euskaraespañol

UPV/EHUko zortzi graduatu, BAME probetako 100 nota onenen artean

Farmazian titulatutako zazpi, bost Psikologian Osasun Ministerioak deitutako proben top 100ean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/12

Irudia
Osasun-probetarako hautagaiek azterketen amaiera ospatzen dute, eta urtebete baino gehiagoko ikasketa gogorra. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Aitor Muñoz Lamosak, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko graduatuak seigarren postua lortu du aurtengo BAME hautaketa probako behin-behineko emaitzetan. Ikasle honez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko beste zazpi tituludun daude joan den urtarrilaren 20an egindako probetako 100 onenen artean: Garazi Barturen Barrenetxea (20); Irati Irizar Aguirre (27); Jone Usatorre Olaizola (43); Diego Paricio Serrano (69); Anie Mendia Vicente (72); Nerea Santiesteban Goiri (90) eta José Ignacio Uriarte Terán (95).

Medikuen egoitzarako sarbide probetako TOP100eko % 8 Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek hartu dute, nahiz eta aurkeztutako hautagaien % 2 inguru baino ez izan”. Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoak honako hau adierazi du: “nabarmendu nahi nuke TOP100eko ikasle horiek fakultateko irakats unitate guztietakoak direla eta erdiek euskaraz ikasi dutela, beraz, gure prestakuntza bikaina da bi hizkuntzetan eta ospitale unibertsitarioetan”.

UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoak lortutako emaitzen oso balorazio positiboa egin du eta adierazi du emaitza horietan islatzen dela “jasotzen duten prestakuntzaren kalitate bikaina”.  Adierazi duenez “deialdi honetako datu onak azken urteetako ildokoak dira eta gure ikasleak BAMEko posturik hoberenetan daude, ia 13.000 pertsonak parte hartzen duten proban”.

Guztira 12.721 pertsona aurkeztu ziren deialdi honetako BAME azterketetara eta horietatik 11.755 hautagaik (% 92) gainditu dute eskainitako 8.772 plazetako batean sartzeko proba; gainditu dutenen % 65 emakumezkoak dira. 

Farmazia eta Psikologia ere Top 100ean

Medikuntzako espezialitateaz gain, UPV/EHUko Farmazia eta Psikologiako fakultateetako ikasleek ere emaitza bikainak izan dituzte dagozkien probetan: BAFE eta BAPE.

Esaterako, Farmazia Fakultateko zazpi ikasle daude lehenengo 100en artean, besteak beste, David Samitier Samitier (3) eta Nora Ugartetxea (18). Guzira 1.398 pertsonak egin zuten azterketa eta 340k lortu dute plaza; hau da, lau parte-hartzaileko plaza bat inguru emango da.

Mirari Ayerbe UPV/EHUko Farmazia Fakultateko dekanoak azaldu duen bezala “gure kalkuluen arabera, eta estatu osoko Farmazia fakultateko ikasleen proportzioa kontuan izanda, gure ikasleek urtero eskaintzen diren 340 plazatatik 13 inguru lortu behar lituzkete urtero eta oraingoan 19k lortu dute, eta horietatik 7 lehenengo 100 postuetan daude”. Horrek esan nahi du, gehitu du Ayerbek, “gure ikasleen arrakasta tasa batez bestekoa baino hobea dela, hau da, gure fakultateak eskainitako prestakuntzaren kalitatea handiagoa da”.

Bestalde, Psikologia espezialitateko emaitzak (BAPE) ere oso onak izan dira. Psikologiako Fakultateko bost hautagai daude BAPE probako lehenengo 10en artean; Alba García Galar, 25. postuan eta Sonia Pozo Martínez, 28.ean.

Eneritz Gómez zentroko dekanoarentzat “ohorea eta prestigioa da gure fakultatearentzat jakitea gure etxean prestatutako bost ikaslek lortu duten puntuazioa aurtengo BAPE deialdiko 100 hoberenen artean dagoela, eta horietatik 3 lehenengo hogeiren artean. Oso harro nago ikasle horiez eta fakultate hau osatzen dugun guztioz”, ziurtatu du.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Eva Ferreirak, honako hau ziurtatu du: “BAME probetako ebaluazioak oso albiste onak eman ditu beste behin euskal unibertsitate publikoari buruz. Gure unibertsitateko 8 ikasle ditugu 100 onenen artean: emaitza bikaina da, azterketan parte hartu zuten guztietatik gure ikasleak % 2 besterik ez baitziren. BAFE eta BAPE probetako emaitzak ere nabarmentzekoak dira termino erlatiboetan, 4 eta 3 ikasle baitaude, hurrenez hurren, 50 hoberenen artean. Beraz, partekatutako arrakasta da, ikasleek egindako lan handiaren eta ahaleginaren emaitza eta gure fakultateetan jasotako prestakuntzaren kalitate handiaren erakusgarria. Beraz, zorionik beroenak guztiei".