euskaraespañol

UPV/EHUko Psikologia Klinikoko katedradunak Euskadi Ikerkuntza Saria irabazi du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/08

Irudia
Enrique Echeburúa bere bulegoan. (Argazkia: Txetu Berruezo. UPV/EHU)

2017ko Euskadi Ikerkuntza Saria Enrique Echeburua Psikologia Klinikoko katedradunak jasoko du, epaimahaiaren erabakiz. Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloan entzute handiko bost ikerlarik osatutako epaimahaiak psikologo donostiarraren aldeko ebazpena jakinarazi du, 22. edizio honetan aurkeztutako 8 hautagaien artean.

“Euskadi Ikerkuntza Saria jasotzeak hunkitu nau, sariaren ospeagatik, nire bizitza profesionala garatu dudan eta nire lana posible egin duen erkidegoan lortutako aitortza delako. Momentu honetan, bereziki ekarri nahi ditut gogora urte luze hauetan nirekin lanean aritu diren kolaboratzaile guztiak. Egin dudana ezinezkoa izango zen nire lan bizitza luzean lagundu didan pertsona talde handia izan ezean”, adierazi du Echeburuak sariduna zela jakin ostean.

Enrique Echeburua (Donostia, 1951) Madrilgo Complutense Unibertsitatean Psikologian doktore (1978), eta Psikologia Klinikoko Katedradun UPV/EHUn (1989). Bere ikerketa lana UPV/EHUren Psikologia Fakultatean gauzatu du, 80ko hamarkadaren erdi aldetik aurrera, bereziki garrantzia sozial handiko gaiei aplikaturik: bikotekidearen kontrako indarkeria, sexu-erasoak, jokorako adikzioa eta substantziarik gabeko adikzioak, eta antsietate-nahasmenduak.

Lan ildo horietatik nazioarteko hamaika argitalpen jaio dira, eta baita liburu esanguratsu eta doktore tesiak ere. Aipatzekoak dira gainera, jaso dituen zenbait sari ere: Jokabide-terapien Ikerketarako Zentroaren ikerketa saria (Madril, 1990), edo Psikologoen Elkargo Ofizialaren ikerketa saria (Madril, 1994).

Bikotekidearen kontrako indarkeria kasuetan laguntza psikologikoa emateko Eusko Jaurlaritza, Emakunde, eta Foru Aldundien artean itundutako hainbat programa abian jartzearen ardura izan du Echeburuak, baita sexu-erasoak jasan eta Justiziaren aurrean agertu behar izaten duten adin txikikoei babesa emateko protokolo baten ardura ere.

Echeburua irakaslearen lan taldeak diseinaturiko programak biktimen eta tratu txar emaileak artatzeko Euskadiko erreferentziazko zentroetan aplikatzen dira. Gainera, Bikote barneko Indarkeria-arriskua Aurreikusteko Eskala ere diseinatu du talde horrek, egun ofizialki Ertzaintzak darabilen instrumentua izanik hori.

Euskadi Ikerkuntza Sariei buruz

Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hauek ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin. Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen modalitatean egiten da deialdia; urte bikoitietan aldiz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aitortzen du sariak. 1996an lehen Euskadi Ikerkuntza Sariaren izan zenetik, emandako 25 sarietatik 19 jaso dituzte UPV/EHUko ikertzaileek.