euskaraespañol

Euskal Herriko Unibertsitatea Arantzazulab-en

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/10

Irudia
Agustin Erkizia, Naiara Goia eta Antonio Casado. Argazkia: Arantzazulab

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak, Arantzazulab-ek, bere inaugurazio ekitaldia egin zuen Arantzazun kokatuta dagoen Gandiaga Topagunean (Oñati). Ekitaldian, besteak beste, Agustin Erkizia Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak parte hartu zuten.

“Arantzazu euskal unibertsitateen arteko elkarlana bultzatzeko toki aparta da, bere baitan barneratzen dituelako funtsezkoak eta oinarrizkoak diren baldintzak; euskara eta euskal kulturarekin lotzen dugun indar sinbolikoa da, pentsamendua irekia eta eraikitzailearen erreferentea da eta, betidanik, gizarteak gizarte gisa dituen erronkei aurre egiteko aparteko begirada argi eta garbia eskaini izan du”, adierazi zuen inaugurazioan Agustin Erkiziak. “Arantzazulab-ek etorkizuneko arazoei buruz hausnartu, ikertu eta ezagutza sortzeko abagune bikaina eskaintzen duenez, Euskal Herriko Unibertsitaterako plazer handia da atzo, gaurko eta biharko egunen arteko zubiak eraikiko dituen lankidetza proiektu zoragarri honetan parte hartzea.”

“Egungo testuinguruak dituen konplexutasunen, ziurgabetasunen edota etengabeko aldaketen aurrean gizartea eraldatu egin behar da, eta gizakia aldaketetara egokitu nahi badugu, gizakia, norbanakoa eraldatzetik abiatu behar dugu”, azaldu zuen Naiara Goiak. Hasieratik Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon eta Deustuko Unibertsitatea Arantzazulab-en eragile gakoak izan dira. Laborategiaren diseinuan elkarlanean parte hartu izana mugarritzat har daitekeen gertaera da, eta egun, Aholku Batzordean ez ezik, Arantzazulab-ek sustaturiko ikerketarako kooperazio espazioan ere eragile aktibo dira.

Espazio horretan UPV/EHUko ekarpenaren koordinazio lana egiteko, Antonio Casado ETICOP taldeko ikerlari nagusiak ere parte hartzen dihardu Arantzazulab-en. Agustin Erkizia eta beste unibertsitateen ordezkariekin batera, bere eginkizuna da Arantzazulab-en ekosisteman garatuko diren gizarte berrikuntzak UPV/EHUn egiten den oinarrizko ikerkuntzarekin lotzea. Bere aburuz, “eraldaketa sakon batean gaude murgilduta: kliman, energian, demografian, digitalizazioan... Harremanak, ikasi eta lan egiteko forma berriak ari dira sortzen. Trantsizio garaietan bizi gara. Trantsizio horien biktima ere izan gaitezke aurre egiteko gaitasunak ez baditugu eskuratzen, dena baitago jokoan: ongizatea, elkarbizitza, etorkizuna bera. Eraldaketa gure esku hartu behar dugu.”