euskaraespañol

UPV/EHUko 36 tituludunek Europako enpresetan egindako praktika profesionalekin osatuko dute prestakuntza

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/01

Irudia

Gaurtik, martxoaren 1etik, ekainera arte UPV/EHUko 36 tituludunek Europako hainbat hiritako enpresetan osatuko dute euren prestakuntza EPEZ Beken (Enpresetan Praktikak Europan Zehar) hamabigarren edizioaren bidez, eta Erasmus + programaren esparruan.

EPEZ-Erasmus + beka hauen helburua da ikasleen enplegagarritasuna sustatzea konpetentzia espezifikoak eta zeharkakoak garatzearen bidez, lan-merkatuari aurre egiteko behar bezala prestatuta egon ahal izan daitezen. Diru-laguntzarekin harrerako herrialdeko egonaldiko gastu nagusiak ordainduko dira: bidaia, aseguruak, hizkuntzetako prestakuntza, ostatua, tutorizazioa… Aurtengo praktika profesionalak egingo dira egoitza honako herrialde hauetan duten enpresetan: Erresuma Batua, Austria, Txekiar Errepublika, Italia, Portugal eta Polonia.

 “UPV/EHUk gidatzen duen EPEZ programa honen helburua da egresatu berrien etorkizun profesionala hobetzea konpetentzia batzuk garatzearen bidez, hala nola, ingurune profesional berrietara egokitzeko gaitasuna, nazioarteko ikuspegia, hizkuntzak…, lan-merkatuari aurre egiteko gai izan daitezen enpresek era horretako baldintzak betetzen dituzten gero eta profil gehiago eskatzen dituzten une batean. Azken batean, hau bezalako programak beharrezkoak dira bai gure enpresen lehiakortasunerako bai gure gazteen enplegagarritasunerako”, esan du Txelo Ruizek, UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.

Profil ezberdinetako pertsonak (Kriminologia, Zuzenbidea, Kazetaritza, Biologia, Arte Ederrak, ingeniaritzak…)  enpresa batean sartuko dira, eta unibertsitatean ikasitako guztia praktikara eramateko aukera izango dute. Atzerriko egonaldian hartuko dituen enpresak bere esanetara jarriko duen tutore baten laguntza izango dute. Era berean, azterketa bat egin beharko dute aurretik eta amaitutakoan hizkuntzarekin egindako aurrerapena baloratzeko. Alde horretatik, helmugako herrialdeko hizkuntza sakontzeko aukera izango dute egonaldi osoan on-line ikastaro baten bidez.

 “Aurreko edizioetan, praktikak amaitzean UPV/EHUk txosten bat egin du gogobetetasun maila eta mugikortasunak lan munduan txertatzean duen eragina aztertzeko. Alde horretatik, programa honen onuradunak izan diren 550 pertsona inguruk mugikortasunaren balorazio positiboa egin dute (% 90etik gora), eta adierazi dute esperientziak eragin erabakigarria izan duela enplegua bilatzeko bidean”, azaldu du Txelo Ruizek.  

Informazio gehiago: http://www.ehu.eus/es/web/enplegua/epez-erasmus