko ditu unibertsitateak: 49 birjartze tasari lotutakoak, 542 egonkortze tasei lotutakoak, eta 44 barne promoziokoak.

Errektorego taldeak aurkeztutako proposamenak Gobernu Kontseiluko kideen gehiengoaren babesa izan zuen: aldeko 29 boto, 3 abstentzio eta kontrako boto bakarra.

Enplegu publikoaren eskaintza berri honek Estatuaren Aurrekontu Orokorren 2017ko eta 2018ko legeek enplegua egonkortzeko baimendutako tasa gehigarriak eta 2019. urteari dagokion birjarpen tasa jasotzen ditu, baita barne promozioko prozesu bat ere. Horrek aukera emango du aldi baterako edo bitarteko lotura duten langileen egungo ehunekoa arrazoizkoagoak diren mugetara murrizteko, plantillen eta langile egituren plangintza eta erregularizazio egokian aurrera egiteko, bai eta kudeaketa prozesu arrunten normalizazioan ere.

Prozesu hauek oinarrietan jasoko dituzte 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoak, baita arlo honetan egon daitekeen lege aldaketek ekar ditzaketen hobekuntzak, prozesua ahalik eta berme gehienekin egin dadin.

Irakasleen lan eskaintza publikoa

Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateak irakasle-ikertzaileei zuzendutako deialdi bat ere egingo du, 2019. urteari dagokiona. Deialdi horretan 146 plaza eskainiko dira, eta plaza horiei barne promozio bidez aterako diren unibertsitateko irakasle katedradunen beste 18 plaza gehituko zaizkie.

Nabarmendu behar da aipatutako LEP horretako plazen % 89 enplegua egonkortzeko izango direla, hau da, irakasle-ikertzaileen lanpostuetan behin-behinekotasuna murrizteko.

Nekane Balluerka errektorearen hitzetan, «Talde honen oinarrizko konpromisoetako bat kudeaketa eredu eraginkor eta arduratsua ezartzea izan da. Langileen arloan, AZPkoen zein IRIen plantillaren egoera ikusita, aldi baterako langileen eta bitartekoen gaur eguneko kopuru handiak murriztea zen premiarik nagusiena. Bi eskaintza horiek plantillari egonkortasun handiagoa eman nahi diete, eta etorkizunean gure langile politika hobeto planifikatzen lagunduko digute. Ildo horretatik, bi lan eskaintza publiko horiek onartzea oso urrats positiboa izan da».